Joan den abenduan Gobernu Batzordetik pasa eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren 340.000 euroko Adinberri laguntza onartu (aurten 130.000 eurorekin) eta proiektua martxan jarri, dena jarraian joan da Hondarribiko AuzoEKIN programa antolatzen hasi arte. Otsailaren 25ean aurkeztu zuten proiektua jendaurrean udaletxeko areto nagusian, eta 40tik gora lagun hurbildu ziren ekitaldira. Orduz geroztik, Nagusilan, Emeki emakume elkartea, Kasino Zaharra, Amuitz merkatarien elkartea, Mendelu eta Amute-Kosta auzo elkarteekin aritu dira, besteak beste, Zabalduz kooperatibako hiru teknikariak, hausnarketa prozesuan eta herriko diagnostikoa egiten azken hilabeteetan.
Bakarrik bizi diren 60 urtetik gorako 1.073 lagun daude Hondarribian. Bizi itxaropenaren gorakadak eta familia eredu berriek «isolamendua» areagotzen duten garaiotan, auzoz auzo bizilagunak aktibatu nahi ditu udalak. Eta bakardade ez hautatu egoeran dauden adineko pertsonen prebentzioa eta haien ongizatea erakundeek ez ezik, komunitateak ere babestu dezala. Gizarte Kohesiorako zinegotzi Josu Peñak dioenez, «pertsona hauen gizarteratzea ahalik eta egokiena eduki dezaten, eta Gizarte Zerbitzuetara berandu etor ez daitezen da helburua, eta horretarako administrazioak bakarrik ezin du, ez da iristen, eta bizilagunak, okina, arrandegia, merkatariak, liburutegiko eta herriko beste langileen begiak eta haien arreta ezinbestekoak ditugu».
Bakardade arriskuen diagnostikoa
Horiek hala, adinekoen bakardadean esku hartu beharra zegoela sinetsita, Zabalduz kooperatibak Gipuzkoako beste zenbait udalerritan (Oiartzun, Errenteria, Legorreta, Hernani edo Usurbilen) abian jarritako Auzosare programa hartu, eta Hondarribian 'AuzoEKIN' gisa garatzen hasi dira. Teknikariekin eta eragileekin batera, hausnarketa sakon bat egin dute, Hondarribian herritarren %26a 60 urtetik gorakoa da, eta premia handieneko adinekoen beharrak Gizarte Zerbitzuek estaltzen dituztela kontuan hartuta, bakardade egoera arrisku ertainean dauden beste 309 hondarribiar daudela ondorioztatu dute egindako azterketan.
Horretarako, herriko auzo ezberdinetan inkestarako kutxak jarri zituzten, eta guztira 340 pertsonako lagina lortu dute herriaren argazkia egiteko. Horietatik, 313 inkesta eta 27 elkarrizketa. «Datu oso onak dira halako diagnostiko bat egiteko», dio zinegotziak, orain hurrengo urratsa ematera doazela iragarriz, «Hurrengo urratsa esku hartzea eta aktibazio komunitarioa izango da, eta maiatzaren 26tik aurrera teknikariek pertsona hauek deituko dituzte, programa azaldu eta bat egin nahi duten jakiteko». Izan ere, AuzoEKIN programaren Auzo zaintzaile baten behaketa edo laguntza boluntarioki onartu beharko du adineko pertsonak.
Zabalduz kooperatibako kideak aurkeztu dizkigun datuen arabera, Jaitzubia da 60 urtetik gorako zahartze-tasarik handiena duen Hondarribiko auzoa, bizilagunen %32,5. Puntalea (%32), Gornutz (Montaña) (%31,3), Akartegi (%30,5), Portua (%30,3) eta Arkolla (%27,5) auzoak ere, herriaren batez bestekoaren gainetik aurkitzen dira. Eta auzo gazteenak Zimizarga (%12,9) eta Amute-Kosta (%18,3) diren bitartean, Mendelu (%25) eta Alde Zaharra (%20,8) dira besteak.
