Egunero galtzen ari zen milioi bat litro ur-ihesa gelditu, eta hemendik aurrera energia ere sortuko du Errandoneako ur-biltegiak

Antxeta Irratia 2025eko abenduaren 15a

Txingudiko Mankomunitateak Errandoneako ur-biltegi zaharra eraitsi eta 4.500 metro koadroko berria eraikitzeko lanak amaitu ditu. 2 milioi euroko inbertsioari esker, egitura zaharraren pitzaduretatik orduero galtzen ziren 40.000 litroak aurreztu, eta udako ur-kontsumo handienetan ere, Hondarribia osoa hornitu ahalko du. Bestalde, instalatutako mikroturbina sistema bati esker, uraren mugimenduak sortutako energia zinetikoarekin, 400 familien urte osoko argindar kontsumoa bezainbeste sortuko dute.

 

Irungo Elordiko araztegitik datorren ura Errandoneako ur-biltegietatik bideratzen da Hondarribiko iturrietara. 2000. urteetan eraikitako ur-biltegiaz gain, kantinaren atzealdean zegoen 60. hamarkadan eraikitako ur-biltegi zaharrak arazo estruktural larriak zituen. Eta Txingudiko Mankomunitateak hau eraitsi, eta berri bat eraikitzeko lanetan aritu da azken bi urteetan. Zehazki, 4.500 metro kubikoko gaitasuna duen ur-biltegi batez ari gara. Eta agintarien helburua, «azpiegitura estrategiko honen funtzionamendua hobetu eta hondarribiarren ur kontsumo beharrak kalitatezko urarekin asetzea» izan dela azpimarratu du Hondarribiko alkate Igor Enparanek. 

Hondarribiko ur kontsumoak gorabehera handiak ditu urteko sasoiaren arabera. Txinzerreko kudeatzaile Leire Zubiturrek argitu duenez, «urteko kontsumo unerik txikiena eta handienaren artean, 2,6 milioi litroko aldea dago». Pentsa daitekeen bezala, turismoari lotutako kontsumo gorakada nabarmenak eman ohi dira udan, eta neguarekin alderatuta, Errandoneako ur-biltegiaren laurden bat gehiago hustutzen da. «Egindako lan hauei esker, hondarribiarren kontsumoa bermatu ahal izango dugu, eta ur demandari erantzun», aditzera eman du Igor Enparanek.

Ingurumenaren aldetik, alde handiak ekarriko ditu aldi berean. Batetik, depositu zaharrak egitura arazo larriak zituelako eta pitzadura anitz. Horren ondorioz, orduro 40.000 litro, eta beraz, milioi bat litro ur egunean galtzen ari ziren ur-ihesetan. Leire Zubitur, Txinzerreko kudeatzaileak azaldu duenez, «1.000 metro kubiko horiek aurreztearekin bakarrik, Hondarribiko biztanleen ur-kontsumoaren %40a bermatuko dugu, izan ere, 120 litrokoa da egunean hondarribiar bakoitzaren batez besteko kontsumoa».

Energia zinetikoa, berdea, bide batez

Baina obra honekin de facto lortuko duten hobekuntza honetaz gain, energia berriztagarrien aldeko apustu garbia egin du Txinzerrek. Batetik, Errandoneako depositu berriaren teilatuan eguzki-panelak instalatu dituztelako, azpiegitura honen argi-kontsumora bideratuko dutena. Eta bestetik, mikroturbina bana ezarri dutelako depositu zaharrean eta berri honetan. Zubiturrek argitu duenez, «Irungo Elorditik Errandoneara dagoen altuera-kotaren ur-jauziak sortzen duen indarra aprobetxatzen dugu horrela argindarra sortzeko».

Gogoan hartu behar da, Irun-Hondarribiko ur kontsumoa Endara eta Domiko urtegietatik hornitzen dela nagusiki, azaleko beste ur-iturri natural batzuekin batera. Endararen kasuan (urtean 6.778.866 metro kubiko ur kontsumitzen dugu bertatik), eta hau 244 metroko altuera kotan aurkitzen da. Ura guztia Irungo edateko uren araztegitik pasa (123 metroko altuera kotan dago) eta tratatua izan ondotik, eskualdeko ur-edangarri depositu ezberdinetara bideratu beharra dago. Ibilbide honetan altuera kota ezberdinak daude eta, ibilbidea beherantza denez, ur-fluxuak berak sortzen duen energia zinetikoa baliatzen dute argindarra sortzeko. Eta Hondarribiko ur kontsumoaren kasuan, 46 metroko altuera kotan dagoen Errandoneako ur-biltegia estrategikoa da energetikoki ere.

Mikroturbina horietariko bakoitzak 9,94 kW orduko energia sortzeko gaitasuna du (orotara ia 20 kW). Energia hori aski izango da azpiegitura honek urtean beharrezkoa duen 92.909kW orduko kontsumoa estaltzeko». Gainerakoa, 1.277.176 kW orduko argindar sarera jaulkiko dute. Eta hau 400 familiek etxean urte oso batean egiten duten argindar kontsumoa bezainbeste da.

Mankomunitatea urratsak egiten ari da zentzu honetan, eredu energetiko autonomoago eta jasangarriago baten alde teknologia berdean inbertsio ekonomiko garrantzitsuak eginez. Errandoneako proiektuaren kasuan bi milioi eurotik gora bideratuko dute, baina «epe luzera begira errentagarria aterako da». 

Alde horretatik, nabarmena izanagatik ere, ekimen hau bide honetan azken urteetan egindako inbertsioetako bat besterik ez da. Izan ere, Txinzerrek bidasotarren hondakinak, ur zikinak eta edateko kalitatezko urak bermatzeaz gain, horren kudeaketarako beharrezkoa duen energiari dagokionez, funtsezkoa du energia propioa ekoiztea. 2024 urtean 4.410 MW orduko energia berriztagarri sortu zituen propio dituen instalazioei esker, eta horietatik 1.260 MW orduko autokontsumorako bideratu zituzten. Gainerakoa, 3.146 MW orduko argindar sare orokorrera esportatu zuten.