Hondarribiko Udalak Europako Mugikortasun Asterako, irailaren 16tik 22ra, egitarau oparoa antolatu du herriko kolektibo ezberdinekin elkarlanean. Estitxu Urtizberea Mugikortasun arloko zinegotziak aitortu duenez, «erronka handia dugu herrian, bizikletaren erabilera sustatzen, baina aurten bereziki eskolarako bide seguruak jarri nahi ditugu lehen lerroan». Izan ere, azken urteetan udalak "Muxu eta Agur" plaza bereziak eta eskola-inguruetako plataformak egokitu dituen arren, oraindik ere jendeak ez ditu behar bezala errespetatzen.
Egoitz Alcaraz, Egiluze ikastetxeko DBHko zuzendariak argitu du, eskola Sabino Arana kalearen bazterrean dagoela, eta beti izan dela inguru arriskutsua. «Plataforma berriarekin badirudi trafikoaren abiadura pixka bat mantsotu egin dela, baina lehenagotik ere semaforo bat zegoenean istripuak gertatu izan dira», dio Alcarazek, hortaz «jendea kontzientzia har dezan ikasleak inplikatu nahi izan ditugu ekimenetan, eta hau Hondarribiko sarrera eta irteera errepideaz gain, eskola sarrera bat dela ikusarazi».
Horretarako, irailaren 19an Egiluzeko Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleek “Egiluze ekinean: errespetatu gure eskolarako sarrera!” ekimena burutuko dute udaltzainen laguntzarekin. Iragarri dutenez, «isun sinbolikoak» jarriko dituzte eskolaren kanpoaldean, eta banderola bidez arreta deituko diete azkarregi pasatzen diren gidariei. Era berean, irailaren 22an, Kotxerik Gabeko Nazioarteko Egunean, Egiluze ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 6. mailako eta DBHko 1. mailako ikasleek aldarrikapen-ekintza egingo dute, ikastetxe sarrerako plataforman autoek egiten duten erabilerari buruz sentsibilizatzeko. Plataforma margotuko dute iaz egindako diseinu eta mezu batekin, eskola-ingurune seguruaren sinbolo bilaka dadin.
Elkarteen eta herritarren parte-hartze aktiboa
Aurreko urteetan bezala, herriko kolektiboekin batera antolatutako astea proposatu du Hondarribiko Udalak. «Ez da Mugikortasun Astea soilik, gure kaleak eta gure osasuna dago jokoan, guztion artean Hondarribia hobeago eta seguruago bat eraikitzen jarraitu nahi dugu», aldarrikatu du Urtizbereak.
Horretarako, bizikletaren erabilera suspertzeko lanetan dihardun Balazta elkarteak, “Bizikletaz adinik ez” ekimena eskainiko die Uliazpi, San Gabriel eta Caser Betherram adineko zentroetako egoiliarrei, irailaren 16an eta 17an. Dena dela, urte osoan zehar elkarteko boluntarioek eskaintzen duten Nagusikleta ekimenari lotuta dago honakoa. Gaur egun lau triziklo eta 12 laguneko boluntario-taldeari esker, urtero 300 bat adineko pertsonei Irunen zein Hondarribian txoko ezberdinetara paseoak eskaintzen dizkiete. Kote Gebara, Balaztako kideak dioenez, «adineko egoitzetatik asko eskatzen diguten zerbitzua da, ondo baloratua delako, baina pedalei eragiteko boluntarioen kopurura mugatuak gaude».
Bestalde, irailaren 20an 18:00etatik 20:00etara, Balaztak bizikletak aztertzeko tailerra eskainiko du San Pedro kalean. Gebarak dioenez, «bizikletaren diagnostikoa egin, eta konpontzen lagunduko dugu, baina helburua da norbere txirrinda konpontzen ikastea, eta autonomia lortzea». Eta behin hondarribiar orok bere bizikleta prest izango duela, irailaren 21ean, Balaztak antolatutako Bizikleta Martxa egingo dute. Iaz bezala, Hondarribiko Udalak Mendelu kalean trafikoa eteteko baimena eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari. «Ekimen hau errepide hori udalaren jabetza edo eskumenekoa beharko lukeela izan aldarrikatzeko balio dezala nahi dugu», argitu du Estitxu Urtizbereak.
Nolanahi ere, «pertsonak erdigunean» jarri eta «familientzako eguna» izateko antolatutako jarduerak ospatuko dituzte bertan. Balazta elkarteko kideak aurreratu duenez, Gernikako Arbolatik abiatuko dira 11:00etan, eta Irunen egingo den beste martxa Zubimuxu biribilgunean agurtu ondoren, "Festa Kalean!" ekitaldia ospatzeko Mendelu kaleko Alkain parera joango dira. Musika, puzgarriak, aurpegi-margoketa, haurrentzako tailerrak, bizikleta-zirkuitua eta paella herrikoia egongo dira.
Emeki elkarteak ere bere hondar alea jarriko du. Iragarri dutenez, irailaren 20an, mugikortasunari dagozkion «puntu beltzak identifikatzeko ibilaldi kritikoa» proposatuko diete herriko emakumeei. Topaketa hau, Puntalean hasiko da 11:00etan eta 13:00a arte herrian dauden leku atsegin eta irisgarriak nabarmendu, eta hobetzeko daudenak ikusaraziko dituzte.
Hondarribiko Udalak bere partetik, aipaturiko ekimenak koordinatzeaz gain, irailaren 18an (18:30ean) "Begiradak ibiltariak" izeneko mahai-ingurua antolatu du Kultur Etxean. Mugikortasun gaietan zenbait aditu eta udal teknikariek parte hartuko dute. Eztabaida irekia izango da, eta aurretik “Sobre ruedas: el sueño del automóvil” dokumentalaren zati bat proiektatuko da.