Hondarribiko haur eta gazteek aste honetan hasi dute udalak antolatutako udaleku irekietan gozatzen. Lehen txandak martxan den bitartean, Hondarribiko Udaleko Gazteria arlotik hilabeteotan egindako antolaketa lan teknikoa nabarmendu nahi izan du, aurreko urteetan ez bezala, izena eman duten haur guztien parte hartzea bermatu ahal izateko. Udal ordezkarek «pozik» adierazi dute, «hilabete askotako prestaketa lanari esker, inor kanpoan utzi gabe» antolatu ahal izan dela.
Guztira, 294 izen-emate jaso dituzte aurten Uda Jolasen, 69 Udabenturako lehen txandan, eta 92 bigarren txandan. Argitu dutenez, azkenean Udajolas programan, 5 eta 11 urteko 263 haurrek egin dute behin betiko izen-ematea. Uztailaren 1etik 30era ekintzaz beteriko hilabetea izango dute, eta aurten gainera, Izan Arrantzale Hondarribian jarduera estreinatuko dute Hondarribiko Kofradiarekin elkarlanean.
Joan den gabonetan antolatu zuten honako ekimena aurreneko aldiz, eta balorazio baikorra egin zutenez, Aste Santuetako oporretan errepikatu zuten 8-13 urteko gazteekin. Done Pedro Itsasgizonen Kofradiak ere parte hartzen du, artisau-arrantzaren sektorearen belaunaldien arteko erreleboa lantzeko helburuarekin. Lupe Queiruga, Gazteria arloko zinegotziak aditzera eman duenez, «garrantzitsua da itsasoarekin harremana mantentzea eta herriak duen izaeraren transmisio hori egitea, belaunaldi berriek jakin dezaten arrantzak izan duen eta oraindik ere herrian duen pisua, zergatik den herria den bezalakoa».
Udabentura programan, aldiz, 12 eta 14 urteko gazteek hartuko dute parte. Bi txanda izango dira: lehenengo txanda uztailaren 2tik 15era izango da 62 gazterekin; eta bigarrena, uztailaren 16tik 30era, 79 gazterekin.
Kontratu berria
Udalak iragarri du hurrengo urtera begira esleipen publiko berria aterako duela Hondarribiko udalekuak antolatzeko. Aurten martxoan izen-emate epea ireki zutenean, Lupe Queirugak azpimarratu zuen «haur bat ere plazarik gabe geratu ez dadin» ahaleginduko zirela, eta lortu dute. Baina azken urteetan plaza kopuruekin eman izan diren arazoen ondoren, kontratu berrian hobekuntzak egiteko beharra ikusten du Gazteriako zinegotziak. «Badakigu aurreko urteetan Hondarribiko zenbait haur programetatik kanpo geratu zirela, eta iaz indarrean zegoen kontratua zabaldu genuen Uda Jolas programan eskaera guztiak sartu ahal izateko», gogoratu du zinegotziak. Izan ere, hasierako kontratuan plaza kopurua 220 haurrentzakoa bazen ere, 246 eskaera jaso zituen udalak, eta azkenik denek parte hartu ahal izan zuten. Haatik, Uda Abentura programaren kasuan, 100 plazatik 120ra zabaldu zuten eskaintza.
Uda Jolas eta Udabentura udako programaren zerbitzua 2023an esleitu zen, eta 3 urterako epea duen kontratu baten bidez enpresa batek eskaintzen du. Hala ere, udalak kontratu horren baldintzetan zehazten denari jarraiki, «benetako premiak hasieran aurreikusitakoak baino handiagoak izanez gero, kontratua aldatzea eskatu ahal izan du, kontratuaren prezioaren %20ra arte gehienez». Hortaz, aurten sisteman aldaketak egin dituzte. Baina heldu den urteko esleipen berrian kontratua zabaltzeko asmoa dute.