"Puzzlea osatu arte!" jarraitzeko konpromisoa adierazi zuten larunbatean Irunen ere

Antxeta Irratia 2025ko mai. 19a, 11:42

Fermin Vila eta Iratxe Sorzabal gogoan, Sare Herritarrak antolatutako "Puzzlea osatu arte!" ekimena Irungo San Juan plazatik pasa zen larunbatean. «Sufrimendua gehiago luza ez dadin, salbuespen neurriekin amaitu eta soluzioen puzzlea erabat osatu arte» lanean jarraitzeko konpromiso irmoa adierazi dute.  

Sare Herritarrak joan den asteburuan Lesakatik Iruñeara antolatutako "Puzzlea osatu arte!" ekimena Irungo San Juan plazatik igaro zen larunbatean 10:30ean. San Juan plazan elkarretaratzea egin zuten kondena kalea zapaldu gabe bete behar duten 57 euskal preso politikoekin, eta bereziki, Fermin Vila 'Fermo' eta Iratxe Sorzabal irundarrak gogoan hartuta. Izan ere, ekimen nazional honen autokarabanak 28 herri zeharkatu ditu asteburuan, eta herri bakoitzeko presoen izena daraman banderatxia entregatu dute Sare Herritarraren karabanakko kideek. Horren truke, puzzle zati bat entregatu dute herritarrek plaza bakoitzean, «Euskal Herria euskal preso buruhaustea osatzeko urteak daramala sinbolizatu» nahian.

Ekimen sinboliko hau «sufrimendu handia eragin dituen gatazka politiko baterako soluzioen puzzlea» dela nabarmendu dute, eta «soluzioen puzzlea erabat osatu arte» lanean jarraitzeko konpromiso irmoa adierazi dute. «Badakigu zein pieza ditugun, eta taulan denak sartzen ditugunean bukatuko da lana, ez lehenago», argitu dute. Erregimen itxian 57 euskal preso politiko ari dira betetzen kondena, kalera irteteko aukera programatu eta kontrolatuekin.

Oroitarazi dutenez, preso horietariko askok erregimen irekira igarotzeko baldintzak betetzen dituzte, «Fermo eta Iratxe kalean beharko lukete». Hortaz, «sufrimendua gehiago luza ez dadin», ahalik eta azkarren salbuespen neurriekin amaitzea aldarrikatu dute.