Hondarribiko aireportuak bere historiako boladarik onena bizi du. 2023an jaso zituen 474.140 bidaiarien marka historikoa 3.832 erabiltzailetan hobetu egin zuen 2024an. Izan ere, hasiera batean AENAk emandako datuen eguneraketa behin eginda, 12.354 bidaiari batu behar izan zizkioten erakunde ezberdinek hasieran adostutako kopuruari. Hala ere, iazko 486.494 bidaiarien kopuru hori hobetzen jarraitzeko asmoa adierazi zuten agintariek, Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkari Marisol Garmendiak bertara 2025eko otsailean egindako bisitan.
Are gehiago, eguraldi txarragatik desbideratutako hegaldiengatik kezkatuta, agintariek «etxeko lanak» egin dituztela nabarmendu zuten bisita horretan, eta EGNOS satelite bidezko nabigazioan oinarrituta, GPS seinalearen prestazioak areagotuko dituzte behe-hodeiek lurreratzea oztopatzen dutenean. «Aireportua modernizatzeko eta etorkizuna bermatzeko apustua» berretsi dute azken urteetan Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Aldiz, bidaiari kopuruak gora egin dezan azpiegiturak egokitu eta hegaldi konpainia berrien bilaketa etengabea duten bitartean, Hondarribiko aireportuko langileek inbertsio gehiago aldarrikatu dituzte aste honetan. «Zerbitzua aireportuko bidaiari kopuruari egokitu beharra dago, kalitatea eta segurtasun neurriei dagokienez», langileen arabera. Izan ere, azken 10 urteetan bidaiariak bikoiztu diren bitartean, lantaldea ez da horretara egokitu. Zehazki, 2014an 245.422 bidaiari jaso zituen aireportuak, iazko 486.494 erabiltzaileen aldean.