Ekainaren 5ean 'Hondarribiko Harresi Biziak: biodibertsitatearen gordeleku' liburua aurkeztu zuten Anaïs Mitxelena Larrañaga botanikariak eta Iñaki Sanz-Azkue herpetologoak udaletxeko areto nagusian. Hondarribiko Udalak aurreneko aldiz antolatutako Ingurumenaren Astea aitzakia hartuta, ikusmin handia sortu du Aranzadi Zientzia Elkarteko bi aditu hauek herriko harresietan egindako ikerketak. «Egunero hor dugun ondare historikoa da, baina jendeari oharkabean pasatzen zaio ekosistema oso bat bere baitan gordetzen duela», dio Sanz-Azkuek.
Begirada hurbildu eta belarriak zorroztu besterik ez da egin behar deskubritzeko, harresiaren zirrikituetan errotutako horma-belar eta lore koloretsuekin batera, buztangorri, zozo eta sorbeltzen txori-habiak, eta etengabe hegan dabiltzan tximeletak... edota hormaren paisaiaren parte diren barraskilo motelak eta horma-sugandila iheskorrak, saguzarrak edota klima aldaketaren ondorioz ugaritu den geko mota batek ere, Dragoi Txikia izenekoak, hauek guztiek eta gehiagok, Hondarribiko harresiak dituztela bizileku.
Haiekin batera, onddo eta liken mota anitz ere badira, noski. «Harresiaren orientazioaren eta urtaroaren arabera aldatzen doa gainera», azaltzen du Aranzadiko adituak, «eguzki ordu eta hezetasun baldintza zehatzetara egokitutako espezieak aurkitzen ditugu».
Naturaren bost erreinuak horma batean
Alde horretatik, liburuan 40 espezie esanguratsu txertatu dituzte, baina gehiago identifikatu dituztela argitu digu Anaïs Mitxelenak, baita liburuxkan haien behaketa egiteko fitxa bidezko gonbidapena egin ere. Helburu dibulgatzailea baitu argitalpenak. «Txikitan eskolan ikasten genituen naturaren bost erreinuak harresietan topa ditzakegu», dio Aranzadiko botanikari hondarribiarrak, «protista erresuma, monera erresuma, onddo edo funghiena, plantae erresuma eta animaliena, denak daude pareta berean».
Begirada trebatuak dira haienak, eta pandemia garaian pausaz aztertu eta hortaz ohartzeko aukera izan zutenetik ordu asko eman dituzte hareharriz zizelkatutako harresi historikoa behatzen. «Ez dakit asko egongo diren gu bezalako kuriosoak» dio Mitxelenak, baina zientzia egiteko pazientzia beharrezkoa bada ere, Raul eta Oscar Dominguez Pazo ilustratzaile zientifikoek liburuxkan maixuki irudikatu dituzten animalia, landare, intsektu eta onddoen marrazkiak jarraituz egin daiteke Hondarribiko ondare historikoari aparteko bisita. «Alde Zaharra inguratzen duten XVI. eta XVII. mendeko harresiak ondare historikoa dira, baina ez dira harri mortuak», azpimarratzen dute, «baina harresia balioan jartzen duen ezkutuko ondare naturala ere gordetzen du».
Hiriguneko biodibertsitatearen garrantzia
Hiriguneko tolesturetan bizirauten duen biodibertsitateak balioan jarri nahian dabil, Frantzian Belle de Ma Rue behatokia. Espaloi zirrikituetan, hormetan, zuhaitzen babesean ernaltzen diren basa-landare eta sendabelarretan erreparatzeko mugimendu berri hori gogoan du Anaïs Mitxelenak, eta Hondarribiko harresiek bide beretik hausnarketarako eman dezaketela uste du. «Ohikoa dugun ikuspuntu historikotik harago, harresiaren kudeaketa horretan biodibertsitatea ere kontuan hartu daiteke». Izan ere, hainbat hamarkadatan behin harresiak garbitu ohi dituzte Karcher moduko presio-ur edo hondarrarekin, «dena akabatzen du horrek, baina kuriosoa da ikustea gero zein espezie hasten diren lehenago garatzen eta haien garapena», dio botanikariak.
Horregatik, eremu berde artifizialetan eta naturalizatuetan ere, garbi kontzeptua zer den ondo pentsatu beharra dagoela uste du Sanz-Azkuek. «Biodibertsitate urbanoak badu bere garrantzia, eta oreka bat bilatu beharko genuke, badira eremu batzuk gizakiak zanpatu ere egiten ez dituenak, baina estetikagatik soilik garbitzen ditugunak, eta beharbada loreen kolore eta aniztasun hori izan daiteke benetan garbia dena», aldarrikatzen du Aranzadiko ikerlariak.
Hausnarketarako balio dezakeen ikerketa egin dute, eta herritarrei orain arte oharkabean pasatu zaien Hondarribiko ikur diren harresien dimentsio berri bat deskubritzeko atea ireki dute. Horma horiek historia baino askoz ere gehiago gordetzen dutela erakutsi dute. Irakasteko ere baliagarria den liburuxka xume honen mila ale argitaratu ditu Hondarribiko Udalak, eta harlanduzko zirrikituen artean esploratu nahi duten herritar kuriosoez gain, herriko eskoletan ere, seguruenik eskura daukaten ekosistema aztertzeko material pedagogiko gisa erabiliko dute aurrerantzean ere.
OHARRA: Aurki “Hondarribiko Harresi Biziak: biodibertsitatearen gordeleku” liburuaren azterketari buruz, adituekin elkarrizketa eta harresietara bisitaren bideo erreportaia plazaratuko dugu Antxeta Irratian.