2026ko aurrekontuak hobetzeko asmoz, 27 proposamen aurkeztuko ditu Hondarribiko EAJk

Antxeta Irratia 2025ko urr. 16a, 12:13

Guztira 3.231.600 euro eskatuko lituzketen 27 proposamen aurkeztuko ditu Hondarribiko EAJk udal aurrekontuei begira. «Herritarren beharrei berehalako erantzuna eman eta Hondarribia bizia, segurua eta atsegina izan dadin» helburu duten neurri zehatzak direla azpimarratu dute jeltzaleek. Gazteentzat alokairurako laguntzak, Skate Park eta Pump Track gunea, Jabier Ugarteko lurrazpiko aparkalekua, bidegorrien sarea osatzea, edota Mendelu eta Arkollako espaloiak konpontzea besteak beste.

EAJ udal taldeak aditzera eman duenez, «udal gobernuak behin-behinean onartu duen HAPOak segurtasun juridiko falta handiak dituenez», funtsezkoa ikusten dute «benetako errealitateari egokitutako etxebizitza irtenbideak planteatzea». Honi lotuta, gazteei alokairurako laguntzak (100.000€), etxebizitza publikoko sustapenak kudeatuko dituen Udal Etxebizitza Saila sortzeko beste 100.000€ko partida proposatzen dute. Bestalde, Biteri kaleko (Jostaldi eta Muliate artean) etxebizitza publikoen proiektua egiteko beste 150.000€ kalkulatzen dute.

Bestalde mugikortasunaren arloan, udal gobernuak abenduan martxan jartzeko prest egongo den hiri-autobusaren geltokien egokitzapenerako 200.000€ko partida eskatzen du EAJk. Eta hirian dauden bidegorrien sarea osatzeko beste 200.000€. Era berean, herrian lurrazpiko aparkalekuaren proiektua Jabier Ugarten bultzatu nahi dute jeltzaleek, eta proiektua bultzatzeko 150.000€ proposatzen dituzten bitartean, oinezkoen mugikortasunari begira, beste 100.000€ko diru partida eskatzen dute Santiago eta Harresilanda kaleetako igogailuen proiektuak sustatzeko.

Proposatutako diru kopuru handienak, aldiz, aisialdirako eta kirolerako inbertsioetara bideratu nahi du EAJk, orotara 1.220.000€. «Kulturak eta kirolak bizitza-kalitatean duten garrantzia» azpimarratzen dute jeltzaleek. Alde horretatik, Skate Park eta Pump Track bat egiteko 430.000€ proposatzen dituzte, eta kirol instalazioen hobekuntza beharrezkoa ikusten dutenez, 200.000€ko partida aurkezten dute horretarako. Era berean, kalistenia gune bat egokitzeko 100.000€ gehiago. 

Kultur arloan, udako musika jaialdi batentzako 200.000€ proposatu dituzte. Eta beste zenbait inbertsio txiki ere, hondartzako gabarroia berreskuratzeko (100.000€), Guadalupeko tabernaren proiektua (60.000 €) edota herrian ludoteka edo haurreskola berri baten bideragarritasun-azterketa egiteko (30.000€).

Gainerako diru partida proposamenen artean, nekazal-bideak konpontzeko (300.000€), Mendelu eta Arkolla auzoetako espaloien hobekuntzarako (250.000€), marea-biziak saihesteko babes-lanetarako (150.000€), suteen prebentziorako mendiak garbitzeko (100.000€) edota Goiko-Errota berriz martxan jartzeko proiektua (75.000€) nabarmendu daitezke. Ondare historikoaren zaintza eta berreskuratze lanei lotuta ere, San Telmo gazteluko ikerketa eta lan arkeologikoak diruztatzeko 30.000€ eta Alde Zaharreko parrokiako kanpai eta kanpandorrearen konponketarako 9.000€ eskatzen ditu EAJk. 

Azkenik, Hondarribiko ekonomiaren garapenerako merkataritza establezimendu berrientzat "Kale Biziak" alokairu-laguntza (75.000€) edota herriko elkarte eta gobernuz kanpoko erakundeak laguntzeko partidak ere negoziatu nahi dituzte jeltzaleek 2026ko udal aurrekontuei begira. Elkarte kultural, kirol eta bestelakoentzako dirulaguntzen %10eko igoera (60.000€), eta eragile hauen izapidetzeak errazteko aholkularitza zerbitzua (18.000€) besteren artean.