Turista talde antolatuak 28 lagunetara mugatzeko arau berria aplikatzen hasiko dira Hondarribian

Antxeta Irratia 2025ko uzt. 17a, 11:07

Gaurko Udal Osoko Bilkuran onartu dute behin betiko, joan den 2024ko ekainean onartutako mozioa. Urtebeteko prozedura administratiboaren urrats guztiak egin eta herritarren alegazioak aintzat hartuta, bereziki Alde Zaharra eta Portua auzoetan turismoaren «masifikazioak» eragiten dituen «bizikidetza arazoak» arinduko dituelakoan dago Hondarribiko Udala. Uda garaian bisitak gaueko 22:00ak arte luzatuko dira, eta gehienez ere 28 laguneko taldeak baimenduko dira. 

Urtebeteko prozesu administratiboa egin ondoren, eta joan den 2024ko ekainaren 27ko udalbatzan Abotsanitzek aurkeztu eta EH Bildurekin batera onartutako mozioaren arabera onartu zenari jarraituz, turismoaren «masifikazioak» eragiten dituen «bizikidetza arazoak» mugatzeko udal ordenantza behin betiko onartu du Udal Osoko Bilkurak ostegun honetan. Horrenbestez, Udal Ordenantza aplikatu eta, hemendik aurrera, Hondarribiko Udalak 28 lagunetara mugatuko ditu turista talde antolatuak.

Prozesu honetan, martxoaren 19tik apirilaren 8a arte kontsulta publikoa egiteko aukera eman zuen udalak. Eta behin herritarren ekarpenak jaso ondoren, udalbatzara eraman dute behin betiko onarpena. Orain Gipuzkoako Boletin Ofizialean argitaratu beharko dute 15 eguneko epean, eta prozedurak agintzen duen epea bete beain pronto aplikatu ahal izango du udalak. Estitxu Urtizberea zinegotziak udalbatzan esan duenez, «helegiteen epean lau alegazio jaso dira eta gehiena estimatu da. Hala, turista taldeak 28koak izango dira, eta uda garaian bisitak gaueko 22:00ak arte luzatuko dira, besteak beste».

Masifikazio turistikoa

Alde horretatik, udal gobernua turista talde antolatuen «masifikazioak» herritar eta bisitarien arteko «bizikidetzan» eragiten duela ohartuta, turista taldeak 28 lagunetara mugatzeko beharra defendatu du. Horrenbestez, bisita gidatuetan parte hartzen duten turistek Alde Zaharra eta Portua auzoetan herritarren egunerokoa sobera oztopa ez dezaten, erregulatu beharra ikusten zuen udal gobernuak.

Urtero 170.000 bisitari inguru jasotzen dituen herria izanik, Hondarribia herri turistikoa denik ezin ukatu daiteke. Eta udal gobernuak araua aldatzeko argudiatu duenez, «garai bateko agintariek bilatutako hiri-ereduak gainezka egin du herrian, hondarribiarren eta turisten arteko bizikidetzan eragiteraino». Azken urteetan Alde Zaharra eta Portua auzoetan 40tik gorako talde turistiko antolatuak bildu ohi izan dira, eta «masa turistiko horren ondorioz» kaleetatik ezin pasa eta norbere etxeko atarira ezin sartu ibili diren hondarribiarren kexuak jaso ditu udalak. Gaineratu dutenez, masifikazio hori udaletxera ere iritsi da. Bisitariak udaletxe barrenera eta udal areto nagusiraino sartu izan baitira, «bere etxeetan egongo balira bezala, eta inongo begirunerik gabe».