Gorka Irisarri (Danontzat): «Oso kontent nago Hondarribia nazioarteko hitzordu batean berriz ordezkatu ahal izatearekin»

Antxeta Irratia 2025eko urriaren 24a

Azaroaren 14tik 16ra Almazanen (Soria) ospatuko den Erdi Aroko XVII. Nazioarteko Pintxo eta Tapa Lehiaketan Gorka Irisarrik ordezkatuko du Hondarribia. Ekainean herriko zortzi ostatuen artean Hondarribiko lehiaketa irabazi zuen Danontzat Gastrotekako sukaldariak “Delicias del bufón‘’ izeneko pintxoarekin. Hirugarren aldia du nazioarteko hitzordu honetan parte hartzen duela. 

Joan den ekainean, Hondarribiko Erdi Aroko Azokarekin batera, herrian ospatutako Erdi Aroko Pintxoen Lehiaketa irabazi eta gero, Danontzat Gastrotekako Gorka Irisarrik ordezkatuko du Hondarribia Erdi Aroko XVII. Nazioarteko Pintxo eta Tapa Lehiaketan. Heldu den azaroaren 14tik 16ra, Almazanen (Soria) ospatuko da, Erdi Aroko Hirien Sareko ordezkari banaren arteko lehia, eta “Delicias del bufón‘’ izeneko pintxoarekin aurkeztuko da Chef Medieval 2025 saria Hondarribira ekarri asmoz. 

Ez zen aurreneko aldia izango. Izan ere, 2012an ospatu zen lehen edizioan Danontzat Gastrotekak eraman zuen herriko eta nazioarteko saria. Eta 2023an zilarrezko domina eskuratu zuen Hondarribiko Klink elkartean ospatutako nazioarteko lehiaketan, Laguardiako El Puntido jatetxeko Cristian Solana sukaldariaren atzetik. Gorka Irisarrik ilusio handiz hartu du aukera berri hau. «Oso kontent nago nire herria ordezkatu ahal izatearekin, Almazanen lehiatu nintzen jada lehen saria eskuratu nuen urtean, eta halako lehiaketa batez gozatzeko irrikan nago», adierazi du Irisarrik. 

Lehiaketa gastronomiko berezia dela gogoratu du sukaldariak. Cristobal Colon 1492 urtean Ameriketara iritsi baino lehen Europan erabiltzen ziren produktuak besterik ezin dituelako erabili. Eta beraz, tomatea, patata, piperrak edo artoa bezalako osagaiak debekatuak daudenez, «errezeta pentsatu, berrikuntza bilatzera eta ikertzera behartzen zaitu», aitortzen du.

Urtero bezala, azaroaren 14tik 16ra bitartean Erdi Aroko Hirien Sareko kide diren udalerrietako sukaldariak ariko dira lehian, Hondarribikoaz gain, Laguardia (Araba), Lizarra (Nafarroa), Sigüenza (Guadalajara), Valentzia de Alcántara (Caceres), Marvão (Portugal) eta Almazán (Soria), aurtengo antolatzailea. Hondarribiko herriak hainbatetan eskuratu du lehen saria. Gorka Irisarrik lortutakoez gain, 2024ko edizioan bertan Hondarribiko Gran Sol ostatuko Iñigo Tizon sukaldariak  irabazi zuen hirugarrenez "Sarandonga" izeneko pintxoarekin.