Eguzkipean eta giro onean ospatu zen igandean lehen aldiz Afrika Eguna Hondarribian. Dozenaka lagun bildu ziren aldarrikapenez beteriko jaialdi honetan. Eguneko une nagusia Mankosengal elkarte senegaldarraren aurkezpena izan zen Madalen plazan, emakume afrikarren ahalduntzea eta ikusgarritasuna helburu. Gipuzkoa plazatik ekin zioten kale-ibilbide ospakizun batekin, eta ondoren, Portua auzoan tailerrak, musika eta gastronomia tradizionala izan ziren protagonista. Kulturarteko elkarrizketa eta elkar ezagutza sustatzea izan zen ekimenaren oinarria, eta saharar herriaren askatasuna ere aldarrikatu zuten. Izan ere, emakume sahararrak ere gonbidatuak ziren ekimen honetara.
Hondarribian senegaldar komunitate handia dago aspalditik, arrantza sektorean lan egitera etorritakoak osatzen dute nagusiki. Emakume senegaldarrak batu eta Mankosengal izeneko elkartea sortu dute, ahalduntzea eta elkarbizitza sustatzeko helburuarekin. Elkartearen aurkezpen publikoa egiteko, Afrika Eguna antolatu zuten igandean, eta hamarnaka lagunek parte hartu zuten jaialdian.
Hondarribiko Udala prest agertu da Mankosengal elkartearekin eta komunitate afrikarrarekin elkarlanean aritzeko. Elkarbizitza eta inklusioa sustatzeko urratsak elkarrekin ematea helburu dutela azpimarratu du Igor Enparan Hondarribiko alkateak. Herriko biztanleen %10 atzerriko jatorria duela gogoan hartzen du udalak, eta kultur-aniztasunaren eta elkar ezagutzaren bidetik gizarte kohesioa bilatzeko beharra dagoela ulertzen du alkateak.
Afrikaren Egunean, Hondarribian bizi diren senegaldarren seme alabek ere haien aldarrikapenak egin zituzten. Eta bertaratu ziren emakume sahararrek ere, haien errealitatearen berri eman eta saharako te eta gozoak eskaini zituzten. Jaialdia giro onean igaro zen, eta bertaratutakoek Senegalgo gastronomiaz gozatzeko aukera izan zuten. Egunari amaiera emateko, musika, dantza eta kirol tradizionalen erakustaldiak eskaini zituzten.