Oiartzungo lubaki-eremua osatzen duten hiru egituretatik garrantzitsuena da Hondarribiko Guadalupeko gotorlekua. Besteak, Oiartzun eta Oreretan, beste biak Txoritokietakoa eta San Markokoa dira. 1.900 urtean eraikitako defentsa-egitura militarra erabiltzen hasi orduko zaharkitua geratu zen, abiazio militarra agertzearekin batera. Hala eta guztiz ere, 69 artilleria pieza eta 650 soldadu-tropa jasotzeko gaitasuna zuen, eta 31.000 metro koadroko azalera duen azpiegitura hau Hondarribiko eraikinik handiena da dudarik gabe. Baita bere ondare historiko-arkitektonikoen artean ezezagunena ere.
Hondarribiarren eskura jartzeko asmoa
Igor Enparan alkateak aditzera eman duenez, Hondarribiko Udalaren nahia da «parte bat bederen eta segurtasunez ahal den neurrian, herritarrei irekia gelditzea» da. Baita bisita gidatuen bidez herrian izan duen garrantzia eta bere dimentsio historikoaren dibulgazio lana egin ere. 1986an Hondarribiko Udalak garaiko 30 milioi pezetaren truke erosi zuenetik, urte luzetan itxita edota debekatua egon da sarrera. Hainbat konponketa egin ondoren, 1986tik aurrera tantaka eta modu mugatu batean bada ere, bisita gidatuak antolatu izan dira bertara. 1998-2001 urteen artean, aldiz, gazteen aprendizgo eskola-tailerretarako erabil izan zuten.


Gaur egun, Arma Plaza Fundazioak kudeatzen du, eta aldez aurretik erreserbatutako bisitak antolatzen dituzte. Berez, itxita egonagatik ere, 2025ean 1.203 lagunek ezagutu ahal izan dute, taldeka zein bisita partikularrak eginez. Bisitari horietatik, gehienak taldeak izan baitira (815 pertsona), baina 203 bakarkako bisita egin dira ere. Hondarribiko herritarrei dagokienez, 54 besterik ez. Igor Enparan, Hondarribiko alkatearen ustez, «jakinmin handia sortzen duen ondarea da, aski ezezaguna delako edo sakonean gutxik ezagutzen dutelako».
Azken bi urteetan, aldiz, TEUSA enpresa egitura honen zaharberritze lanetan aritu da. Proiektuak 300.000 euroko dirulaguntza jaso du, Eusko Jaurlaritzaren bidez kudeatutako NextGeneration funtsetatik, Donejakue Bideari lotutako Interes Kulturaleko Ondasunak (BIC) berreskuratzeko laguntzen barruan. Hartara, bertan egindako jarduketak amaitutakoan, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburu Javier Hurtadok, Hondarribiko alkate Igor Enparan eta udaleko alderdi politikoetako ordezkariekin batera bisita egin dute gotorlekura.


Enparanek ondarearen berreskuratze eta mantentze lanetarako erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu du, eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak bere partetik, Turismo Sailetik ondarearen zaharberritze lanetarako Europako funtsei esker EAE mailan bideratu diren inbertsioen berri eman du. Javier Hurtado sailburuak azaldu duenez, Europako funtsen garrantzia azpimarratu du, «4.000 milioi euro baino gehiago inbertitu dira Euskadin, horietatik 1.000 baino gehiago Gipuzkoan». Eta turismoaren esparruan zehazki, 94 milioi bideratu dituzten bitartean, horietatik 5,5 milioi euro Interes Kulturaleko 14 ondasun birgaitzeko.
Dimentsio historikoa eta memoria
Hondarribiko Guadalupeko gotorlekuari dagokionez, Done Jakue Bidearen ondare multzoaren parte den heinean, egitura babestua dago. Baina kultura, ondarea eta turismo gune esanguratsua izateaz gain, oroitarazi behar da, joan den azaroko ohiko bilkuran Hondarribiko udalbatzak aho batez onartu zuela Memoria Demokratikorako Estatu Idazkaritzari Guadalupeko gotorlekua oroimen leku katalogatzeko eskaria egitea. Enklabe honek, balio arkitektoniko eta militar-defentsiboaz gain, dimentsio historiko sakona duelako.
Izan ere, 1934ko Asturiaseko Urriko Iraultzaren ondoren Gipuzkoan (Arrasate eta inguruetan matxinatutakoak) atxilotutako mila bat lagunetatik 600 bertan espetxeratuak izan ziren. Era berean, 1936ko kolpe militar faxistaren aurkako erresistentzia-eszenatoki garrantzitsua izan zen urte hartako uztaila eta iraila artean, baita estatu-kolpeari lotutako hainbat heriotzaren lekuko ere. Errepublikaren eskuetan izan zen gotorlekua, eta Irun kolpisten esku erori artean protagonismo handia izan zuen, bai errekete eta legionarioen kontra, bai Almirante Cervera eta España gerraontzien kontra ere.


Adituek ondo zerrendatuak dituzte bertan miliziano errepublikanoek atxiloturik mantendu zituzten altxamenduaren aldeko 250 pertsonen izenak. Eta erreketeak Irun hartzekotan zeudela, hauek fusilatutako bost milizianoen ekintzari erantzun gisa, errepublikanoek zenbait eskuindar pertsonaia ezagun fusilatu zituzten bertan, adibidez, I.Errepublikako Gorteetako diputatu Joaquin Beunza, Maura edota Llobregateko kondea, besteak beste.
1940ko hamarkadan frankismo garaiko errekruta edo kintoen instrukzio zentro bezala erabili izan zen, 600 bat efektiboko batailoi batentzat lekua zuelarik. Ondoren, Donostiako Artilleria Komandatziaren praktikarako eskola gisa ere erabili izan zuten urte luzetan, 1960. urtean artilleria piezak erretiratu zituzten arte. Eta 1950-1969 urtealdian ofizialen presondegi gisa ere erabili izan zen. Urte hartatik aurrera ez zen gehiago komandantzia militar izango, eta Irungo Landetxako kuarteleko dozena bat soldaduz osatutako kustodia-tropa txiki bat besterik ez zen mantendu bertan.