Erasoek ez dute kabidarik izango Hondarribiko jaietan

Antxeta Irratia 2025ko ira. 1a, 13:47

Mugikortasun urritua duten pertsonentzako guneak jendaurreko ekitaldietan, irailaren 3tik 10era Puntu Moreak San Pedro kalean Itsas Etxean, eta alkohola, drogak eta telefono mugikorraren gehiegizko erabilera prebenitzeko Ondo pasa baina ez pasa kanpaina antolatu du Hondarribiko Udalak, aukera berdintasunean eta era osasuntsuan jaietaz gozatzeko.

Herritar guztiek aukera berdintasunean gozatuko dituzten jaiak gauzatzea da Hondarribiko Udalaren asmoa, eta horretarako adin eta gustu guztietarako egitaraua prestatzeaz gain, Osasun eta Berdintasun Sailetatik neurriak hartu dituzte. Joan den astean aipatu genuen bezala, jendaurreko ekitaldi garrantzitsuenetan mugikortasun urritua duten pertsonentzako guneak egokituko dituzte aurten ere. Kantineren aurkezpena Gipuzkoa plazan, udal ordezkarien Aurreskua Arma Plazan, Bentako kontzertuak eta irailaren 8an Alardea jarraitzeko zenbait eremu erreserbatuko dituzte. Erabiltzaileek lekua eskatu beharko dute Hondarribiko Udalaren webgunearen bitartez.

Bestalde, Hondarribian erasoek kabidarik izango ez dutela adierazi du Lupe Queiruga Osasun zinegotziak, eta dei egin die herritarrei indarkeria matxisten zein bestelako indarkeria moten aurrean jarrera aktiboa izatera. Azken bi urteetan egin bezala jaiak iraun bitartean bi puntu more ezarriko dituzte, indarkeriaren aurkako informazioa zabaldu eta arreta eskaintzeko. Irailaren 3an, 4an, 5ean, 6an, 8an, 9an eta 10ean San Pedro kalean ezarriko dute puntua, 20:00etatik 23:00etara. Aldi berean, irailaren 6an, 8an, 9an eta 10ean gaueko 23:00etatik goizeko 08:00ak arte ezarriko dute bigarren puntu morea. Kasu honetan, Itsas Etxean kokatuko da.

Era berean, Udal Prebentzio Komunitario zerbitzuak Ondo pasa baina ez pasa kanpaina aktibatu du, eta gazte zein herritar guztiei zuzenduta. Aurten batez ere, norberaren jarreraren arduran, mugikorraren erabileran, drogen kontsumoan eta bestearekiko errezpetuan ezarri dute fokua. Kanpaina kalean, tabernetan, txosnagunean eta sareetan ikusi ahal izango da.