Recicla Birziklatu elkarteak ‘Colillaton’ ekimena antolatu du bigarrenez Irunen, maiatzaren 31n, SurfRider Fundazioarekin elkarlanean. Maiatzaren 31a Tabakorik Gabeko Munduko Eguna dela probestuko dute, San Juan plazatik abiatuta eta ordubetez ahal bezainbeste zigarrokin auzolanean biltzeko helburua dute. Iaz antolatutako ekimenean kontzientzia pizteko ez ezik, mila zigarrokin baino gehiago biltzeko balio izan zuen. Eta aurten Irungo deialdiarekin batera, Surfrider Fundazioak Hondarribian ere egingo du garbiketa auzolanean.
Surfrider Fundazioak ohartarazi du, zigarrokin bakar batek 500 litro ur kutsatzen duela. Arazoa tamainakoa da, izan ere, urtero 4.500 milioi zigarrokin isurtzen dira naturara mundu osoan, eta horietako askok itsasoan amaitzen dutela diote, haizeak, euriak eta estolderia sareek eraman ondoren.
Horiek hala, Hernani, Tolosa, Bilbo, DonostiaPasaia, Irun eta Getxon egingo dituzte antzeko garbiketa saioak. Hondarribiko ostegunean, maiatzaren 26an, egingo dute, Kai Zaharreko hondartza txikian geratu dira 9:45etan, eta Butroi pasalekutik eta Portua auzoan zehar egingo dute zigarrokinen bilketa. Hondarribikoan izena emateko hemen sakatu behar da.
Laida Rodriguez, Recicla-Birziklatu elkarteko kideak dioenez, jendeak ez daki noraino kutsatzen duten, eta hiriguneetan arazo larria bilakatu dira. «Erabat normalizatuta dugu zigarrokinak lurrera botatzea, baina jendeak ez daki noraino kutsatzen duten, eta non bukatzen duten», salatzen du Laidak. Tamalez, 100 produktu toxiko baino gehiago dituzte zigarrokinek, eta azaldu digunez, euri urek eta haizeak erraz asko bideratzen dituzte erreka, ibai eta itsasora. «Jende askok ez daki, baina biltzen ez direnak, itsasoan amaitzen dute erremediorik gabe, eta plastikoz eginak daude», argitzen du.
Irungo "Colillaton" ekimena, aldiz, maiatzaren 31n egingo dute 10:00etan, Irungo San Juan plazan. Ordubetez ahal diren guztiak bilduko dituzte Irungo hirierdian. Aldez aurretik izena emateko eskatu dute, ekimena ondo antolatu ahal izateko. Beraz, haiekin harremanetan jartzeko recicla.birziklatu@gmail.com helbidera idatzi behar da edo @recicla_birziklatu Instagram kontuaren bidez. Bestela ere, SurfRider Fundazioaren webgune honetan ere izena eman daiteke.