2010eko maiatzetik, Damarri plazan asteazkenero biltzen diren Hondarribiko baserritar eta ekoizleen azoka erdigunean jarrita, Bertako Produktuaren Astea ospatuko dute irailaren 29tik urriaren 5era. 2013 urtetik San Pedro kalean larunbatero ospatzen den azoka batu zitzaion gero, bertako baserritarrek ekoitzitako sasoiko produktuak merkaturatzeko aukera. Baina herritarren gutiziak kalitatezko tokiko produktuekin asetzeko helburuaz haratago, herriko lehen sektorean dabiltzan ekoizleen lana balioan jartzeko beharra zegoela pentsatu zuen Hondarribiko Udalak. Hartara, 2017az geroztik Bertako Produktuaren Astea ospatzen dute.
Hasiera batean udaberrian antolatzen hasi ziren, baina uzta garaiak kontuan hartuta, eta «ekimenaren filosofiarekin zintzoagoak izateko» uda amaitu berritan antolatzea erabaki zuten 2023an. Dena dela, azoka bat baino gehiago, Hondarribiko nekazaritza eta arrantzaren tradizioa, edota azken urteetan erreferentziazkoa bilakatu den gastronomiak lehen sektorean bilatzen dituen erroak nabarmentzeko ere balio du. Hala, bertako produktua eta ekoizleak balorean jartzeko helburuarekin, irailaren 29tik urriaren 5era, 15 tailer, bisita eta tailer proposatuko dituzte, norberak hobe egiten dakiena hondarribiarrei erakutsi eta irakasteko. Hemen aurkituko duzu programazio osoa.
Estitxu Urtizberea alkateordeak azaldu duenez, «herritarrek elikadura osasungarriago eta kontzienteagoa garatzeko aukera izan dezaten, eta bertako produktua eta ekoizleen lana ezagutzeko aukera eskaintzea» da astebeteko programa honen helburua. Izan ere, tokiko ekonomia eta gastronomia indartzeaz gain, herrian bertan egiten den lana ezagutzeak naturarekiko errespetua sustatzen lagundu dezakeela uste du udal ordezkariak.
Horretarako, eta asteari abiada emateko, Botika Agroaldera bisita familiarra antolatu dute irailaren 29an. Nekazaritzari lotutako beste zenbait tailer izango dira, baina Amona Margaritako Martin Beramendiren eskutik, okinen lana ezagutzeko tailerra, euskal gazta ekoizpena edota arrantza-kontserbei buruzkoa ere proposatuko dituzte. Eta urriaren 1ean, adibidez, Bidasoako Erlezainen Elkarteko Juan Mari Arabolaza eta Jesus Isidro Miqueleizen eskutik, erleen mundua ezagutzeko jarduera bat antolatu dute eztia nola ekoizten den eta erleek egiten duten polinizazio lana ezagutzeko. Abeltzaintzarako tarterik ere bada. Ion Areitiok kudeatzen duen Mugarrieta ganadutegira bisita proposatzen baitute irailaren 30ean, 17:30ean.
Esan gabe doa, asteak baratzetik mahaira jotzeko aukera ere emango duela. Elikaeskolak proposatuta, modu osasungarrian, kontzientean eta dibertigarrian elikatzen ikasteko tailerra antolatu baitu gazteei zuzenduta, irailaren 30 (19:00etan). Eta herriko sukaldariek ere parte hartuko dute, ohikoa duten aurrez aurreko sukaldaritza saio edo showcooking zein tailer ezberdinekin; Gorka Irisarri (Gastroteka Danontzat), Adur Arrieta (Tatapas), Jordi Comillas (Sebastian jatetxea) edota Iosu Carrion (Rafael taberna) sukaldariek parte hartuko dute hauetan.