Udako E30 zerbitzua amaituta, Hondarribia-Donostia E21 autobusa aireportuan gelditzen hasi da berriz

Antxeta Irratia 2025eko urriaren 1a

Gaurdanik E21 (Hondarribia-Donostia) lineak aireportuan geldialdia egingo du berriz. Hain justu, hau saihesteko eta aireportuko bidaiariei zerbitzu zuzena emateko udan martxan izandako E30 lineak bere zerbitzua amaitu zuen atzo. Eta Gipuzkoako Foru Aldundiak aireportua eta Donostiako erdigunea lotzen dituen linea %73 hazi bada ere, mementoz, udako zerbitzua izaten jarraituko du.

 

Gipuzkoako Foru Aldundiak ekainaren 20tik irailaren 30era aurreikusia zuen Lurraldebuseko E30 linearen zerbitzua. Eta atzo bukatu zen, bigarren urtez, udan martxan izan duten aireportuko bidaiariak Donostiako erdigunearekin lotzeko aparteko zerbitzua. Irailaren erditsuan Azahara Dominguez diputatuak aurreratu zuen «linea gelditzeko iritsi dela». Izan ere, 2023 urtean E21 (Hondarribia-Donostia) linea ez oztopatzeko, Hondarribiko Udalaren eskaera beharrezkoa zela egiaztatu dute zerbitzua martxan jarri eta bigarren urtean. Udalak egindako eskaerari erantzunez martxan jarri zuten 2024ko udan proba pilotu gisa, eta bigarren udan erabiltzaile kopurua %73 hazi da.

Berez, ekainaren 20tik irailaren 7ra bitarteko datuak baizik ez dituzte orain arte jakinarazi. Baina zerbitzua amaitzeko hiru aste eskasera, 10.315 bidaiari erregistratuak zituzten E30 linean, 2024ko udan osoko 5.939 erabiltzaileekin alderatuz. Foru diputatuak emandako zifren arabera, bidaien %58 (5.980 guztira) Donostiarako noranzkoan egin dira uda honetan, eta gainerako 4.335 bidaiak Gipuzkoako hiriburutik irten dira aireportura bidean. «Albiste bikaina da uda honetan bigarren aldiz funtzionatu duen linea honek hazten jarraitzea, martxan jartzea oso beharrezkoa zela erakusten baitu», nabarmendu du Dominguezek. Izan ere, E30 lineak aireportuari zerbitzu zuzena eskaintzeaz gain, aireportua erabiltzen ez duten herritarrei ere hobekuntza ekarri die. Bereziki E21 linea uda garaian gainezkatzen zelako. 

Alde horretatik, zerbitzua hobetze aldera, Lurraldebusek Oarsoaldean eta Bidasoan martxan jarriko duen emakida berrian, zerbitzu hori maletentzako lekua duten autobusekin antolatzea aurreikusten dela jakinarazi du diputatuak, erabiltzaileen erosotasuna hobetuz.

Dena den, mementoz, zerbitzua udako sasoira mugatu dute. Eta beraz, E21 linea urriaren 1 honetatik aurrera aireportuan geldialdia egiten hasi da berriz.