Konponbidean?

"Estitxu Urtizberea alkateordearen eta herritarren arteko elkarrizketa bat" proposatzen du Antxeta Irratiak astelehenean Alardeaz hausnartzeko

Antxeta Irratia 2025eko urriaren 24a

Iaz Igor Enparan alkatearekin egindako elkarrizketa eta hausnarketa ariketaren hari beretik, Hondarribiko Alardearen auziaz Estitxu Urtizberea alkateordearen eta herritarren arteko elkarrizketa bat proposatzen du Antxeta Irratiak urriaren 27an, 18:00etan, Alde Zaharreko Kultur Etxean. "KonponBIDEAN?" izenburupean alkateordeak 2023tik udal gobernuak egindako urratsak eta Hondarribiko herriak aurrera begira dauzkan erronkak aztertuko ditu.

1996ko gertakizunen ondotik, Hondarribiko Alardearen bueltan herrian eman zen haustura sozialak iraun duen hiru hamarkada eta gero, udal gobernu berriak 2023az geroztik egoera bideratu nahian hartutako erabakiak eta proposatutako elkarrizketarako bideak izango ditu hizpide Estitxu Urtizberea alkateordeak heldu den urriaren 27an (18:00etan) Kultur Etxean.

Azken hiru urteetan Hondarribiko Udalak egindako urratsen balorazioa egiteaz gain, aurrera begira konponbide eta irtenbide posibleak zeintzuk diren aztertu, eta tokiko administrazioak aurrerantzean joka dezakeen funtzioa argituko du. Ekitaldia ate zabalik izango da, eta Kultur Etxean elkartuko diren herritarrek galderak egiteko aukera izango dute. 

Joan den urtean, maiatzaren 23an, eszenatoki berean Antxeta Irratiak antolatutako "Elkar entzunaz konponbidea eraiki" saioan ere, Igor Enparan alkateak kazetarien eta herritarren galderak erantzun zituen ordubete luzez. Estitxu Urtizberea alkateordearekin elkarrizketari bide emateko jarraipena izango da asteleheneko saioa.