Joan den otsailean hasitako Arrantzale Auzoa berrurbanizatzeo lanak aurrera doaz, eta lehen fasean Gran Sol eta Itxaropena tabernen artean dagoen plazatxoa berritu dira. Orain bigarren fasean, Arrantzale Auzoko 1-13 tartean egingo dituzte berritze lanak. Uda partean egitea aurreikusten du udalak. Ostegunean hasiko dira lanean, eta horren ondorioz kalearen azken zatian (arkuetatik aurrera) ezin izango da aparkatu.
Hau amaitutakoan, Arrantzale Auzoko 13. zenbakitik San Pedro kalea berritu zen azken punturainoko zatian esku hartuko dute, eta 2026ko martxorako amaitzea espero da. Udalak argitu duenez, berritze lan hauen helburu nagusia irisgarritasuna eta espazio publikoaren hobetzea da, kaleko argiztapena eta hiri-altzariak berrituz. Alde horretatik, oinezkoentzako espaloiak zabaltzeaz gain, garai bateko urbanismoak kontuan hartzen ez zituen oztopo arkitektonikoak kenduko dituzte San Pedro kalearen irizpide berbera jarraituz. Bestalde, lurpeko azpiegiturak egokitzeko aprobetxatuko dituzte lan hauek, saneamendu eta ur hornidura sareak, baita telefono eta argindar azpiegiturak ere.
Proiektuaren aurrekontu osoa 2.861.454,95 eurokoa da, eta Urbycolan enpresak egingo ditu lanak.
Udal ordezkariek argitu dutenez, proiektu honekin duela urte batzuk hasitako Portua auzoaren berrurbanizatzeari amaiera emango zaio, Almirante Alonso kalean hasi eta Matxin Artzu, Bernat Etxepare, Zuloaga, San Pedro eta Santiago kaleak berriritartu ondoren.