Jaietan "argi-ilunen" gainetik bizikidetzan pausoak eman direla uste du Hondarribiko Udalak

Koldo Nausia 2025ko ira. 16a, 16:41

Jaietan herritarren gehiengoak izandako portaera "eredugarritzat" jo du, baina Alardean Jaizkibel konpainiak udal-dekretua bete duen bitartean, HAOSEk irailaren 8an Herrizaingo Sailean eskatu zituen manifestazio-baimenak deitoratu ditu udalak. Bestalde, txosnagunean gertaturiko liskarrak, eta jaietan emandako bi indarkeria matxista kasuak irmoki gaitzetsi ditu Hondarribiko Udalak.

Hondarribiko Udalak "parte-hartze zabala eta giro ona" eta "kaleetan bizikidetzaren alde emandako pausuak" nabarmendu ditu plazaratu berri duen jaietako balorazio ohar batean. "Argi-ilunak" egon direla aitortu badu ere, udalak abuztuaren amaieratik irailaren erdialdera arte, Hondarribiko kale eta plazetan herriko 30 eragileekin lankidetzan antolatutako 100 ekitaldi baino gehiagorekin bizi izan den "jai-giro anitz eta inklusiboan" jarri du azpimarra.

Indarkeria kasuak eta liskarrak

Era berean, Bentako txosnaguneak milaka lagun bildu ditu kontzertuetan. Eta bertan bizikidetzaren kontrako jarrerak eman direla salatu du udalak. "Txosnagunean gertatu diren liskar eta mehatxuak irmoki gaitzesten ditugu, Hondarribiko kaleak eta plazak guztionak dira, partekatzeko eta errespetuz gozatzeko", gaineratu dute oharrean.

Alde horretatik, 2023tik egin duten bezala, indarkeria matxisten aurkako borrokan, aurten ere puntu moreak indartu dituzte, eta Itsas Etxean jai egun jendetsuenetan biktimak artatzeko gunea izan dute gau osoan zehar martxan aurreneko aldiz. Prebentzio neurri guztiak hartuta ere, zoritxarrez, bi indarkeria matxista kasu eman dira jaietan, eta Udalak irmoki salatu ditu. "Hondarribiko jaietan ez dago eta ez da egongo lekurik indarkeria matxistarentzat, eraso mota hau ez da inolaz ere onargarria gure hirian", azpimarratu dute. Eta aurrera begira, biktimei laguntza eskaintzeko Hondarribiko Udalak bere esku dagoen guztia egingo duela gogoratu du. Era berean, herritarrei dei egin nahi izan die "errespetua lehenetsi eta erasoen aurrean ez isiltzeko".

Bestalde, Udaltzaingoaren presentzia handitu dute aurtengo jaietan, eta altzari publikoetan kalte ugari edota Txinzer-eko garbitzaileen kontrako jarrera oldarkorrak eman badira ere, lapurreta kopurua nabarmen apaldu dela dio udalak. Baina jarrera desegokiak eman diren heinean udaletik argi utzi nahi dute "jokabide horiek guztiz onartezinak direla, eta herritar guztien kalterako direla, besteak beste, komun publikoak hondatzeak milaka pertsona zerbitzurik gabe utzi dituelako".

Argi-ilunak Alardean ere

Irailaren 8an Igor Enparan alkateak lehen balorazio baikorra egin zuen, aurreko egunetan udal-ebazpenaren harira sortutako tentsio sozialaren ondotik, herriak "liskarrik gabe gainditu" zuelako Alarde eguna. Jaien balorazio sakonago honetan, aldiz, udalak elkarbizitza eta oinarrizko eskubideak errespetatzeko ahalegina egin duela azpimarratu dute. Eta zentzu horretan "hartutako erabakiek aurrerapausoak ekarri" dituztelakoan dago udala. Izan ere, "azken bi urteotan, 1996tik 2023ra bitartean baino aldaketa gehiago eman dira".

Horren irudiko, irailaren 7an, lehen aldiz, Jaizkibel konpainiaren ordezkaritza bat izan da Salbean eta ondorengo Udalbatzak herritarrei eskainitako Agurrean. Eta ekitaldi horretan "herritarren gehiengoak izandako portaera eredugarritzat" jotzen du udal gobernuak, "errespetuzko jarrerak gailendu baitziren oso gutxiengo baten aurrean".

Irailaren 8an, bestalde, Jaizkibel konpainiak alkate-dekretuak zehaztutako baldintzetan desfilatu zuen Alardean. Eta Hondarribiko Udalak izandako jokabidea "aitortu eta eskertu" egin dio konpainia parekideari, alkatearen erabakiarekin ados egon gabe, konpainiako kapitaina Nora Ferreirak hilaren 8an adierazi zuen legez, "demokrazian alkatea herriko ordezkari gorena den heinean", bere erabakia onartu eta bete egin duelako.

Alde horretatik, Hondarribiko Udalaren beraren zilegitasuna ezbaian jarri dela gogoratu du udalak bere oharrean. Izan ere, irailaren 8ko goizaldean Gernikako Arbolan formatu aurretik herriko lau gunetan biltzeko, HAOSEko konpainien buruzagiek Herrizaingo Sailean eskatu zituzten manifestazio-baimenak ez ditu udalak begirunez hartu. "Alardean parte hartzeko manifestazio beharrik ez dago, hori duela bi urte amaitu zen", argitu du.

Dena den, Hondarribian elkarbizitza errespetatzeko eta oinarrizko eskubideak betetzeko zereginean irmo jarraituko duela hitzeman du: "Udalak ez du amore emango". Diotenez, urte osoan zehar lanean aritu dira elkarrizketarako guneak sortu eta adostasuna lortzen saiatuz. "Ez da posible izan, baina udalak lanean jarraitzen du eta elkarrizketa-bide berriak irekitzeko lanean hasi gara, eskuzabaltasunean eta elkarrizketan oinarrituta", iragarri du. 

Zeregin horretan herritarrak "giltza" izango direlakoan sinetsita dago udala, eta herritarren urtea izendatu duten honetan, eta aurrerantzean ere "norberak bere aletxoa jar dezan" beharrezkoa ikusten du.