Gonzalo Carrion: «Ehiztari, arrantzale eta baserritarrei Jaizkibelen ibiltzea baimendu behar zaie, beraiek dira gure begiak han, mendiaren benetako zaindariak»

Koldo Nausia 2025ko eka. 6a, 11:25

San Markos parkeko putzuak Hondarribiko Udalak herritarrei galdetu eta entzun gabe suntsitu egin dituen bitartean, Jaizkibelgo mendi-pista eta baso-bideetan ibilgailu motordunekin ibiltzeko udal ordenantza landu den moduarekin kontent agertu da EAJ udal taldea. Aldiz, ekainaren 3an alegazio epea itxi ondoren, mendian jarduerak egiteko lizentzia dutenen eskaerak aintzat har ditzatela eskatu dute jeltzaleek.

Ekainaren 3an amaitu zen Jaizkibelgo mendi-pista eta baso-bideetan ibilgailu motordunen erabilera arautzeko udal ordenantza berriari alegazioak aurkezteko epea. Otsailaz geroztik Ingurumen Sailetik eramandako prozesuarekin kontent azaldu da Gonzalo 'Txalo' Carrion bozeramaile jeltzaleak. Izan ere, Garoa Lekuona zinegotziak haiek aurretik landutako zirriborroan oinarritzeko hitza eman zien, eta kolektibo ekologistekin ez ezik, mendiaren erabiltzaileei galdetuko ziela esan zien, haiek eskatu bezala. Eta bistan denez, emandako hitza bete du EH Bilduko ordezkariak. 

Alde horretatik, lizentzia daukaten arrantzale, ehiztari, abeltzain eta baserritarren alegazioak kontuan har ditzatela eskatu du EAJ udal taldeak. «Beraiek dira gure begiak mendian, beraiek dira Jaizkibelgo zaindariak, eta debekatzen badiegu txokotan ibili ahal izatea, arriskutsua izan daiteke», dio Gonzalo Carrionek. Natura 2000 Sarean babestutako mendia da Jaizkibel, bere azaleraren %71 batean. Eta jeltzalearen ustez, «hondarribiarren altxorra» zaindu beharra dago. Hala ere, mendian dabilen jende gehiena ohiko pista eta bideetatik joan ohi bada ere, naturagune honen turistifikazioa arazo bilakatu dela uste du. 

Garoa Lekuona zinegotziak berak aitortu zuen hemen Antxeta Irratian,  Jaizkibel kanpaleku handi bat bilakatu dela, eta horrek desmasiak eragiten dituela. Alde horretatik, autokarabanen masifikazioari buruz, jeltzaleek hauek Guadalupeko eremu zehatz batetara mugatzea proposatzen dute. «Penaz hartu dugu San Telmo inguruan eta paradoreko aparkalekuan hau ez mugatu izana», dio Carrionek, «karabanistak ez dira delinkuenteak, badakigu! Baina mendian nolabait mugatu beharra dago».

Era berean, autokarabanentzako eremuak ondo zehaztu eta haientzako zerbitzu egokiak bermatu behar direla uste du, hauek aparkatzeko gune arautu bat eta ordenantza espezifiko bat ezinbestekotzat jotzen baitu EAJk. Hain justu, autokarabanen aparkalekua arautzea oposizioan Abotsanitzen eskakizunetako bat zela oroitarazi dute. Eta naiz eta «konplexua» izan, orain gobernuan dagoela ausardia eta konpromiso sendoa eskatu diote jeltzaleek. 

San Markos parkeko "txikizioa"

Herriko gune naturalak ez ezik, azken asteetan herrian eztabaida sortu duen San Markos parkea (Millonetis goitizenez ere ezaguna) hizpide izan du Carrionek Antxeta Irratian. «Kriston pena hartu dut ikustea urmaelak suntsitu egin dituztela», kontatzen du, «txikitan zapaburu eta igelekin ibili ohi nintzen hor, eta izar formako putzu horiek ondare polit bat zen herriarentzat». Zentzu horretan, EAJ gobernuan zenean 2017ko HAPOan ondare izendatzeko proposatu zuela gogoratzen du, eta dioenez, oraingo udal gobernuak ere HAPO berrian horrela mantendu nahi du. Baina halako izendapen ofizialik ez badu ere, Ondarearen Legea ez duela bete leporatu dio gobernu taldeari. 

Puntal ondoko parkean dauden hainbat zuhaitzen balio biologikoagatik bere horretan mantendu ditu udalak, baina joan den maiatzaren 8an hondeamakinak sartu, eta parkearen hainbat elementu suntsitu zituztela salatzen du EAJk, informazio eskatu ondoren, egun berean hori batzorde batean aipatzen ari ziren bitartean. Gonzalo Carrionek dioenez, «ez entzun, ezta galdetu ere ez dute egin,eta lanak hasi ondoren, eta eztabaida eta salaketa publikoa egin eta gero baizik ez die herritarrei informatu udalak proiektuari buruz». Gogoan hartu, horretarako bilera informatibo irekia antolatu zuela udalak maiatzaren 19an, baina dagoeneko berandu zela diote jeltzaleek.