Ibai garzon / Urko iridoy

Psilocybe: «Amutaldeko P arroxa piztuko dugu berriz, Psiloaroa antolatu dugu herriko eskaintza kulturala berpizteko»

Koldo Nausia 2025ko urr. 10a, 13:11

"Hilabete, bat, Sei aste, Bost kontzertu" lelopean, underground zirkuituan erreferentea den Psilocybe aretoak Psiloaroa antolatu du urriaren 26tik azaroaren 29ra. Euskal Herriko eta atzerriko taldeak uztartuko ditu udazkeneko musika eszena aktibatzeko. Besteak beste, Seattleko (AEB) La Luz eta The Darts, Portoko (Portugal) Travo edota Eraso talde zarauztarraren 30 urteko ibilbideari agurra emateko kontzertuek osatzen dute kartela. Eta azaroaren 15ean, Lotura elkartearekin «jaialdi luze eta potentea» proposatuko dute. 

Amutaldeko Psilocybe aretoaren P arroxa urriaren 26an piztuko dute berriz. Udan atseden labur bat hartu dute musika elkarteko kideek, baina indarberriturik eta gogobetez itzuli dira, zuzeneko kalitatezko musika eskaintzeko asmoz. Musika elkarteko Urko Iridoy eta Ibai Garzonekin elkartu gara Psilocybeko backstagean. Eta udazken honetan antolatu duten Psiloaroa programan bertatik pasako diren taldeei buruz aritu gara blagan. 

Hondarribiko jaiak amaitu eta uda atzean utzita, eskualdeko musika eszena aktibatu nahi dute. Eta abiatzear duten musika elkartearen 32. ikasturte honetan, 100 bat bazkideek osatutako musika taldeen entseguetarako hiru lokaletan ez ezik, Psilocybe aretoan ere, ez dira akorde, notak eta burrunbarik faltako. Urko Iridoyk dio urtero hasten dituztela kontzertuak Hondarribiko jaietako txosna itxi eta hilabetera, urria aldera. «Badirudi jaietako ajeak asko irauten duela, baina badakigu Hondarribia udan nolakoa den turismoarekin jendez betetzen dela, eta normala da udalak eta eragileek ekitaldi asko antolatzea, baina udazkenean eskaintza kulturala asko apaltzen da», dio Iridoyk. Horregatik, «eskaintza kulturala berpizteko» ikasturte hasiera oparoa ondu dute.

Bertako eta atzerriko taldeen zirkuituan

Aurten ordea, kontzertuak pilatu egin zaizkie Psilocybeko programatzaileei. "Hilabete, bat, Sei aste, Bost kontzertu" lelopean, underground zirkuituan erreferente den Psilocybe aretoak Psiloaroa antolatu du urriaren 26tik azaroaren 29ra. Euskal Herriko eta atzerriko musika taldeak uztartuko dituzte, baita etxeko uztari plaza bat eskaini ere. Ildo horretatik, aretoa ezinbesteko plaza bilakatua zen aspaldi. Eta 2023an elkartearen 30. urteurrena borobiltzeko Helmet talde mitikoa hartu zuten bezala, urteotan guztiotan Euskal Herriko musika taldeentzako ez ezik, atzerriko musika talde askoren nazioarteko biraren ohiko geltoki bilakatu da Mendeluko eszenatokia.

Psiloaroa horren irudiko da ere, eta Ibai Garzonen ustez, urte askotako lanari esker kontaktu ugari lortu izanak ekarri du atzerriko underground eta musika alternatiboan dabiltzan talde ezagunen zirkuituan sartzea. Baita Euskal Herriko talde askorentzat ere. «Betidanik izan dugu hemen atzerriko taldeak ekartzeko aukera, areto polita eta xumea dugu, nahiko ezaguna, eta azaro honetan ere bost kontzertuetatik hirutan atzerriko taldeak hartuko ditugu», aurreratu du.

Kartela osatua dute, baina azaroaren 15erako zerbait berezia prestatzen ari dira. Hitzordu horretarako programatutako musika taldeak ez dituzte oraindik iragarri, baina «jaialdi luze eta potentea» izango dela dio Urko Iridoik. Bere ustetan, «Bidasoaldeko musika eszena garrantzitsua da, eta guk aretoa badugu, eta ez bakarrik taldeak, programatzaileak ere baditugu», argitu du, jaialdiaz arduratuko den Lotura elkartea nabarmenduz, «Loturarekin batera antolatuko dugu azaroaren 15eko jaialdia, eskualdean dugun elkarte programatzailerik handienetarikoa da, Bidasoan ez ezik, Donostian, Bartzelonan eta Madrilen ere antolatzen dituzte kontzertuak eta DJ saioak».