Era berean, 80 urtetik gorakoen tasa %7,7koa da herrian. Eta aurreko datuen dinamika errepikatzen da. Zimizarga (%2,4) eta Amute-Kosta (%5,4) auzoetan dago bertako bizilagun kopuruen proportzioan tasarik txikiena. Aldiz, Portua auzoa da alde horretatik auzorik zahartuena, portuarren %11,5 laugarren adinekoa baita. Era berean, Arkolla (%11,2) eta Gornutz (%10,8) ere tasa altuak dituzte. Josu Peñak azpimarratu duenez, «esku-hartzerako garaian ere hau kontuan hartu beharra dago». Izan ere, Portua auzoan beren etxeetan bakarrik bizi diren 98 lagun daude gaur egun 80 urtetik gorakoak.
Auzozain Sarea osatzea
Iragarri dutenez, behin auzoz auzo beharrak identifikatuko dituztenean, Auzozain figurak zehazten hasiko dira, edo Auzozain Sarea osatzen. Hiru motakoak izango direla argitu du Laura Luque Zabalduzeko teknikariak: Auzozain Profesionalak (udaltzain, mediku, gizarte-langileak eta abar...), adineko pertsonak berak aukeratuko dezakeen akonpainamendua egingo duen boluntarioa, Auzozain Pertsonala izango dena (dendari, ostalari, bizilaguna eta abar...), eta azkenik, Auzozain Dinamizatzailea; kafe tertuliak, irakurketa taldeak eta bestelako jarduerak antolatzeko prest diren elkarte edo eragileak. Teknikariak azpimarratu duenez, «Auzozain figurak, modu batean ala bestean, maila batean ala bestean, komunitatearen ongizatean inpaktua izango duten pertsona boluntarioak dira».
Ekintza komunitarioa den heinean eragile ezberdinak inplikatu nahi izan dituzte. Horietariko bat da Amuitz merkatarien elkartea. Maria Carrera elkarteko presidentea pozik azaldu da erronkarekin, «dendariak bezeroekin eguneroko harreman zuzena daukagu, eta askotan haien senideek baino hobe dakigu nola dauden pertsona horiek», azaldu digu, «baina askotan ez dakizu nora jo edo nori esan, eta orain bide zuzen bat izango dugu lagundu ahal izateko». Izan ere, auzozainek app baten bidez Gizarte Zerbitzuekin harreman zuzena izango dute, abisua emateko.
Hala ere, mementoz, ez da merkatarien txanda izango. Auzo elkarteekin lankidetzan Gibeleta-Mendelu, Amute-Kosta, Arkolla, Alde Zaharra eta Puntalean hasiko dira identifikatutako adineko pertsonekin harremanetan sartzen, eta ondoko Auzozain Sarea antolatzen. «Bakardade ez hautatu arriskuan dagoen hondarribiarren erdia bizi da auzo hauetan, eta auzobizitza handia duten guneak direlako erabaki dugu hauetan hastea», aitortu digu Josu Peñak. Ondoren, Portua auzo ingurura joko dute, behin sare komunitarioa indartuko dutenean. Eta hor merkatariak eta ostalariak giltzarri izango dira. Zuriñe Villa teknikariak azpimarratu duenez, azken batean «iraganean komertzio txikiek eta hurbileko establezimenduek egiten zuten zaintza zerbitzua berreskuratu nahi da».
Hiru urteko proiektua da honakoa, baina bakardade ez hautatua Hondarribian errealitate esanguratsu bat dela ondorioztatu dute Zabalduz kooperatibako adituek egindako diagnostikoan. Eta «zaintza familiaren ardura dela pentsatzen denez, horrek errealitate hauek isilpean bizitzea eragiten du, estigma sortuz eta gaia tabu bihurtuz», diote.
Ideia honekin apurtu, eta «elkar zaintza bizilagunen artean egin dezakegun ekintza bat dela, eta horren bidez elkarrekin hobeto egongo garela» kontzientzia hartzeko programa dela gogoratu du Josu Peña Gizarte Kohesiorako zinegotziak. «Denok iritsiko gara zainduak izatera, eta ez dakigu memento horretan gure egoera zein izango den. Erronka polita dugu kolektiboki erantzuteko», azpimarratu du.