Jaitzubiko paduran itsas-mareak bere onera itzul daitezen lanak hasi ditu Foru Aldundiak

Antxeta Irratia 2025ko eka. 25a, 12:57

Jaitzubiko padura hegazti migratzaileentzat gune estrategikoa ez ezik, mehatxatutako flora eta faunaren babesleku eta balio ekologiko handieneko hezeguneetako bat da Euskadin. Gipuzkoako Foru Aldundiak 785.000 euroko inbertsioa egin du, Natura 2000 Sareko 2,5 hektareako padura gune honetan lehengoratze lanak egiteko. Zabor garbiketa eta landare inbaditzaileen ezabatzeko lanak egiteaz gain, lezoiak eta egitura artifizialak kenduko dituzte uholdeen aurrean itsas-mareen dinamika naturala berrezartzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundia Txingudiko padurak ekologikoki lehengoratzeko lanak egiten hasi da hilabete honetan, eta Bidasoa ibaiaren estuarioan, Jaitzubiko padura inguruetako 2,5 hektarea berreskuratzeko lanak irailerako amaitu nahi ditu. Gaur egun itsasaldien fluxuaren sarrera naturala mugatzen duten lezoi eta egitura artifizial anitz daude, eta Eider Mendoza diputatu nagusiak azaldu duenez, «mareen dinamika naturala berrezarri nahi da, gatz-padurako ekosistema horien bereizgarri diren uholde eta drainatze prozesuak errazteko». 

Jaitzubiko hezegunera Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuarekin egindako bisitan padura horren balio ekologikoa nabarmendu dute. Izan ere, mehatxatutako flora eta fauna espezieak bizi dira bertan, eta Plaiaundiko hezegunearekin batera, uretako hegaztiak migratzeko gune estrategikoa da. Kontserbazio Bereziko Eremuaren barruan baitago, eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu izendatu da. Eta agintariek aditzera eman dutenez, Hegaztien Zuzentarauaren eta Ramsar bezalako hitzarmenen esparruan nazioartean hartutako konpromisoekin bat etorriz, Txingudin identifikatutako 250 hegazti espezie baino gehiagoren faboretan egiten da proiektua. Hala ere, ez dira hegaztiak soilik onuradunak izango, igarabak duela gutxi berriro kolonizatu baitu eremua, mende erdi baino gehiago eta gero. Eta beraz, padurako eremu hori lehengoratzeak nabarmen lagunduko du horiek guztiak babesten eta kontserbatzen.

Honakoa, hezeguneak lehengoratzeko eta kontserbatzeko estrategiaren barruan kokatutako esku-hartzea dela nabarmendu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, biodibertsitatea babesteko eta klima aldaketara egokitzeko duen konpromisoari erantzunez. Eider Mendozak argitu du, «tenperaturen igoera, itsas-mailaren igoera eta muturreko fenomeno meteorologikoen areagotzea bezalako mehatxuen aurrean, hezeguneak klima aldaketaren aurkako erresilientziaren ikuspegitik giltzarri» direla. 

Hortaz, Gipuzkoako lurraldearen «oreka berdea zaintzeak, ongizate integrala zaintzea» dela sinetsita, Jaitzubian aurreikusten dituzten ekintzen bidez, padura eremu horren oreka berreskuratzen saiatuko dira. Izan ere, proiektu hau etorkizunean eman daitezkeen ur-goraldi eta uholdeei aurre egiteko eta prebenitzeko lagungarria izango da. Ekainean hasi eta irailean amaituko dituzte lanak, eta lur mugimenduak egingo dituztela iragarri du Mendozak. Bereziki, uholde arriskuak areagotzen dituzten egitura artifizialak ezabatuz. «Gaur egun marea-dinamika naturala eteten duten lezoiak kenduko dira, hondakinak garbitzeko lanak egingo dira, eta zonan dauden espezie exotiko inbaditzaileak ezabatuko dira», haien artean, belar-sastrakak eta banbuzko kanaberak bezalakoak. Era berean, hondoratutako itsasontziak, abandonatutako erregai-deposituak, uralita-hondarrak eta beste hainbat zabor jasoko dituzte.

Jarduera hori itsas biodibertsitatea kontserbatzeko funtsekin finantzatzen da, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan, Europar Batasunak-Next Generation EU erakundeak finantzatuta. Inbertsioa 785.471 eurokoa da, eta Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoako Foru Aldundiari transferitu dizkio, erakunde hori arduratzen baita inguru horretan leheneratze-lanak egiteaz.