Ekainaren 5a Ingurumenaren Nazioarteko Eguna dela eta, ekainaren 3tik 6ra Ingurumenaren Astea ospatuko dute Hondarribian aurreneko aldiz. Garoa Lekuona Ingurumen saileko zinegotziak nabarmendu duenez, «herrian kontzientzia piztu, hurbileko ingurumenari begirada kontzientea eragin, eta herriko naturaren ezagutza» sustatzeko helburuarekin antolatu dute.
Era berean, energia kontsumoaren inguruan jakintza bultzatuko dute, Gipuzkoako Foru Aldundiak proposatutako ENERGIA ARGITU saioa egitarauan txertatu dute, ekainaren 3an, 18:30ean, Kultur Etxeko 103. aretoan. Etxeko argindar kontsumoa eta tarifa elektriko berrietara nola egokitu ikasteko, eta hortik abiatuz erabaki egokiak hartzeko balio duen tailerra dela argitu du Lekuonak. Ekintza honetarako maiatzaren 30a baino lehen izena eman beharko da energiabulegoa@gipuzkoa.eus edo 628 53 23 03 telefonora deituz.
Herriko naturaren ezagutzan sakontzeko xedez antolatutako gainerako ekimenak, aldiz, adin ezberdinak hunkituko ditu. «Publiko zabalarentzat antolatutako ekitaldiak izango ditugu, haur eta helduentzat» zehaztu du Lekuonak.
Herriko biodibertsitatea balioan jartzea
Alde horretatik, haurrei zuzendutako bi ipuin kontalari programatu dituzte Udal Liburutegian, betiere, natura maitatu, errespetatu eta zaintzeko kontzientzia piztu nahian. Aurrenekoa, ‘Nik maite dut natura’ izenekoa, ekainaren 3an izango da 18:00etan, 3-8 urteko haurrentzat. Eta bigarrena, ‘Lurrari bira egitea ahaztu zitzaionekoa’ titulupean aurkeztuko dute ekainaren 4an, 18:00etan, 3-9 urteko haurrei zuzenduta. Saio hauetan, besteak beste, klima aldaketak eragin ditzakeen ondorioak landuko dituzte haurrei egokituta.
Ipuinetan, mendiak, itsasoak eta animaliak protagonistak izan dira lehen, orain eta beti. Ipuin saio honetan natura omenduko dugu, laino artean amets egin eta itsasoak zeharkatuko ditugu abentura berrien bila.
Ekainaren 5ean, aldiz, Biteriko haurren parkean 'Ipar poloa salbatzera goaz' jolas kooperatiboa proposatuko diete herriko umeei, 17:00etan. Klima aldaketaren ezagutzan sakontzeko helburu duen jolasa dela iragarri dute. Eta ekainaren 6an, aldiz, ilustrazio zientifikoaren munduan murgiltzeko aukera emango duen marrazketa eta ilustrazio naturalista tailerra egingo dute Jaitzubia inguruetan. Bertan topa ditzakegun espezieak teknika eta ariketa ezberdinekin ilustratzen irakatsiko du Raul Dominguez Pazo ilustratzaileak. Argitu dutenez, ez da materialik eraman behar eta ez da aurretik marrazketan aparteko esperientziarik behar. Baina bertan parte hartzeko izena eman beharko da.
Harresi Bizia
Hain justu, Ingurumenaren Astearen programa borobilduko duen “Hondarribiko Harresi Biziak: Biodibertsitatearen gordeleku” liburuaren ilustratzailea izan da Raul Dominguez Pazo. Liburuxka honek Hondarribiko harresietan bizi den fauna eta floraren aberastasuna biltzen du, eta aukeratutako espezieak ilustratzeko prozesuan Raul Dominguez pazo eta Oscar Dominguez Pazok hartu dute parte.
Aldiz, Hondarribiko harresiek gordetzen duten habitat ezezagun horren azterketa Aranzadi Zientzia Elkarteko Anaïs Mitxelena Larrañaga biologoa eta Iñaki Sanz Azkue herpetologoak egin dute. Liburuaren 220 ale argitaratu dituzte paperean, baina pdf formatuan ere egongo da eskuragarri udalaren webgunean.
Alde Zaharra inguratzen duten hormak ez dira harriz eginiko eremu mortu bat, eta urtaroen arabera, edota harresi zati bakoitzaren orientazioaren arabera, bizileku aukera ezberdinak eskaintzen ditu bere zirrikituetan. Ia hiru urteko behaketa lana egin dute eta harresia naturaren bizileku aberats bat dela ondorioztatu dute. Izan ere, harresian eta bere zirrikituen artean bizirauten duten 40tik gora landare eta animalia espezie identifikatu dituzte, eta bakoitzaren fitxarekin osatu dute liburuxka. Ekainaren 5ean, 18:30ean, Udal Areto Nagusian egingo duten liburuxkaren aurkezpenean, hiri-inguruneetan biodibertsitatea aztertu eta babestearen garrantziaz hitz egingo dute bi zientzialariek.