Erdi Aroan Hondarribiko hiribilduaren iparraldeko muga zen San Nikolas atea aztergai

Antxeta Irratia 2025eko azaroaren 3a

Fernando Cobos Guerra, Erdi Aroko gotorleku eta hirigintzan arkitekto doktoreak ‘San Nikolas atea eta barruan edo kanpoan zauden jakiteko arazoa’ izenburupean, hitzaldia eta bisita gidatua eskainiko du azaroaren 7an eta 8an. Ezagutu Zure Hiria ekimenaren baitan, garai bateko hiribilduaren iparraldeko muga izandako atearen historia eta bertan egingo dituzten birgaitze lanak azalduko ditu.

Joan den urrian Hondarribiko itsasertzeko uretan erregistratutako urpeko azken aurkikuntza arkeologikoak ezagutzeko aukera eman ondotik, Arma Plaza Fundazioak antolatzen duen Ezagutu Zure Hiria programaren hurrengo hitzordua herriko harresian jarriko du ikusmira. ‘San Nikolas atea eta barruan edo kanpoan zauden jakiteko arazoa’ izenburupean, Alde Zaharreko hiri bilduaren barruko ate berezi honen historia, eta bertan egingo den birgaitze-obra ulertzeko hitzaldia eta bisita gidatua proposatzen dute.

Hondarribiko hiribildua sortu zutenean, Erdi Aroan, Hondarribiak ez zuen San Nikolas kalerik, garai bateko harresiak huraxe baitzuen iparraldeko muga. Kalea eraiki eta XVI. mendea arte, kalea eta San Nikolas atea izan ziren hiribilduko garrantzitsuenak, harik eta hegoaldeko Santa Maria atea ireki zuten arte. Ordutik aurrera, Kale Nagusiak hartu zuen garrantzia gehien. 

Hau guztia eta bertan egingo diren birgaitze lanak ezagutzeko, oraingo honetan, Fernando Cobos Guerra Erdi Aroko eta Errenazimenduko gotorlekuetan eta hirigintzan aditua den arkitekto doktoreak emango du hitzaldia Arma Plazan, azaroaren 7an, 19:00etan. Eta hilaren 8an 11:00etan bisita gidatua egingo du gazteleraz. Antolatzaileek argitu dutenez, bisita dohainik izango da, eta 50 lagunentzako egingo dute. Aldez aurretik lekua erreserbatu behar da www.armaplaza-bisitak.eus atarian edo telefonoz zenbaki hauetara deituz: 943.64.36.77- 943.64.46.23. 

Bestalde, Arma Plaza Fundazioak abenduko Ezagutu Zure Hiria ekimena iragarri du. Abenduaren 12-13an hitzaldi eta bisita antolatuko dute, ‘Vazquez Diazek ehun urte Hondarribian’ izenburupean. Margolari honek Hondarribian egindako eginladietan margotutako obrak sakonean ezagutzeko aukera emango dute. Eta horretarako, Juan Carlos Leon kazetari eta bibliografoa gonbidatuko dute hitzaldia ematera. Nerva (Huelva, Andaluzia) da, Daniel Vazquez Diaz margolariaren jaioterrikoa, eta bere bilduma pribatuko obrekin osatutako erakusketa bisitatu ahalko da Arma Plazan bertan.