Jaizkibel mendia Europako ekologia Natura 2000 sarean garrantzizko toki izendapena du, eta Kontserbazio Bereziko Eremu gisa sailkatua dago. Aranzadi Zientzia Elkarteak azken urteetan egindako azterketen arabera, mendiguneak dituen 2.470 hektareen %71 interes berezikoa da, eta 26 habitat naturalek osatzen dute Jaizkibel, horietatik 12 Europar Batasuneko interesekoak izanik.
Duela 54-45 milioi urte sortutakoa, hareharrizko bere formazio geologikoek batetik, eta barnealdeko padura eremu zein itsas-isurialdeko ekosistemetako fauna eta floraren biodibertsitate aberatsak bestetik, mendizale zein bisitarientzako erreklamu galanta bilakatu da. Kostaldeko Talaia Bidean aniztasun handiko paisaiak eta kultur ondare garrantzitsuak ere erreferentzia dira, Bigarren Karlistadako dorre eta elementuetatik hasi, eta Jaizkibelgo Estazio Megalitikoan topa daitezkeen trikuharri eta mairu-baratzetara, besteak beste.
Turismoaren higadura
Horren ondorioz, azken urteetan kanpaleku eta autokarabanen eremu bilakatu denez, mendi-pista eta baso-bideetan ugaritu diren ibilgailu motordunen erabilera arautu beharra dagoela pentsatzen du Hondarribiko Udalak. Garoa Lekuona, Ingurumeneko zinegotziak azaldu digunez, «hainbeste jende dabil, askok esaten dutela Colon pasealekua ematen duela Jaizkibel, eta paradoreko aparkalekuan ez ezik, mendiko txoko askotan topa daitezke autokarabanak», dio kezkaturik, «bereziki kostalde alderako pista inguruetan, kanpaleku handi bat bilakatu da, eta hondakinak ez ezik, sua egin dutelako arrastoak topatzen ditugu, adibidez».
Arazoari neurri hartu nahian, mendian mugitzeko eskubidea inguruaren babesarekin uztartu beharra dagoela pentsatzen du. Hori dela eta, "Zaindu Dezagun Jaizkibel" lelopean, honi buruzko udal ordenantza idazteko prozesuaren kontsulta publikoan herritarren iritziak jasotzeko epea otsailaren 24an itxi zuten. Eta hasierako onarpena eman zitzaion martxoko udalbatzan, oposizioko EAJ eta PSEren abstentzioarekin bada ere.
Hunkitutako kolektiboekin lanketa
Hainbat bilera egin ditu Lekuonak hunkituak diren kolektiboekin, eta «arautzeak debeku batzuk ekartzen dituen heinean jendea asaldatu egiten bada ere, denek ondo ulertu dute gehiegikerien aurrean kontrol bat beharrezkoa dela mendia babestu nahi badugu», azaldu digu Ingurumen zinegotziak. Joan den otsailean Gornutz eta nekazal-auzoetako bizilagunekin bilera egin zuen Elkartasuna elkartean. Baina ehiztariekin edota ekologistekin ere bildu da haien iritzia jaso nahian.
Behin udalbatzan hasierako onarpena egin zela, ekainaren 3an itxiko dute alegazioak aurkezteko epea, eta hauek lantzen ari dela azaldu digu Garoa Lekuonak, eta kolektibo ezberdinekin harreman zuzenean segitzen duela. «Udal ordenantzak marko bat emango digula, bereziki mendi-pista eta baso-bideetan ibilgailu motordunak kontrolatzeko, baina lurren jabeek, bizilagunek edota bertan baimendutako jarduera egin ohi dutenek ez dutela arazorik izango», argitu du. Alde horretatik, azken urteetan aipatutako kanpaleku motako turismoa ez ezik, arroketaraino autoz joan nahi dutenen ohiturak mugatu nahi dituzte, gaur egun dauden kateak edota seinaleak ez direlako errespetatzen. «Muturreraino iritsi nahi dute, eta seinaleak ere kendu izan dituzte, pasatzea debekatua dagoela ikusi nahi ez duenik badago beti», kexu da zinegotzia.
Dena den, babestu eta kontrolatu beharreko eremua itzela da. Esan bezala, Jaizkibel mendiak 2.470 hektareako eremua dauka, eta Foru Aldundiarentzat lan egiten duten Gipuzkoako 9 basozainetako batek besterik ez du kontrolatzen. «Ideala litzateke Hondarribiko udal basozain bat eduki ahal izatea, baina mementoz daukagunarekin egin beharra dugu aurrera», dio Lekuonak, udal ordenantzak aurrerapauso garrantzitsu bat suposatuko duela sinetsita. Herritar eta kolektiboekin izandako bileratan bizilagun batek esandakoarekin geratzen da zinegotzia: «Jaizkibel mendia babestu nahi badugu, denok eman beharko dugu amore pixka bat».