Agintaldi erdia beteta, «bizikidetzan atzerapauso mingarriak eman dituen hiri degradatuago bat» ikusten du EAJk

Koldo Nausia 2025ko eka. 26a, 10:11

Abotsanitzek gobernuan garatu dituen proiektu asko EAJk «ondo egindako lanaren herentzia» direla nabarmendu dute jeltzaleek. Agintaldi erdia bete den honetan, promesak ez bete izana eta espazio publikoaren «hondatzea» leporatu diote gobernuari, honek «agindutako politika egiteko moduak eslogan hutsetan» geratu direlako. Ezker abertzaleak «erabakiak elkarrizketarik gabe» hartzearen ondorioz, bi urteotan «bizikidetzan atzerapauso mingarriak» eman direla sentitzen du oposizioko talde nagusiak.

 

Ekainaren 17an bi urte bete ziren Abotsanitzek Hondarribiko alkatetza eskuratu zuela. EH Bildurekin akordioa ondoren iritsi bazen ere, bi urte hauetan gobernu talde berriak aurrera eramandako proiektu eta ekintza asko EAJk aurretik «ondo egindako lanaren herentzia» direla nabarmendu dute jeltzaleek. Eta horrenbestez, Abotsanitzek iragarri zuen parte hartzeko, elkarrizketarako eta eraldaketarako promesak diskurtsoan geratu direla uste dute jeltzaleek. Joan den urtarrilean EAJ taldeko bozeramaileak, Gonzalo Carrionek, Antxeta Irratian egindako adierazpenen hari beretik, agintaldi honetan gauzatu diren obra eta proiektuei dagokienez, adibideak jarri ditu orain ere EAJk; San Nikolas zubia, Santiago kalea, Arrantzale auzoaren urbanizazioa edo Muliateko Gizarte Zerbitzuen gune berria, besteak beste, EAJk landutako edo bideratutako proiektuak izan direla aldarrikatuz. 

Bestalde, Hondarribiko Udaleko langileak egonkortzeko prozesua ere, duela urte batzuk hasitako plantillak finkatzeko lanketak ahalbidetu duela nabarmendu dute, eta beraz, Abotsanitzek «aldez aurretik egindako lana aintzat hartu gabe, lorpen horiek bereak egiten dituela» leporatu dio EAJk.

Udal gobernu berriak hutsetik prozesu bat hasi duen proiektuetan, aldiz, «ikusi dugu nola jokatzen duen gobernu honek», kexu dira jeltzaleak, San Markos parkea adibidetzat jarriaz, «egin behar ez denaren adibidea izan da, lehenik suntsitu, gero informatzeko». Era berean, bete gabeko promesa ugari daudela azpimarratu dute: «kiroldegiak kudeaketa zuzenik gabe jarraitzen du, kafetegia eta jatetxea itxita. Bidegorriak ez du metro bat ere aurrera egiten, aparkalekuak arazo izaten jarraitzen du, eta lorezaintzan, garbiketan edo etxez etxeko laguntzan lehiaketak egiten jarraitu dute, lehen bezala». 

Hortaz gain, bi urte hauetan EAJk herriko espazio publikoaren degradazio bat sumatu du kudeaketa ereduaren aldaketaren ondorioz. «Gobernu honen agindu berrien arabera, garbiketa-brigadek astean behin baino ez dituzte kentzen pankartak, kartelak edo pintaketak, eta udalaren jarrera permisiboa dela eta, oro har hiri zikinagoa dugu, abandonatuagoa», kexu dira. 

Oposizioaren parte-hartze eskasa

Alde horretatik, «pankartatik bulegora» egindako urrats horretan, «gobernatzea kritikatzea bezain erraza ez dela» agerian geratu delakoan dago Hondarribiko EAJ. «Agindutako politika egiteko moduak eslogan hutsetan» geratu direla diote jeltzaleek, gobernu taldeak parte-hartzea bultzatu duenik ukatuz. Hirigintza Antolamendu Plan Orokorra (HAPO) edo Terrazen Udal Ordenantza berria bezalako funtsezko prozesuetan, oposizioari informazioa berandu entregatu zaiola eta lan egiteko espazio errealik ez dela sortu salatzen du EAJk. Jeltzaleen arabera, «gehiengo osotik haragoko adostasunak entzun edo eraiki gabe gobernatzen ari dira, eta lehen, udalean erabakiak adostasunez hartzeko gai ginen bitartean, orain ezker abertzalearen gehiengo osoz onartzen dira gauzak». 

Abotsanitzen diskurtsoetatik haratago «autokonplazentzia praktika» eta «beren kontakizun propioa sortzea» leporatzen die EAJk. Eta «ezberdin pentsatzen dutenekin ezer adosten ez duen gobernua» dela. Jeltzaleen arabera, udal gobernu berriak elkarrizketarako eta akordioak bilatzeko borondate eskasa du, eta hamarkada bat baino gehiagoz «foro aktiboa» izan den Bizikidetza Batzordea desegin izana jarri dute horren irudiko.

Salatzen dutenez, ezker abertzaleko gobernuak «erabakiak elkarrizketarik eta adostasunik gabe» hartzearen ondorioz, bi urteotan «bizikidetzan atzerapauso mingarriak eman dira». Eta Alardeari buruz lortutako «bizikidetza eta errespetu egoerari dagokienez, gatazka erabat suspertu» izana leporatu dio EAJk gobernuari. «Iaz hartutako erabakiek urteetan pazientziaz eraiki ziren zubi guztiak hautsi dituzte. Lehen loturak zeuden tokian, orain liskarra besterik ez da geratzen», gaineratu dute.