Aurrekontu proiektu «soziala, errealista eta zuhurra» ondu duela dio Hondarribiko udal gobernuak

Koldo Nausia 2025eko azaroaren 21a

Igor Enparan alkateak azaldu duenez, «ikuspegi soziala modu transbertsalean» landu dute alor guztietan, eta udal aurrekontuen 14 milioi euro  «herritarren beharrak eta ongizatea bermatzera» bideratuko dituzte. «Elkarrizketa, gardentasuna eta parte-hartzea» bultzatu duelakoan dago udal gobernua, eta oposizioko alderdiekin negoziazioan haien ekarpenak aintzat hartu dituztela diote. Haatik, EAJ-PNVk aurreko bi urteetan abstenitu ondoren, lehen aldiz kontra bozkatuko duela iragarri du.

 

Hondarribiko udal gobernuak 2026 urterako ia 35 milioi euroko udal aurrekontu proiektua aurkeztuko du azaroaren 27ko udalbatzan eztabaidatzeko. Udalak inoiz izandako aurrekonturik handiena izango da hirugarren urtez jarraian. Aurreko bietan hazkundea nabarmenagoa izan bada ere, aurten %2,15eko igoera proposatzen dute Abotsanitz eta EH Bilduk. Eta Igor Enparan alkateak aditzera eman duenez, «epe luzerako proiektu estrategikoetan sakontzen jarraitzea, herritarren behar sozialak erdigunean jartzea eta auzoak garatzea» ahalbidetzen duten aurrekontu «errealista eta zuhurrak» dira. 
 
Gainerako udal talde politikoekin eramandako negoziazio prozesuaren ondorioz PSE-EEren 8 proposamen, EH Bilduren 6 ekarpen eta EAJ-PNVk proposatutako bi aintzat hartu dituzte aurrekontuetan, nahiz eta jeltzaleen kasuan, «negoziazio prozesuaren bukaeran aldentzea erabaki duten». Hain justu, EAJk agintaldi honetan aurreneko aldiz kontra bozkatuko duela iragarri du dagoeneko. Batetik, diru-sarrerak «fikziozkoak» direlako, eta salatu dutenez «azken urteetan behin eta berriz egindako promesak ez dituelako betetzen».
 
Jeltzaleek 27 proposamen aurkeztu zituen, eta udal gobernuak Javier Ugarteko aparkalekuaren proiektua, bidegorri berriak sortzea eta lehendik daudenak elkartzea, suteen prebentziorako basoen eta mendien garbiketa edota jarduera komertzial berriak abiarazteko laguntzak bezalako ekimenak baztertu dituela salatu dute jeltzaleek. Haien aburuz, «proiektu estrategikoak». Hala ere, Igor Enparanek nabarmendu du «elkarrizketa bultzatzea, gardentasuna bermatzea eta lankidetzarako bideak irekitzeko asmoz» lan egin duela udal gobernuak aurtengoan. Eta iaz udal taldeek eskatutako negoziazio bide formalagoei heldu egin dietela. 
 
Herritarrak erdigunean
 
Alkateak argitu duenez, «aurrekontua hondarribiarren etorkizuneko mapa bat irudikatu nahi du». Alde horretatik, «inor bazterrean gera ez dadin» aurrekontuaren parterik handiena ongizatera eta kolektibo zaurgarriak babestera bideratu nahi ditu udal gobernuak. «Ikuspegi soziala modu transbertsalean landu dugu aurrekontuen alor guztietan», azaldu du, «Hondarribia pertsonen hiria izan dadin nahi dugulako». Alde horretatik, hondarribiarren ongizatea udal politiken erdigunean jartzeko 14 milioi euro bideratu dituzte.
 
Enparanek argitu du, aldiz, horrek ez duela esanahi dena Gizarte Ongizate arlora bideratuko dutenik, eta «herritarrentzako zerbitzuak, dirulaguntzak, hezkuntza, gazteria programak, osasun emozionala, komunitate dinamizazioa...» jarri ditu adibide gisa. Hari beretik, Gizarte Larrialdietarako Laguntzetara 275.000€ aurreikusi dituzte, eta Garoa Lekuona (EH Bildu) zinegotziak azpimarratu du, Berdintasun politiketan ere «jauzi kuantitatiboa» emango duela udalak. Agintaldi honetan Berdintasun teknikaria eta arlotik abian jarri nahi dituzten egitasmoen jauzi kualitatiboari erantzuteko, hain justu. Orotara, 107.650€ jasotzen dira arlo honetan. Bestalde, enpleguaren sustapenerako 150.000€ko partida jasotzen du aurrekontu proiektuak.
 
Inbertsio eta gastu nagusiak
 
Nolanahi ere, Hondarribiko Udalaren aurrekontuaren gehiengoa eguneroko gastuek suposatzen dute. Zerbitzuen eguneroko pertsiana irekitzeko, esleitutako zerbitzuak diruztatzeko, eta zuzenean udalak eskaintzen dituenak bermatzeko dauzkan 120 bat langileena. Estitxu Urtizberea alkateordeak argitu du, aurrekontu osoaren %25,7 udal langileen arloak hartzen duela. Eta administrazioaren funtzionamendu egoki baterako ezinbestekoa izanik, langilegoaren egitura berrantolatzen ari direla gogoratu du. «Aurten 21 lanpostu lehiaketara atera ditugu, eta datorren urtean karrerako funtzionario gehiago izango ditugu», argitu du. 
 
Bestalde, 2026 urterako inbertsioei dagokienez, Hirigintza arlotik Hondartza kiroldegian emandako sutearen ondoren berritze lanetarako 300.000€ko inbertsioa aurreikusten du udal gobernuak. Era berean, Pasaia kaleko zaharberritzeko 1.948.719€ko partida, espaloiak zabaldu, irisgarritasuna hobetzeko eta zaharkitua dagoen saneamendu-sare berritzeko. Hilerrian ere irisgarritasuna ez ezik, azpiegitura modernizatzeko 600.000€ko inbertsioa jasotzen du aurrekontu proiektuak. Eta beste 500.000€ Mendeluko uholde arriskuari neurria hartzeko. «Mota edo lurrezko mendixka bat eraikiko dugu uholdeei barrera jartzeko, eta horretarako URA Agentziaren baimena dugu», aurreratu du Hirigintza ordezkariak. 
 
Gainerakoan, urtero gastu handia suposatzen duen kale-garbiketarako 1.668.607€ bideratuko ditu Hondarribiko Udalak Txingudiko Mankomunitatearen bitartez. Eta Garoa Lekuona hautetsiak azaldu duenez, «herriko ondarea zaintzeari ere garrantzi handia» ematen diotenez, San Telmo gazteluko indusketak egiteko 100.000€ eta San Nikolas atearen eremuaren proiekturako 150.000€ aurreikusten dituzte.