Kamiseta oroigarrietan islatu dituzte herriko artistek turismoaren argi-itzalak

Koldo Nausia 2025ko uzt. 7a, 10:18

Abuztuaren 29 arte bisita daiteke herriko 14 sortzailek antolatu duten Eraman Zurekin Hondarribiko Artea erakusketa. Diziplina anitzeko artistek kamiseta txuri bat euskarri hartu dute, eta «herriaren identitatea, kezkak eta turismoak eragindako kontraesanak» agerian uzten dituen erakusketa kolektiboa osatu dute. Maddalena Arte Garaikiderako Guneak udaberrian ateak zabaldu zituenetik, «sormenaren hazitxoa ereiteko eta artisten arteko sinergiak bilatzeko topagune» bilakatu da.

Hondarribiko herria kulturari eta sormen artistikoari bidea ireki nahian dabil. Udalak baliabideak eta espazio berriak sortu, eta «sekuentzia bat» jarraituko zuela iragarri zuen Ortzi Alonso Kultura eta Herri Nortasunerako zinegotziak iaz. Eta herriko sortzaileekin hainbat bilera egin ondotik, azken hilabeteetan iragarritakoa betetzen doa. Herriko zenbait horma artisten margolanetarako bideratzeaz gain, “Hondarribia Sormen Hiria” izeneko 6.000 euroko bi beka sortu dituzte aurten. Era berean, ikus-entzunezkoei zuzendutako Polborina, eta arte garaikiderako Maddalen kulturgune berriak martxan jarri dituzte udaberrian. 

Bidea ibiliaz egiten da. Eta Hondarribiko Udalak «artistekin elkarlanean behetik gora, eta kultura txikitik handira saretu» nahi du. Portua auzoko Maddalena Arte Garaikiderako Gunea da horren irudiko. Artisten tailer eta erakusketa areto gisa sortu duten 40 metro koadroko espazio berria da, eraikin historiko batean kokatua. Eta txikia izanagatik ere, herriko artistek aitortzen dute Hondarribian «orain arte ez zegoen» sortzaileen elkarlanerako topagune bilakatu dela.

Izan ere, ateak zabaldu dituenetik, artearen hazia ereiteko pentze berri bat izan da herrian. Judas Arrieta dabil gunea eta artisten erakusketak koordinatzen, eta herriko sortzaileentzat baldintzak sortzen ari direla dio. «Hondarribian boladak egon dira, batzuetan alde, beste batzuetan kontra, orain memento goxoan gaude, olatu gainean gaude eta proiektuak egiteko aukera sortu da», azaldu digu Maddalen guneko hirugarren erakusketaren aurkezpenean. «Orain badugu labea, badugu lekua lan egiteko, baina mantendu behar da labe hori bizirik, artistekin elkarlanean sortu dugu gune hau, eta orain pixkanaka joango gara ikusten gehiago behar den», argitu du Arrietak. 

Kulturaren hazia ereiten

Alde horretatik, Maddalena Arte Garaikiderako Gunea «hazitxo bat» dela dio, baina urte hasieran 30 artista bildu zituen aurreneko bilera deialdiaz geroztik, urrats kualitatiboak eman dituztela uste du. «Gure helburua zen topagune bat sortzea, artisten arteko sinergiak sortzeko», nabarmentzen du, arte sormenari bultzada emateko aukera dagoela sinetsita, «duela 30 urte Hondarribia galeriaz beteta zegoen, eta orain bizpahiru besterik ez daude, orduan, espazio berri honekin espero dugu dinamika bat sortzea». 

Udaberrian zabaldu zituen ateak Maddalen Arte Garaikiderako Guneak, eta aste honetan udalak sustatutako hirugarren erakusketa kolektiboa aurkeztu berri dute. Aurrenekoa gunearen aurkezpen gisa pentsatu zuten bitartean, bigarrena Euskaraldiarekin bat eginez "Artea eta Euskara" izenekoan, aldiz, herriko 14 sortzaileri udalak jarritako baldintza bakarra obraren azalpen eta oinarria euskaraz izan zedin izan zen. «Gogoeta hori bultzatu nahi dugu ere, ohituak gaude gure obrak bisitariei edo herritik kanpora saldu behar izatera, baina herri identitatea ere landu beharra dugu», aldarrikatzen du Judas Arrietak.

Turismoaren kontraesanak soinean jantzita

Orain, abuztuaren 29a arte “Eraman Zurekin Hondarribiko Artea” lelopean, diziplina ezberdinetako herriko beste 14 artista eta sortzailek parte hartzen dute. Eta herriko bisitariei buruz, edota Hondarribiko turismoaz hausnartzeko erronka onartu dute. Arrietak aipatu digunez, «gonbidapen bat izan da, euskarri berean diziplina oso ezberdinetako artistak integratzeko, eta Hondarribian gertatzen denari buruz hausnartzeko».

Horrela, margolari, diseinatzaile, eskulturgile, zeramikagile eta abar luze batetara ohituak dauden Aiert Alonso, Aida Jorda, Andoni Gallego, Maider Goikoetxea, Kikis Alamo, Naiara Goikoetxea, Eneko Sagarzazu, Aitzol Goikoetxea, Julen Goikoetxea, Saioa Ayala, Ainhoa Taberna Otaño, Naikari Diaz eta Beñat Amunarriz herriaren identitatea, kezkak eta turismoak eragindako kontraesanak agerian uzten dituen erakusketa antolatu dute, kamiseta txuri beretsua euskarri hartuta. «Uda bete-betean gaudela, herria bisitariz betetzen da, eta ohikoa izaten da souvenir edo oroigarri bat eramatea», dio Arrietak, «horrekin jokatu nahi izan dugu, turismoaz izpiritu kritiko batetik». 

Artistak pozik azaldu dira jasotako proposamenarekin, eta besteak beste, turismoa liztor asiatikoen inbasioarekin parekatzen edo iradokitzen duen habi batekin, Hondarribiko bisitarien eta eskualdeko mugak gurutzatzen dituzten migratzaileen arteko bi errealitateen kontraesana, edota hondarribiartasuna eta herri identitatearen bueltan gogoeta anitz proposatu dituzte. Kamisetak ikusgai daude abuztuaren 29 arte, ostiraletan 18:00etatik 20:00etara, eta asteburuetan 12:00/14:00 eta 18:00/20:00 arteko ordutegian. Eta oroigarri gisa enkarguz eros daitezkeela jakinarazi dute koloreadirun@gmail.com posta elektronikora idatziz edota hemen sakatuz

Gunea herritar orori irekia dagoela gogoratu nahi du Hondarribiko Udalak. «Herriko artistentzako espazio berria da, baina artea gizarteratu nahi dugu, eta zergatik ez? 30 artista beharrean 17.000 nahiko genituzke», dio Judasek. Alde horretatik, iragarri dutenez, udan zehar haur eta familiekin kamiseta-diseinu eta arte tailerrak antolatu nahi dituzte Maddalen gunean eta auzoan, herriko seme-alaben artea bertara erakarriz, eta artea herriko kaleetara eramanez.