Justizia soziala egiten jarraitzeko, Harrotasunaren Eguna ospatuko dute gaur Arma Plazan

Antxeta Irratia 2025ko eka. 27a, 10:27

Alderdi guztiek adostutako Adierazpen Instituzionalarekin batera, Hondarribiko Udalak LGTBIQ+ Egunera bertaratzeko gonbidapena luzatu die herritarrei. Gaur ospatuko dute Arma Plazan (20:00etan), eta Ainhoa Etxaide Amorrortu izango da aurtengo pregoilaria. Fenomena Kultur Elkarteak 2019an bultzatuta abiatu zen Harrotasunaren Eguna ospatzeko ekimena errotu egin da herrian, eta aurten udalak lekukoa hartuta, kolektiboaren ikusgarritasuna lortzeko lanean aritu diren herriko seme-alaba ugari omendu dituzte azken urteetan ekainaren 28aren bueltan.

Bihar, ekainaren 28an, Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen dela eta, Hondarribiko Udalak egun horri begira plazaratu duen adierazpen instituzionala sinatu dute udalbatzan ordezkatuak dauden indar politiko guztiek (Abotsanitzek, EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk). Bizikidetza konpromisoa berretsi eta eskubide eta askatasunaren aitortzan lortutako aurrerapenak nabarmendu dituzte, baina berdintasuna lortzeko egiteke dagoen lana ahaztu gabe.

Aldi berean, injustiziaren aurrean «ahotsa altxatzea eta gizarte bidezkoagoa, inklusiboagoa eta aniztasuna errespetatzen duena eraikitzen laguntzea» funtsezkoa dela adierazi dute, eta bat egin dute denentzat bizigarria izango den Hondarribia eraikitzeko lan egingo dutela esatean.

Herriko seme-alabak omenduz

Hondarribiko Udalak antolatuta gaur ospatuko dute LGTBIQ+ Egunera bertaratzeko gonbidapena luzatu diete hondarribiarrei, eta etorkizunean martxan jarriko dituzten LGTBIQ+ politika publikoetan parte hartzera eta horiek babestera gonbidatu dituzte. Gaurko ekitaldia 19:00ean hasiko da, Arma Plazan. Ortzadarraren bandera zintzilikatuko dute, eta Jawata Anti DJren musikarekin borobilduko dute ekitaldia, pregoiaren ondotik. Aurten Emeki elkarteak Udaleko Berdintasun Mahaiari egindako proposamena dela eta, Ainhoa Etxaide Amorrortuk emango du pregoia. 

Azken hamarkadan ekitaldi hau Fenomena Kultur Elkarteak antolatu badu ere, 2019an hasi zen, udalak hartu du orain lekukoa. Baina urtero herrian kolektiboaren ikur izan den pertsonaren bati pregoilari izatea proposatu duten bezala, aurtengoan ere omenaldi xume bat egin nahi dute. LGTBI kolektiboari aitortza egiteko eta herrian aniztasu sexualari buruzko hausnarketarako jardunaldia izatea nahi du. Kolektibo honek hamarkada luzeetan herri txikietan hain justu, identitate sexualaren nolabaiteko «diaspora» sufritu izan dutela kontuan hartuta.

Azken urteetan, aldiz, herriko zenbait seme-alaba omendu dituzte Hondarribian, ekainaren 28an ez ezik, herriko jaietan ere, irailaren 7an Hiriko Urrezko Intsignia jartzeko ekitaldia probestu baitzuen udal gobernu berriak 2023an Carol Atxukarro Gonzalezen ibilbide profesionala eta kolektiboaren alde egindako ibilbidea nabarmentzeko. Baina azken urteetan anitz izan dira haien lekukotasuna eman duten hondarribiarrak Harrotasunaren Egunaren harira. Juan Jose Cortes Amunarriz zinegile hondarribiarra izan zen pregoilaria 2019an, 2022an Monica Zamora irundarra eta Josune Lasa hondarribiarrak gonbidatu zituzten, eta 2023an, aldiz, Itxaropena tabernako Axi Estebanez omendu zuten ere. Aurten lesbianen kolektiboaren ordezkari gisa pregoia botako du Ainhoa Etxaide Amorrortu hondarribiarrak.

Gaur egun Basauriko Emakumeen Etxean lan egiten du, Mari Enean jabekuntza eskolan, baina LAB sindikatuko idazkari nagusia izatera iritsi zen lehen emakumea izanik,  emakumeei bidea zabaldu zien goi karguetara iristea posible zela erakutsiz.

Erlazionatuak