Asilo-eskatzaile asko ari dira iristen Lesbosera, eta dagoeneko milaka pertsona ari dira bizitzen plastikozko karpa eta bloke artean. Egoera ez da berria. Sei hilabeterako sortu zuten Zaporeak ekimena, bat-bateko behar humanitario bati erantzunez. Baina 2014tik Lesbos uhartean (Grezia) Moria kanpalekuan trabatuak dauden errefuxiatuei duintasuna, itxaropena eta janaria eramaten jarraitzen dute Euskal Herriko boluntarioek egunero.
Miren Legorburu hondarribiarra Zaporeak-eko boluntarioa da, eta azaldu digunez, han antolatutako sukaldea hornitzeko logistika eta egin beharrekoa ahalegina itzela da. 2024an 825.297 errefuxiatuk jan ahal izan zuten Europako kanpo-muga hartako kanpalekuetan sukalde honetan kozinatutako errazioei esker. «Egunero 2.000 otordu baino gehiago prestatzen ditugu, hilabetero 60.000 inguru, aurrekontu eta lanaren aldetik ahalegina izugarri handia da», azaldu digu Legorburuk, Hondarribian abuztuaren 22an eta 23an antolatu duten janari bilketa kanpainaren deialdia egitearekin batera. Muliateko BMn eta Damarriko EROSKI supermerkatuetan, batez ere makarroiak, olioa eta hegaluze kontserbak bilduko dituzte, baina «bakoitzak ahal duen heinean emandako laguntza guztia ongi etorria izango da».
Zaporeak GKEak Bidasoaldean halako bi bilketa deialdi egiten ditu urtero. Joan den ekainean ere Irunen sanmartzialen atarian egindako bilketan 5.286 kilo janari jaso zituzten. Baina beharrak handiak direnez, oraingoan hondarribiarren elkartasunari dei egin diete, bertako jai nagusien aurretik ere. Legorburuk nabarmendu duenez, «premia geroz eta handiagoa denez, etengabe lanean eta eskean gabiltza».
Isilarazitako drama humanitarioa
Alde horretatik, Lesbosen egoera latza dela gogoratu du. «Udak ez du batere errazten, gaur egun plastikozko dendatan daude zementuaren gainean, eguzkitan eta ez daukate itzal bat ere, eta sukaldatzeko modurik ez dutenez ezinbestekoa zaie gure laguntza», dio Zaporeak-eko kideak. Bere herritik ihes egitera behartuak dagoen jendea dela azpimarratzen du, eta 2014 urtetik luzatu den egoera «tragedia humanitario» bilakatu dela. «Badira behin eta berriz deportatuak izan direnak, eta han prozedura administratiboen ondorioz kateatuak daudenak», argitzen du Legorburuk.
Aldiz, Europakop kanpo-muga hartan azken hamarkada luzean gertatzen ari dena agintariek isilarazi egiten dutela salatu du. Gaur egun Ukraina eta Palestinako drama humanitarioek oihartzun handia duten bitartean, munduan 80 gerra aktibo daudela gogoratu beharra dago, eta horrek milaka lagun Europara ihesean dakartza etengabe. «Baina eskuin muturrak agintzen duen Europako mugako herri askotan, eta azken hamar urteetan Europan ezarri dituzten migrazio politika zorrotzek tragedia humanitario bat eragiten ari dira», dio Zaporeak-eko boluntarioak.
Kasu honetan, Grezian, Europako kanpo-muga hartan gertatzen ari dena oharkabean pasatzen ari dela uste du, eta 2014 urtean Siriako gerrarekin abiatuta, urteen poderioz «gizarteak normalizatu baino, agintariek isilarazi» egin dutela uste du. Aldiz, beharra dagoen bitartean, Zaporeak GKEak Lesboseko sukaldean sua prest izango dute errefuxiatuak laguntzeko, eta hau hornitzeko Euskal Herrian janari bilketak antolatzen jarraituko du.