Prebentzio Komunitarioa berrantolatu eta kontratu berria egin du Hondarribiko Udalak 15 urte eta gero

Antxeta Irratia 2025eko urriaren 28a

Azken urteetan ikastetxeetan zein kale-hezitzaileekin garatu beharreko programetan hutsuneak identifikatu dituzte. Eta 2009ko apirilaren 30etik iraungita zegoen kontratua esleitzeko, egungo beharrak sakon aztertu ondoren zerbitzua berrantolatu dute. Gazteen osasun emozionala, sexu-heziketa, gazteen parte-hartze sozialaren garapena, kontsumo arduratsua sustatzeko, eta oro har, komunitatearen ongizatea bermatzeko «hausnarketa estrategikoa» egin dutela dio Lupe Queiruga zinegotziak.

Prebentzio Komunitarioko V. Udal Plana (2023-2027) indarrean badago ere, hau bururaino eramateko ezinbestekoa den Prebentzio Komunitarioaren Zerbitzuaren kontratua iraungia zuen Hondarribiko Udalak 2009 urtetik. Hortaz, herritarren ongizatean eta gazte zein nerabeen heziketa sendotzeko ezinbestekoa den Prebentzio Komunitarioaren zerbitzuaren kontratua esleitu du Hondarribiko Udalak. Urte baterako kontratu berriak babes juridiko sendoa duela nabarmendu du Lupe Queirugak, Gazteria arloko zinegotziak, eta egitura finko bat ekarriko duelakoan dago. «Gazteekin eta komunitate osoarekin egiten den lanaren jarraikortasuna bermatuko du», aditzera eman du. Kontratu berria irailaren 1ean sinatu zuten urte baterako, eta beste urtebetez luzatzeko aukera dago.

Udalak argitu duenez, epe laburreko kontratua da, udalak egin duen zerbitzuaren berrantolaketak ematen dituen emaitzak baloratu ahal izateko, eta etorkizunean behar diren egokitzapenak egiteko aukera izateko. Alde horretatik, Queirugak argitu duenez, «prozesu hau ez da soilik administratiboa izan, hausnarketa estrategiko baten emaitza baizik». Izan ere, Hondarribiko Udalak «urrats garrantzitsua» eman duelakoan dago. Urte luzez iraungita egon baita Prebentzio Komunitarioaren kontratua. Zehazki, 2009ko apirilaren 30etik.

Hausnarketa sakona

Gazteria arloko zinegotzi sartu zen mementotik, Lupe Queirugak egoera zuzentzeko beharra ez ezik, zerbitzuaren berrantolaketa sakona abiatzeko beharra identifikatu zuen. «Udalaren aldetik zerbitzuarekiko kontrol falta nabaritu genuen gobernura iritsi ginenean, eta honen ondorioz informazio eza», dio Queirugak, «eta zerbitzuaren azterketa sakona egin eta prebentzio-zerbitzu batengandik zer espero dugun zehaztu genuen». Argitu duenez, ustez zerbitzu honek eskaintzen zituen zenbait programa ez zirela praktikan garatzen egiaztatu zuten, eta beste batzuetan ez zituen helburuak betetzen.

«Ez genuen datu zehatzik zerbitzuaren jarduerari buruz, eta urte eta erdi baino gehiago behar izan dugu azterketa sakon bat egiteko, ez genuelako behar adina informaziorik kontratazio-prozesua gobernura iritsi bezain laster abiarazteko», azaldu du Queirugak. Eta behin azterketa sakona egindakoan, kontratu berriaren pleguak hiru ardatz nagusitan oinarritu dituzte: ikastetxeetan egiten den prebentzio unibertsala, herritarrengana iristeko sare sozialetan eta komunikabideetan sentsibilizazio-kanpainak, eta kale hezitzaileen esku-hartzea. «Hondarribian gaztetatik emozioen kudeaketa, gatazken ebazpena, sexu-heziketa eta harreman osasuntsuen inguruko edukiak modu integralean lantzen jarraitzea da gure helburua», azpimarratu du.

Zerbaitegatik Hondarribia bere garaian erreferente eta aitzindari izan zen Prebentzio Komunitarioaren arloan, bai Gipuzkoan, bai Euskadin. Eta berrantolaketa honen bidez, orain berriro ere erreferente bihurtzea erronka hartu dutela aitortu du udal ordezkariak, gazteen heziketa eta herritarren ongizatea ardatz hartuta.