Hondarribiak azken urteetan baino bisitari gutxiago jaso zituen uztailean

Antxeta Irratia 2025ko abu. 20a, 09:56

Herriko hotelen okupazio-tasa %85ekoa izan da uztailean, iazko udako batez bestekoa %96koa izan zen bitartean. Aldiz, eguneko bisitarien kopurua emendatu egin dela adierazten dute Arma Plaza eta Portua auzoko turismo bulegoetatik informazio eske pasa diren bisitarien kopurua %25 egin baitu gora. 

Eguraldiak ez du lagundu, eta karabela portugesaren ondorioz emandako hondartzetako bainu debekuak, zein beste hainbat aldagai egon daitezke bisitari kopuruaren apaltzea azaltzeko. Baina datuek baieztatu dutenez, Hondarribian okerrera egin du aurtengo uztailean turismoaren sektoreak. Bisitariak herriko kaleetan nonahi topa daitezkeen arren, hotelen okupazio-tasa %85ekoa izan da uztailean. Azken urteetako apalena. Iazko uztailean eta abuztuan %96ko okupazioa eman zen bitartean, 2023an %94koa izan baitzen. 

Era berean, Bidasoa Bizirik garapen agentziak plazaratu berri dituen zifrak kontuan hartuta, kopuruetan ez ezik, tendentzia aldaketa eman da bisitarien jatorrian ere. Izan ere, azken urteetan atzerritarren kopuruak gora egin izan duen bitartean, joan den uztailean Espainiako estatu mailako bisitarien profilak 9 puntu egin du gora, ororen %63,29a arte, nazioarteko turistak %36,71 izan diren bitartean. Herriko hoteletan egindako inkesten arabera, beherakada batez ere uztailaren lehen hamabostaldian eman zen. Eta uztailaren 25etik aurrera igoera nabarmena izan denez, abuztuko datuekin uda osoko bilana baikorragoa egin ahal izatea espero dute. 

Turismo bulegoetako datuak

Alde horretatik, herrian ostatu hartzen duten bisitariez haratago, turismo bulegoetara informazio eske hurbiltzen diren bisitarien datuak ere, udako kanpaina neurtzeko baliagarriak dira. 2024an 10.134 kontsulta jaso zituzten uztaila eta abuztuan, 5.544 Arma Plazakoan, eta 4.590 Portuan kokatutakoan.

Aurten, aldiz, uztailean 3.860 lagunek Arma Plazako bulegoa bisitatu duten bitartean, beste 1.793k Portua auzokoa erabili dute. Hala, uztaileko hilabeteari dagokionez, %25eko igoera izan du iazko datuekin alderatuta. Eta beraz, herria ezagutzera hurbildu diren eguneko bisitarien gorakada bat eman dela adierazi dezake horrek.

Eskariari dagokionez, bulegoetara gerturatzen direnen %57k plano edo liburuxka bat nahi dute, interesguneak ezagutu edo hirian zer bisitatu jakiteko informazioa. Bestalde, %14k enogastronomiari buruzko informazioa eskatu dute, eta ia %7k kulturari, tradizioei eta ekitaldiei buruzko xehetasunak.