Udal aurrekontu parte-hartzailea berme guztiekin egingo dute Hondarribian lehenbiziko aldiz

Koldo Nausia 2025eko azaroaren 13a

«Herri oso baten proiektua» izan dadin, udal talde politiko guztiak eta udal teknikariak inplikatuko dituen Berme Taldeak egingo du prozesuaren jarraipena gardentasuna bermatzeko. «Herriaren nortasuna eta kohesioa indartzea, herritarren bizi-kalitatea hobetzea, eta onura komunitarioa sortzeko» irizpideak betetzen dituzten proposamenak egiteko aukera dute herritarrek azaroaren 17tik 26ra, online eta BAZen. Otsailean egingo da bozka fasea, 2026an 200.000€ zertara bideratu nahi duten erabakitzeko.

Hondarribiko Udalak 2022. urtean lehendabiziko aldiz antolatutako udal aurrekontu parte-hartzaileetan 710 herritarrek bozkatu zuten, eta horietatik %35ak Biteri eskola pareko haur parkea estaltzea erabaki zuten. Lehen saiakera hura, aldiz, ez zen Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatzen dituen partaidetza irizpideen arabera antolatu. Izan ere, udalak berak proposatutako bost proiektuen artean hauta zezaketen herritarrek, besterik ez.

Hala, Hondarribiko Udalak bi urte eman ditu, orain, 2026ko udal aurrekontuetan 200.000 euroko partida bat herritarrek zertara bideratu nahi duten erabakitzeko prozesua berme guztiekin antolatu ahal izateko. Azaroaren 17tik 26ra izango dute hondarribiarrek proposamenak egiteko aukera, eta otsailera bitartean luzatuko da prozesua.

Igor Enparan alkateak aditzera eman duenez, udal gobernuak agintaldi hasieran hitzeman zuen legez, «herritarrak erdigunean jarriko dituen udal jardun eredua sendotzeko asmoz» antolatu dituzte 2026ko udal aurrekontu parte-hartzaileak. Eta lehenago saiakerak egin badira ere, formatu honetan egingo den lehen aldia izango da. Izan ere, partaidetzari buruzko formakuntza egin dute udal ordezkariek eta teknikariek bi urtez, eta argitu duenez, «Hondarribiko Udalarentzat funtsezkoa da herritarrak entzutea eta erabaki publikoen erdigunean jartzea, hondarribiarrek euren iritzia eta lehentasunak modu eraginkorrean islatu ahal izatea udal politiketan». 

Horretarako, aldiz, herritarren parte-hartzea eta elkarlana ezinbestekoa dela azpimarratu du alkateak. Eta herritar guztiei luzatu die gonbidapena: ideiak partekatzera, proposatzera eta «etorkizuneko Hondarribia eraikitzen laguntzera». Prozesua datorren astelehenean, azaroaren 17an, abiatuko da ideiak aurkezteko epearekin. Hondarribiarrek azaroaren 26ra arte izango dute euren proposamenak aurkezteko aukera.

Herri oso baten proiektua

Herritarrak bezala, udalean ordezkatuak dauden udal talde politiko guztiak inplikatu nahi izan ditu udalak prozesu honetan. Eta horretarako alderdien arteko elkarlana lehenetsi dute. Bidenabar, Abotsanitz, EH Bildu, EAJ-PNV eta PSE-EEren babesa jasotzeaz gain, ekimenean aktiboki parte hartuko dute «prozesuaren gardentasuna eta konfiantzan oinarritutako gobernantza» sendotze aldera. 

Horretarako herritarrek egindako proposamenen zerrenda osatutakoan, talde politiko bakoitzetik ordezkari banarekin osatutako Berme Taldea lanean jarriko da. Aitzol Arroyo (Abotsanitz), Gonzalo Carrion (EAJ), Garoa Lekuona (EH Bildu) eta Iosu Alvarez (PSE-EE) zinegotziek parte hartuko dute bertan, eta Hirigintza, Berdintasuna eta Euskara arloetako teknikariekin batera, proposamenak teknikoki egingarriak direla baieztatzeaz gain, prozesuaren garapena gainbegiratzea izango da haien zeregina. 

Argitu dutenez, herritarrek proposatutako proiektuak bozka fasera pasako ote diren erabakitzeko, irizpide zehatz batzuk bete beharko dituzte. Interes orokorreko proiektuak izan beharko dira, eta Berme Taldeko kideek azaldu dutenez, «herriaren nortasuna eta kohesioa indartzea; osasuna, irisgarritasuna edo mugikortasunari lotuta herritarren bizi-kalitatea hobetzea; eta onura komunitarioa sortzea, herri, auzo edo kolektibo zehatz bati zuzenduta» kontuan hartuko dute.

Horiek hala, azaroaren 17tik 26ra hondarribia.eus atarian edo BAZen herritarrek proposamenak egiteko fasea amaitutakoan, azterketa teknikoa egingo dute urtarrilaren 20ra bitartean. Eta otsailean zehar bozketa fase finala burutuko da. Eta bertan 16 urtetik gorako hondarribiar guztiek parte hartu ahal izango dute.