Hondarribiko Udalak joan den ikasturtean martxan jarritako Doluan Laguntzeko Zerbitzuak «oso harrera ona» izan duela nabarmendu dute. Martxoaren 26an hartu zituen lehen herritarrak Kasino Zaharrean, eta Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) doluari buruzko laguntza psikologikoa eskaintzen duen udalerri bakarrenetarikoa denez, ikasturte honetan ere emango duten zerbitzuari buruz informatu, eta dolu prozesuetan laguntza jasotzeko beharraz sentsibilizatzeko hitzaldia antolatu dute.
Oihane Garamendi eta Nicole Bumiller adituek emango dute urriaren 8an (18:00etan) Kultur Etxean. Iragarri dutenez, hitzaldia gaztelaniaz izango da, baina aurkezpena euskaraz proiektatuko dute, eta galdera erronda elebitan bermatuko dute. Hain justu, Eusko Jaurlaritzak 2020an sortutako Betirako zerbitzuko langilea Oihane Garamendi psikologoak eskaintzen du zerbitzua Hondarribian. Asteazken arratsaldero, 13:00etatik 17:30era daude Betirako zerbitzuko terapeutak Kasino Zaharreko lehen solairuan. Hondarribian erroldatuta eta dolu prozesuan den herritar orok eskatu dezake hitzordua, sarean, edo BAZen.
Programa froga pilotu gisa martxan jarri bazen ere, «hitz egiteko, partekatzeko eta entzunak izateko horrelako zerbitzu baten premia handia» dagoela baieztatu dute. Beraz, «Hondarribiko Udalak bide horretan segitzeko apustu irmoa egin du, eta zerbitzua mantenduko dugu», azpimarratu du Josu Peña hautetsiak.
Sufrimendua kanporatzeko beharra
Alde horretatik, adin guztietako hondarribiarrek eskatu dezakete hitzordua, eta ondoren psikologo bat haiekin harremanean jarriko da lehen hitzordu bat finkatzeko. Oihane Garamendik azaldu digunez, lehen saioan herritarrak dituen beharrak neurtuko dituzte, eta horren arabera nolako psikoterapia beharko den erabakiko dute, elkarrekin. Batzuetan, sesio gutxi batzuekin aski dela azaldu du, «sentitzen den mina normala, zilegia dela» ulertzea baita dolua prozesatzen hasteko lehen urratsa. Hala, norberak bere inguruan dituen baliabideak laguntza profesionalarekin uztartzea da usu psikologoek egiten duten lanaren funtsa.
Buruz buruko saioak taldeko terapia saioekin uztartzean emaitza hobeak behatzen dituztela azaldu du Garamendik. Hala, bide hori hartzeko prest direnekin taldeko saioak ere antolatuko dituzte, betiere «inor ezertara behartu gabe». Pertsonen dolu prozesuan psikologoek duten papera makulu batenarekin alderatu du: «egoera txarrean dagoenean laguntzeko gaude gu, baina pertsonak urratsak egin eta denborarekin makulua pixkanaka erretiratzen joan behar da». Edozein kasutan, «sufrimendua kanpora ateratzea beharrezkoa da, eta profesional batekin hobe».