2025eko maiatzaren 8an 80 urte bete ziren Munduko Bigarren Gerla Europan bururatu zela, eta Franck Dolosor kazetariak "Gernika Batailoia: askatasunaren ametsa" liburua plazaratu du Pamiela argitaletxearekin. 2015ean euskal brigada honi buruzko dokumentala egin zuen Iban Gonzalez zuzendariarekin. Eta orain kazetari lapurtarrak Gernika Batailoiari buruz sekula agertu ez diren argazkiak, agiriak eta elkarrizketak argitaratu ditu, euskaraz argitaratu duen liburuan.
Dolosorrek dio, Gernika, ez dela bakarrik euskaldunek jasandako bonbardaketa, Picassoren margoa edo izen hori zuen informazio sarea. Munduko Bigarren Gerla hastear zegoela, «naziek Euskadiren askatasunaren sinboloa suntsitu nahi izan zuten, eta entsegu orokor odoltsuan, Bizkaiko herria Europa osoko lehen biktima izan zen». Alde horretatik, askatasunaren alde borrokatzeko prest zen gizon taldea ere bada Gernika Batailoia, liburuaren izenburuak azpimarratzen duen bezala, askatasunaren ametsa. Izan ere, zortzi urte geroago, Reicha erorarazteko, amerikarrek eta errusiarrek Berlin inguratzen zuten bitartean, okupatzaile naziengandik Frantzia osoki askatzen laguntzen agertu zen ordaindik ere Gernika Batailoia.
Kazetari lapurtarrak egindako ikerketa sakona eta plazaratzen dituen dokumentuak hizpide, Sabino Arana Fundazioak eta Hondarribiko Zumardikoak elkarteak antolatuta, solasaldia proposatzen dute gaur, ekainaren 12an, 18:30ean, Alde Zaharreko Obispo Hotelean. "Erramu-koroak, Haritz-hostoak. Gernikako Batailoiaren epopeia" izenburupean, Dolosorrekin batera, Berangoko Burdin Hesiaren Oroimeneko Museoko zuzendari Aitor Miñambres Amezaga ere gonbidatu dute solasaldi honetara.