Gobernuz Kanpoko Erakundeetarako laguntza deialdia lehenbailehen martxan jartzeko eskatu du Hondarribiko EAJk

Antxeta Irratia 2025ko mai. 28a, 11:41

Jeltzaleek salatu dutenez, Hondarribiko Udalak GKEek garapen bidean diren herrialdeetan proiektuak garatzeko lankidetzako dirulaguntzarik ez du deitu 2023 urtetik. Herrian aurreneko aldiz ospatu berri den Afrikaren Eguna bezalako «unean uneko ekintza eta irudi samurrez haratago», Afrikak konpromiso instituzional zehatzak betetzea ere eskatzen duela oroitarazi du EAJk. 

Joan den maiatzaren 25ean Afrikaren Eguna ospatu zen Hondarribian aurreneko aldiz. Kulturartekotasunari balioa emanez, Hondarribian eta eskualdean bizi diren Senegalgo eta Mendebaldeko Saharako emakumeak izan ziren bertan protagonista. Izan ere, Mankosenegal izeneko emakume elkarte berri bat aurkezteko erabili zuten ospakizuna. Igor Enparan alkateak berak nabarmendu duenez, Hondarribiko biztanleen %10 atzerriko jatorria du, eta senegaldar komunitateak pisu garrantzitsua du herrian, arrantzale lanetara etorritako bizilagun berrien ondorioz.

Hondarribiko EAJk baikorki baloratu du halako ekimen bat antolatu izana, «bizikidetza eta errekonozimendua islatzen duten irudiak utzi zizkiguna». Udalak halako ekimenak babestea pozgarria dela diote jeltzaleek. Hala ere, «unean uneko ekintza eta irudi samurrez haratago», nazioarteko lankidetzak eta Afrikak konpromiso instituzional zehatzak betetzea ere eskatzen duela oroitarazi diote jeltzaleek udal gobernuari. Diotenez, «Hondarribiko Udalak ez baitu garapenerako lankidetzako dirulaguntzarik deitu 2023 urtetik». Eta gaur egun martxoan aurrekontu-likidazioa onartu ondoren, 2025erako deialdia noiz izapidetuko zain segitzen du EAJk. 

Argitu dutenez, otsailean aho batez onartu egin zen EAJk udal osoko bilkuran aurkeztutako mozioan, aurtengo deialdian 2025eko aurrekontu arrunta eta 2024an gauzatu gabeko zenbatekoa barne hartzen dituen partida ekonomiko bat sartzeko proposamena onartu zuten. Horregatik guztiagatik, 2025eko garapenerako lankidetzako dirulaguntzen deialdia adostutako baliabideekin lehenbailehen martxan jar dezala eskatzen diote udal gobernuari. Jeltzaleen arabera, konpromisoak aurreikustea eta betetzea funtsezkoak dira kalteberatasun-egoeran dauden herrialde eta lurraldeekin lankidetzan diharduten eskualdeko GKEen lana bermatzeko.

Laguntza deialdietan gorabeherak

Hondarribiko Udalak historikoki udal aurrekontuaren %0,7 bideratu izan du Kooperazio eta Lankidetza proiektuetara. 2011 eta 2021 urteen artean 998.548 euro zuzendu zituen GKEen proiektuak laguntzera, eta Euskal Fondoa, Behar Bidasoa, Taupadak, Denon Osasunaren Alde (DOA) edo ABAY Etiopia izan dira laguntza gehien jaso izan dituztenak azken hamarkadan. Eta urte luzetan Elkartasunaren Eguna antolatu izan dute, diruz lagundutako Bidasoaldeko erakunde hauek haien proiektuak gizarteratu eta herritarren artean boluntario berriak erakartzeko ere.   

Haatik, GKEen proiektuak diruztatzeko udalak egin ohi dituen deialdietan gorabehera handiak eman izan dira azken urteetan. EAJk orain salatzen duen deialdi eza, ez da Hondarribian ematen den aurreneko aldiz. 2021eko maiatzaren 26an Bidasoaldeko 18 GKEk sinatutako salaketa plazaratu baitzuten 2019tik deialdia behar zen epe eta formetan egin ez zuelako. Garai hartan, Gotzone Larrarte (EAJ) Kooperazio eta Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak eman zituen azalpenak. Eta arazo administratiboen ondorioz, eta pandemia tartean izan zela eta, 2021ean galdutako bi urteko deialdietara bideratutako partida ekonomikoa bideratuko zutela azpimarratzeaz gain, aurrera begira ohiko aurrekontuaren %0,7ko partida indartzeko asmoa adierazi zuen.