Jubilatuentzako egokitutako "Gora Bihotzak" DJ saioa antolatu dute Kasino Zaharrean

Koldo Nausia 2025ko abu. 22a, 13:02

Jawata Antidj-ren laguntzarekin, jubilatuei egokitutako DJ saio bat antolatu dute Kasino Zaharreko tabernan larunbatean (abuztuak 23) 18:00etatik 20:00etara. Musika, erritmoa eta dantzak adinik ez dutenez, urrira bitartean hilero halako saio bat antolatzeko asmoa adierazi dute, eta herriko gazteei ere dei egin diete, belaunaldien arteko topaketa interesgarria izan daitekeelako. Maiatzeko aurreneko saioan 93 lagun elkartu zituzten.

Joan den otsailaren 5ean berrireki zituen ateak Hondarribiko Kasino Zaharreko taberna-kafetegiak. 2020ko pandemiaz geroztik itxita egon eta gero, Maria Amada Sagarzazuk kudeatzen du, eta herri osoari irekita dagoenez, zahartze aktiboa eta belaunaldien arteko harremanak saretzeko elkargune bilakatu da hilabeteotan.

Larunbata honetan, hain justu, helburu horretan sakontzeko “Gora Bihotzak” ekimena ospatuko dute bertan. Jawata Antidj-ren laguntzarekin, jubilatuei egokitutako DJ saio bat antolatu dute, haiek ere, gozatzeko eta dantzatzeko. DJak berak kontatu digunez, joan den maiatzean egin zuten aurreneko saiakera, eta 90 lagun baino gehiago jarri zituzten dantzan. Musikak, erritmoak eta dantzak ez duelako adin mugarik, Kasino Zaharreko jubilatuentzako, eta herriko jubilatuek bultzatutako DJ saioa da honakoa. Ekimenaren sustatzaileek diotenez, jubilatuek beraiek prestatzen baitute kartela, eta maiatzean dantzaldirako jantziak ere aukeratu zituzten. 

Maiatzekoan bezala, biharkoan ere Zoriontasun Zimurrak sortu nahi dituzte, musika eta dantzaren bitartez herriko adinekoen artean. Hitzordua Kasino Zaharreko tabernan emana dute arratsaldeko 18:00etan, eta Hondarribiko gazteak ere gonbidatuak dira bertaratzeko. Iragarri dutenez, urria bitartean, hilean behin halako saio bat antolatzeko asmoa dute.