Hondarribiko Udalak «kultura txikitik handira eta behetik gora saretu» nahian dabil, eta joan den otsailaren 8an herriko artista eta sortzaileekin Kultur Etxean egindako bileraren ondotik, joan den apirilean aspaldiko kultur sormenerako dirulaguntza deialdia eguneratu, eta Hondarribia Sormen Hiria lelopean 6.000 euroko bi beka deialdi luzatu zituen. Kultura teknikari Goyo Uriartek argitu zuen, udalak ez duela ezer konpontzeko helbururik, «hazia erein eta etorkizunean sortuko den kultur emaria sustatu, lagundu eta herriko artisten bidelagun» izan besterik ez.
Haatik, pizgarri ekononomiko berri honek herriko artista eta sortzaileen interesa piztu du, antza denez. Aurreneko edizio honetan sei proposamen jaso baitira, bost emakumeek eginak eta gizon batek egina bestea. Udalak jakitera eman duenez, Julia Lasa Goikoetxeak aurkeztutako "Hutsa-Desierta" izeneko proiektuak, eta Naiara Goikoetxea Guzmanen "470 nm" izenekoak hautatu ditu epaimahaiak. Era berean, Estitxu Ortolaiz, Ane Gomez Landa, Rosa Arocena Miranda eta Oier Gil Mendizabalen proiektuak saritu gabe geratu badira ere, epaimahaiak nabarmendu du guztien kalitate eta interes artistiko handia, eta denek merezi zutela beka, nahiz eta deialdiaren markoak bi irabazle bakarrik hautatzeko aukera ematen zuen.
Idoia Seijo Iruretagoiena, Jonan Basterretxea Irurzun, Gregorio Uriarte Prieto eta Maddi Carton Etxeberriak osatutako epaimahaiak azpimarratu du, diziplina ugari daudela ordezkatuta, argazkigintza, ilustrazioa, ikus-entzunezkoa, poesia, pintura eta ikerketa. «Jasotako proposamenek barru-barrukoari eta kolektiboari buruzko begirada sakona islatzen dute: euskara, paisaia, herritarrak, etnografia. Proposamen guztiek tokiko kulturari balioa emateko asmoa zuten».
Alde horretatik, Julia Lasa Goikoetxea artista bisualaren"Hutsa-Desierta" proiektuak paisaia, memoria eta lurralde-eraldaketa aztertu nahi ditu. Bere proiektua ilustrazio poetiko bat da, Napaldala GKEarekin eta Katmandú-ko 12 emakumerekin lankidetzan egina.
Bestalde, Naiara Goikoetxea Guzmanen "470 nm" izenekoak, argazkia eta argi-artea konbinatzen ditu. Argiaren, lurraldearen eta kultura-pertzepzioaren arteko harremana aztertzen du artista hondarribiarrak, prozesu baten baitan, eta prozesu hori hiru obra handitan, material didaktikoan eta erakusketa batean gauzatuko du.
Udalak iragarri duenez, hautatutako proiektuak datozen hilabeteetan garatuko dira, eta herritar guztiei irekitako erakusketa publiko batean amaituko dira. Horretarako, Madalen karrikan "Hondarribia Kultura" lokal berria egokitu du udalak.
Tradizio artistikoa biziberritu nahian
Hondarribiak tradizio artistiko luze eta bizia duela oroitarazi du udalak. Belaunaldi gazteagoentzat inspirazio iturri izan diren Gaur taldeko kide Remigio Mendiburu, edo Nestor Basterretxearen aztarna sakonaz gain, Joxe Gracenea, euskal irakaskuntzaren eta pentsamendu artistikoaren erreferentea, Jose Etxenagusia, Hondarribian presentzia erlijioso handia duen XIX. mendeko pintorea. Enrique Albizu, izen handiko erretratista eta tokiko arte instituzionalaren ikur, edota gaur egun hirian bizitzen jarraitzen duten hainbat sortzaile ezagun: Javier Sagarzazu pintorea, Iñaki Ruiz de Eguino eskultorea eta pintorea,edo Javier Alkain, Hondarribian bizitzen eta sortzen jarraitzen duen artista garaikidea, besteak beste.
Udalak sormena sustatzeaz gain, herriko artistei espazioak eskaintzeko lanean ari dela nabarmendu du. Izan ere, kaleko horma eta eraikin publikoetan horma-irudiak egiteko ekimenak babestu ditu azken bi urteetan. Itsas Etxean Ainara Oskoz Bergaretxeren "Murgildu" horma-irudia, edota Judas Arrietak auzolanean Muliateko Kandido Saseta plazan bultzatutako "Etorkizuna" izenekoa dira, kaleko hormak kultur adierazpenerako lientzo bilakatzeko adibideetako batzuk.
Alde horretatik, herriko artista eta sortzaileek haien lana jorratu eta plazaratzeko espazio eskasiarekin duten kezka aditzera eman dute azken urteetan. Eta udala Maddalen gune balioanitza eta dinamikoarekin erantzun du. 40 metro koadroko espazio txikia izanagatik ere, tailerren, hitzaldien eta etorkizuneko ekimenak diseinatzeko aukera emango du. Estreinatu eta maiatzetik ekainera bitartean herriko 14 artistek osatutako "Artea eta Euskara" kolektiboaren erakusketa duzute bertan egunotan ikusgai, ekainaren 27a arte.