600 lagun aurkeztu dira Hondarribian udal-administrari izateko oposaketara

Antxeta Irratia 2025ko urr. 9a, 13:42

Ficoban, gaur 10:00etan, Hondarribiko Udalean bost administrari lanpostu betetzeko hautaketa-prozesuaren lehen azterketa egin dute. Prozesu hau udal lan-eskaintza arruntaren barruan kokatzen da, «udal langileen baldintzak duindu, tokiko administrazioa indartuz eta egituratzeko helburuarekin». 2023tik interinitate-tasa %70 ingurutik %40era murriztea lortu du udalak. Iaz alde bakarrerako epe luzez lan egiten zuten udal langileen postuak sendotuz, eta orain karrerako funtzionario plazak betetzeko prozesua abiatuz.

Hondarribian hainbeste jende bilduko zuen azterketa bat egiteko lekurik ez dagoenez, Ficoban antolatu dute udaleko bost adminsitrari postu betetzeko lehiaketa publikoaren aurreneko froga orokorra. Jakintza espezifikoen beste azterketa bat gainditu beharko dute hautagaiek aurrerago, eta Euskara Gaitasun Agiria ez dutenek ere, hirugarren bat pasa beharko dute. 

Gaurko eguna historikotzat jo daiteke. Izan ere, 2003 urtetik hona Hondarribiko Udalak antolatzen duen lan eskaintza publikorako bigarren oposaketa da honakoa, 2017an egindakoaren ondotik. Horregatik, Hondarribiko Udalak lantaldea egonkortzeko «urrats garrantzitsua» eman duela aditzera eman du Igor Enparan Araneta alkateak .«Gaurko deialdia udalaren ibilbidean mugarri garrantzitsua da, azken urteotan herritarrei kalitatezko zerbitzu publikoa emateko lantalde finkoa beharrezkoa duelako, eta ia guztiz amaitu dugu egonkortze prozesua», azaldu du. 

Egoera larri bat zuzentzeko prozesua

Egonkortze prozesuak 20/2021 Legetik eratorri ziren, Europako sententzia baten ondorioz, administrazio publikoetan urteetan pilatutako aldi baterakotasunari irtenbidea emateko. Alde horretatik, Hondarribiko Udalean egoera nahiko larria zela gogoratu du alkateak. Europak onartzen duen tasa %8koa den bitartean, «aldi baterakotasun-tasa %70ekoa zen legea indarrean sartu zenean», argitu du. Lege horretatik eratorrita, Udalak 41 lanpostu deitu zituen, 17 hautaketa-prozesu ezberdinetan banatuta, eta horrek «gaur egun 37 udal-langile egonkortuta izatea ekarri du, gainerakoak bidean dauden bitartean», nabarmendu du Enparanek.

Alkateak hautagaiei harrera egin die Ficoban, Hondarribian 600 lagunentzako espaziorik ez dagoelako.

Bidenabar, gaurko bost administrari plazak betetzeko hautaketa prozesu honetaz gain, beste zenbait deialdi jarri ditu udalak martxan agintaldi honetan. 2024 urtetik 21 plaza lehiaketa publiko bidez atera dituzte. Eta aurten bi arkitekto, bost udaltzain, lau administrari, kontratazio arduradun bat, hirigintzako teknikari bat, bi arkitekto tekniko eta ekonomiaren sustapenerako teknikari plaza bat atera ditu udalak lehiaketara.

Enparanek aurreratu duenez, datozen asteetan gizarte langile lanpostua ere publikatzeaz aparte, karrerako funtzionario izateko beste hainbat plaza ere aterako dira datorren urtean. Izan ere, bete beharreko lanpostu berri batzuk eta erretiroa hartuko duten beste batzuen plazak ordezkatu nahi dituzte karrerako funtzionario bidez. Alkatearen hitzetan, «helburua argia da: udal administrazio sendoa izatea eta herritarrei zerbitzu hurbil, azkar eta eraginkorrak eskaintzea». Hautaketa prozesu guztien informazioa udalaren webgunean dago eskuragarri.

Udal zerbitzuak eta langileen baldintzak duintzea

Agintaldi honen hasieratik udal gobernuaren lehentasun nagusietako bat izan dela dio Enparanek «langileen egoera egonkortzea eta lan-baldintzak hobetzea, zuzenean baitakar herritarrei eskaintzen diegun arreta eta zerbitzuaren kalitatea hobetzea». Horretarako, Udal Lanpostuen Balorazio Objektiboa egin dute «langileen gaitasuna, eginkizuna eta lansariak udalaren beharretara egokitzeko», eta egunero pertsiana igo eta 17.000 hondarribiarren beharrak asetzen dituzten 125 udal langile daudela kontuan hartuta. 2023an aldi baterakoak ziren udal langileen %70eko interinitate-tasa %40ra apaltzea lortu dute.

Horrekin batera, balorazio objektiboa egin duen Rodriguez Viñals enpresa berari udalaren organigrama ere enkargatu diote. Langileen arteko harremanak, «nor dagoen noren gainetik eta arduren banaketa» ez zegoelako argi. Adibideak eman zizkigun Enparanek berak joan den otsailean prozesu hau abiatu zutenean: «ez delako berdina 10 pertsona zure kargu izatea ala bakarra, edo ez delako berdina 7:00etatik 14:00etara lan egitea edo korreturnosean, edo lan fisikoa ala intelektuala egitea, eta horren arabera betebehar eta lansariak».