alardea

Irailaren 8an “maitasun eta elkartasun gune bat” sortuko du Guztion Alardeak Gernikako Arbolan

Aimar Lopez 2025ko uzt. 30a, 09:30

“Jaiak elkarrekin” kanpaina aurkeztuko dute gaur arratsaldean, gaurtik urte bukaera arte luzatuko diren hainbat ekimenekin. Iaz alarde baztertzaileko buruek Gernikako Arbolan batzea galarazi zuten, baina aurten konpainia guztietan dabiltzan gizonek Jaizkibel agurtzeko espazioa sortuko du Guztion Alardeak.

2019an lehen aldiz agertu zirenetik hainbat ekimen publiko egin ditu Guztion Alardeak; ez baina gaur aurkeztuko dituztenen hein eta segur aski eragina duenik. “Elkartasuna” ardatz, lau ekimen ildo abiatuko dituzte. Gaurko ekitaldia Nerea Sarriegi eta Endika Etxaide EITBko kazetariek aurkeztuko dute, eta bertan, besteak beste, bideo bat proiektatuko dute: hainbat emakume agertuko dira, alardeko konpainia askotako uniformeak soinean -zehaztu dutenez, “Jaizkibel barne”. Bideo horiek sare sozialetan ere hedatuko dituzte, heldu diren asteetan.

Mikel Arruabarrena eta Eneko Gonzalez Guztion Alardeko kideek eman dituzte ekitaldiari eta “Jaiak elkarrekin” kanpainari buruzko xehetasunak gaur Antxeta Irratiko Goizeko Kafean, eta azaldu dutenez, 2024ko udazken-negu sasoian Hondarribiko Udalak alardearen inguruko bizipen eta sentimenduez egindako inkesta izan dute oinarri. Hala, deigarria eta larria egin zaie inkestatuen gehienek sentimendu positiboen gainetik “nekea, pena eta lotsa” bizitzea. Argitu dutenez, Guztion Alardeko kideengan ere halako sentipenak dira nagusitzen, eta herrian alardearen gaian ematen ari den aldaketaren irudi da hori. Haatik, bizipen negatibo horien gibelean, “elkartasuna eta maitasuna” ere badira, eta kanpaina berriarekin haiek azaleratzea eta bestak elkarrekin bizitzea nahi lukete.

“Jaizkibelek eta HAOSEk bezala, baimena eskatu dugu Gernikako Arbolan egoteko”

Iaz, aurrenekoz, Gernikako Arbolan Jaizkibel konpainiaren desfilea igaro zain egon ohi diren alardeko gizonei Jaizkibel txalotzera hurbiltzeko deia egin zuen Guztion Alardeak. Azken momentuan eta ustekabean baina, alardeko agintariek konpainiak ohiko lekutik aldendu eta Hondarribian zehar barreiatu zituzten, momentu hori saihesteko. Gogor kritikatu zuen Guztion Alardeak hura, legea eta tradizioa haustea baitzekarren, haien arabera.

Aurten, halakorik saiheste aldera eta elkartasun erakustaldia aurretiaz antolatuz, Hondarribiko Udalean Gernikako Arbolan espazio fisiko bat izateko baimena eskatu dutela aurreratu dute Guztion Alardeko kideek. Azken xehetasunak prestatzen ari badira ere, alardeko konpainietan desfilatzen duten gizonekin lanketan ari dira, “pribilegiatuak” diren heinean, “elkartasun eta maitasun gune” horretara hurbil daitezen. Aitortu dute goiz dela zenbat jende bilduko den jakiteko, baina iaz alardeko agintarien azken momentuko mugimenduak eragin zuen frustrazioa oraindik nabari dela erran dute Gonzalez eta Arruabarrenak.

Emakumeen sinadurak, alarde publiko eta parekidea egia izan dadin

“Udala badabil pausoak ematen, baina batzuetan bulkada baten beharra” dagoela dio Eneko Gonzalezek. Hala, Guztion Alardeak aurreko udal gobernuarekin hasi eta utzi zuen ekimen bati berriz ere helduko dio aurten: emakume hondarribitarren izenpedurak bilduko dituzte, haien gertukoen duten konpainia zein den zehaztuz, izan alardeko konpainia historikoak, edo izan Jaizkibel. Horren bidez, “udalari herriak zer nahi duen esan” nahi diote, baina baita “udalak herriaren babesa” izan dezala, erabakiak hartzeko. Erabakiak, hots, alarde publiko eta parekidearen aldekoak.

Gaur arratseko 19:30ean eginen dute “Jaiak elkarrekin” dinamika aurkezteko ekitaldia, Kultur Etxean. Abuztuaren 8an berriz, alarde egunetik hilabete eskasera, mural bat marraztuko dute “auzolanean” Hondarribiko hiru artista gazte emakumerekin, Kasino zaharrean.