Indarkeriarik gabeko Hondarribia eraikitzen jarraitzeko makina bat hitzordu

Antxeta Irratia 2025eko azaroaren 14a

Azaroaren 14tik 25era bitartean «indarkeria matxistaren aurkako mezua zabaltzea, hausnarketa sustatzea eta herritarrak sentsibilizatzeko» helburuarekin hitzordu andana bat antolatu dute. Azaroak 25eko ekimen sinbolikoez gain, Emakumeak Korrika lasterketa, Bixi Bixi pala topaketa, Xake Ttopara, "Lohi gorria" antzezlana edota “Hemen bai, borroka egiten da” dokumentalaren proiekzioa proposatzen dute, ondoren El Salvadorreko emakumeen erresistentziaren berri emango duten aktibistak gonbidatu dituztelarik.

 

Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren harira, Hondarribiko Udalak egitarau oparoa prestatu du herriko eragileekin elkarlanean. "Ez gutxietsi, ez ukitu, ez baztertu, ez iraindu, ez mespretxatu, ez bortxatu. HONDARRIBIAN INDARKERIA MATXISTARI, EZ!" lelopean, azaroaren 14tik 25era bitartean «indarkeria matxistaren aurkako mezua zabaltzea, hausnarketa sustatzea eta herritarrak sentsibilizatzeko» helburuarekin kultura eta kirolari lotutako hitzordu andana bat antolatu dute herriko auzo eta gune ezberdinetan. 

Igor Enparan Araneta alkateak antolatutako ekitaldietan parte hartzera animatu ditu herritarrak, «hausnar dezaten eta elkarrekin indarkeriarik gabeko Hondarribia eraikitzen jarrai dezagun». Alkateak azpimarratu du, azaroaren 25a ez dela data sinboliko hutsa izan behar. Bere ustez «gizarte gisa daukagun erronka da emakumeen aurkako indarkeria desagerraraztea, eta gizarte osoaren arazoa eta guztion ardura denez, ezinbestekoa da erakundeon eta herritarren arteko elkarlana eta konpromiso kolektiboa sustatzea». 

Alde horretatik, Hondarribiko Udalak berdintasunean oinarritutako gizarte baten aldeko konpromiso irmoa duela nabarmendu du, eta Azaroak 25 honetarako antolatutako ekimenak, hain justu, «sentsibilizazioa, hausnarketa eta elkartasuna» bultzatu nahi ditu.

Programazio zabala

Lehenengo hitzordua ostiral honetan bertan izango da, azaroaren 14an, Emeki emakumeen ekartearen eskutik, “Argi hitz egiten” izeneko sexualitatearen eta harreman afektibo-sexualen inguruko belaunaldien arteko zikloaren bigarren saioa egingo dute. Azaroaren 16an, aldiz, Mendeluko kirol gunean “Me too” umorezko antzerkia eskainiko dute, kultur ekitaldiak auzoetara zabaltzeko asmoz.

Azaroaren 17an, astelehena, “Hemen bai, borroka egiten da” dokumentalaren proiekzioa izango da Kultur Etxean, eta ondorengo solasaldia. Dokumentalak El Salvadorreko emakumeen borroka eta erresistentzia erakusten ditu, indarkeria matxistaren eta sistema patriarkalaren aurrean egindako lana azpimarratuz. Istorio hunkigarriak eta testigantza pertsonalak uztartzen dituela argitu dute antolatzaileek, eta prestatu duten ekitaldirik berezienetako bat dela nabarmendu dute, emakumeek justizia sozialaren, berdintasunaren eta bizitza duinaren alde daramaten borrokaren lekuko zuzena eskaintzen duelako. Gainera, ondoren antolatu dute solasaldian El Salvadorretik bertara etorriko diren emakume aktibista eta elkarteetako ordezkariek parte hartuko dute, euren esperientziak partekatuz. 

Azaroaren 21ean, aldiz, “Lohi gorria” antzezlana izango da Itsas Exean, eta azaroaren 22an, Emekik antolatuta, Jostaldin Bixi-Bixi emakumeen pala topaketa izango da. Eguna borobiltzeko, “Musas y fusas” kontzertua izango da arratsaldean Kultur Etxean.

Asteburuari begira, azaroaren 23an, Emekik antolatzen duen III. Emakumeak korrika ibilaldi eta lasterketa egingo dute. Ane Bayoren running taldearen dinamikatik abiatuta, emakumeak jarduera fisikoa egitera animatzeko lasterketa da honakoa, Emeki elkarteko egoitzatik, Molla Ibilbidetik, abiatuta 5 kilometroko ibilbide zirkularra osatuko dute, oinez ala korrika. Era berean, Emekiko hainbat kidek ohikoa duten bezala, azaroaren 24an, Hondarribiko emakumezkoen VIII. Xake Ttopara txapelketa jokatuko da Kasino Zaharrean, Hondarribia Marlaxka Xake Klubarekin antolatuta. 

Azkenik, azaroaren 25ean, Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunean bertan, hainbat ekimen izango dira egun osoan zehar. Goizeko 11:00etan, Martxoak 8 plazan “Sare morea osatzen” ekimena egingo dute herriko eskolartekoekin. Martxoak 8 plazatxoa indarkeria matxistaren kontrako eta berdintasunaren aldeko mezuekin murala egingo dute, aldez aurretik, gaia eskolan landu eta gero. 18:00etan, aldiz, ohiko kontzentrazioa eta performancea egingo dute bertan, M8 Asanblada Feminista Bidasoak deituta.