Danontzat Gastrotekak eskuratu du joan den astean Hondarribian ospatu den Erdi Aroko Pintxoen Lehiaketa, eta horrenbestez, Gorka Irisarri sukaldariak aurkeztutako “Delicias del bufón‘’ pintxoak ordezkatuko du Hondarribiko herria, Almazanen (Soria) urrian egingo den Erdi Aroko XVII. Nazioarteko Pintxo eta Tapa Lehiaketan. 2024ko edizioan, Hondarribiko Gran Sol ostatuko Iñigo Tizon sukaldaria izan zen ordezkaria, eta Sarandonga izeneko pintxoarekin 500 euroko lehen saria eskuratu zuen Gran Soleko sukaldeak bertan, hirugarrenez.
Aurtengo herri mailako sari banaketa gaur egin dute udaletxeko areto nagusian. Estitxu Urtizberea zinegotziak aurtengoan parte hartu duten «pintxoen maila altua» nabarmendu du. Epaimahaiaren izenean Gorka Txapartegik eta Leire Etxaidek ere pintxoen kalitatea goraipatu dute. «Erabakia hartzea asko kosta zaigu, eta azken mementora arte hiru lehia bizian aritu dira», argitu dute.
Hala, Gorka Irisarriri 300€ko saria eman eta zoriontzeaz gain, ‘Herritarren Saria’ lortu duen MIKA jatetxeko “Mar de Sabor” pintxoa ere sariztatu dute (200€ko sari ekonomikoarekin).
Alde horretatik, aurten lehiaketak herrian izan duen harrera ona azpimarratu du udal ordezkariak. Izan ere, azken urteetan ostalarien parte hartzea apaldu den bezala, lehian izan diren pintxoen kontsumoa ere apala izan da. Iazko edizioa urtetan izandako parte-hartzerik eskasena izan zuen, eta udalak herriko sukaldariak animatu nahi izan ditu aurten Erdi Aroko Azokaren atarian urtero antolatzen den lehiaketan parte hartzera. Urterik oparoenetan 20 bat izan ziren bitartean, 2023an 12 sukaldarik besterik ez zuten parte hartu. Iaz, zazpi besterik ez ziren lehian sartu, eta aurtengo edizioan zortzi izan dira: Enbata, Gran Sol, Hondar, Batzoki, Tatapas, Danontzat, Mika eta Badia.
Aldiz, jende askok parte hartu du pintxoak dastatu eta bozkatzen. «Partehartzea nabari handitu da, iazko datuekin alderatuta %65 egindu gora», argitu du zinegotziak. Gainera, pintxoak dastatu dituzten bezeroen %60 hondarribiarra izan da, eta horrek, oraindik balio gehiago ematen dio lehiaketari Urtizberearen ustez. Ostatu parte hartzaileei dagokienez, Portukoak eta Alde Zaharrekoak izan dira, eta sektorea "oso bizirik" dagoela erakusten du lehiaketak.