Zigarrokinak auzolanean biltzeko 'Colillaton' ekimena antolatu dute Irunen

Antxeta Irratia 2025ko mai. 21a, 13:57

Recicla Birziklatu elkarteak ‘Colillaton’ ekimena antolatu du bigarrenez, maiatzaren 31n Irunen SurfRider Fundazioarekin elkarlanean. Tabakorik Gabeko Munduko Eguna dela probestuko dute, San Juan plazatik abiatuta eta ordubetez ahal bezainbeste zigarrokin auzolanean biltzeko. Iaz antolatutako ekimenean kontzientzia pizteko ez ezik, mila zigarrokin baino gehiago biltzeko balio izan zuen. 

Irun eta Hondarribiko  kaleetako estoldetan “Itsasoa hemen hasten da. Ez bota ezer” dioten plakak 2021ean ezarri zituen Txingudiko Zerbitzuak oinezko joan-etorri gehien duten kaleetan. Ekimen hau Euskal Herri osora hedatu da “Itsasoa hemen hasten da” kanpaina ezberdinekin. Bidasoaldean, aldiz, Recicla-Birziklatu elkartearen ekimenez abian jarri zuen Txinzer-ek. Hendaian ere, antzeko ekimenak bultzatu ditu elkarteak. Izan ere, «zigarrokinen arazoaz sentsibilizatzea izan da elkartearen helburuetan hastapen-hastapenetik», aitortu digu elkarteko Laida Rodriguezek.

Alde horretatik, elkartekideek zigarrokinen bilketa bat egin zuten duela lauzpabost urte euren kabuz Irungo erdigunean, eta bildutako kopuruarekin harritu egin ziren. Hortik abiatu zuten Irungo eta Hondarribiko agintariekin Txinzer-ek gero aurrera eraman zuen aipatutako ekimena.

Aldiz, ez dirudi estoldetan ezarritako mezuak bereziki eraginkorrak direnik. «Erabat normalizatuta dugu zigarrokinak lurrera botatzea, baina jendeak ez daki noraino kutsatzen duten, eta non bukatzen duten», salatzen du Laidak. Tamalez, 100 produktu toxiko baino gehiago dituzte zigarrokinek, eta azaldu digunez, euri urek eta haizeak erraz asko bideratzen dituzte erreka, ibai eta itsasora. «Jende askok ez daki, baina biltzen ez direnak, itsasoan amaitzen dute erremediorik gabe, eta plastikoz eginak daude», argitzen du.

Horiek hala, bidasotarrak sentsibilizatzeko helburuarekin, zigarrokinak biltzeko deialdia luzatu dute aurten ere, maiatzaren 31n, 10:00etan, Irungo San Juan plazan. Ordubetez ahal diren guztiak bilduko dituzte Irungo hirierdian. Aldez aurretik izena emateko eskatu dute, ekimena ondo antolatu ahal izateko. Beraz, haiekin harremanetan jartzeko recicla.birziklatu@gmail.com helbidera idatzi behar da edo @recicla_birziklatu Instagram kontuaren bidez. Bestela ere, SurfRider Fundazioaren webgune honetan ere izena eman daiteke.