Sei aste, bost kontzertu

Baina Psiloaroa programazioaren erdibidean ospatuko duten jaialdiaz haratago, musika estilo eta jatorri anitzeko emanaldiak jasoko ditu Psilocybek datozen asteetan. Udazkeneko aurreneko kontzertuak urriaren 26an (19:00etan) izango dira, bi laukote ezberdinekin. Saio hau Irungo Bloody Mary dendarekin batera antolatuko dute. Izan ere, 35. urteurrena ospatzen ari da, eta Psilocyben haiekin bat egin nahi izan dute. 

Batetik, Amerikar Estatu Batuetako (AEB) Seattle hirian 2012an sortutako La Luz emakumezko laukotearen garaje-rock surf estiloko kitarraren akordeekin hasiko dira. Bestetik, pop klasikotik garaje-rock neo-psikodelikora doan Iruñeako ExNovios taldearen kantutegi lizun eta sendoak borobilduko du gaua.

Azaroaren 1ean (21:00etan), aldiz, Portotik (Portugal) iritsiak Travo rock-punk taldearen stoner soinu basatiak hartuko du Psilocybe. Ibai Garzonek dioenez, Europako zirkuituan rock independentean talderik potenteenetakoa da, eta hedapen handia lortu duen taldea da. Izan ere, espainiar estatuko Resurrection Fest, Monkey Week eta Vigo Psych Fest bezalako jaialdietan ibili da. Baina azken urteetan, Alemaniako Freak Valley, Reeperbahn eta Krach am Bach; Herbeheretako Sonic Whip eta Eurosonic, Down the Hill (Belgika) edota Frantziako Trans Musicales festibaletan erakutsi du bere zuzeneko basatia.

Gau berean, 2012an Itsaso Gutierrez Retolazak sortutako ON talde donostiarra ere ariko da. Euskal rockaren munduan maiz abandonaturik dauden bulimia edota emakumeok jasandako tratu txarrak lantzen dituen rock melodikoa egiten du. 

Aipatu dugun azaroaren 15eko Lotura jaialdiaren ondotik, aldiz, azaroaren 21ean (21:00etan) AEBko The Darts taldearen bisita jasoko du Psilocybek. 2016an sortutako lau emakumek osatutako laukote honek hainbat mundu bira egin ditu dagoeneko. Eta Boomerang izeneko haien bosgarren diskoa Mark Rains (Grammy saria irabazi zuen) ekoizlearekin, Los Angeleseko Station House Studion grabatu, eta Alternative Tentaclesek kaleratu ondoren, Europan biran ari dira orain. 2026rako LP berria grabatu eta merkaturatzea aurreikusten dute.

Talde handia da honakoa. Eta horregatik, Psilocybeko kideak pozik daude, egun horretan «etxeko talde baten aurreneko kontzertua haiekin partekatzeko aukera izatea». Ibai Garzonek dioenez, «Psilocybeko etxeko uzta, Paramoundras taldearen estreineko kontzertua izango da, ohore bat».

Eta Psiloaroa programazioa amaitzeko, azaroaren 29an (22:00etan) Eraso talde zarauztarra eta NaizRoxa eta Vicepresidentes taldeetatik sortu den NaizPresidente taldeek itxiko dute kartela. Hauen kasuan, urriaren 12an kaleratuko dute lehen diskoa "Emaidazu orfidal", eta orduan jakingo dugu aurreko bi taldeen doinua gordetzen duten edo zerbait berria dakartzaten.

Dena den, gaua berezia izango dela zalantzarik ez du Urko Iridoyk, azaldu digunez euskal metalaren panoraman «Eraso taldeak 30 urteko ibilbidea egin ondoren, abenduan Bonberenean emango du bere azken agurra, baina aurretik Psilocyben izango ditugu azken aurrekoa eskaintzen». 

Sarrerak dagoeneko musikaze.net plataforman eskura daitezke, baina Hondarribiko Etxeberria, Basque eta Ttoparan eskura daude, baita Bloody Mary dendan ere, Irunen.