Gabonak alaitasun egunak direla aspertu arte esan digu sistemak. Eta kontsumo gizarte kapitalista honek ondo errotua duen ideia horretan oinarrituta, oparietan bezala, elikaduran ere gehiegikeriak egin ohi ditugu gabonetan sarritan. Errealitate honen atzean dagoena, eta halakoak saihesteko gomendioen bila jo dugu Hondarribiko Elika Eskolako adituengana. Eli Gallego Moreiro nutrizionistak azaldu digunez, gabonak luze egin daitezke mahai baten bueltan hainbat otordu ditugulako. Baina okitu arte jateko arriskuari aurre egiteko estrategiak daude.
Bere ustez, urte osoan zehar bezala, gabonetako arrisku nagusia ez da aurrean dugun eskaintza zabala, norberak elikadurarekin duen harremana osasuntsua ote den ala ez baizik egiten baitu aldea. «Arriskutsua da baldin eta urte osoan zehar mugatzen ari zaren, edo momentu horren zain baldin bazaude», dio nutrizionistak, «horrek atrakoia ekartzen ditu, eta egia izaten da konpentsatu nahian baldin bazaude, nahigabe ari zarela zure burua prestatzen egun horietan desfasatzeko».
Alde horretatik, polboroiak edo ezohiko jaki goxoak egun batez jatea ez da kaltegarria bere ustetan. «Elikadura nutritibo baten barruan polboroiek eragin berdina izango dute abenduan edo uztailean, arazoa dosia izaten da, dosian dago pozoia», ohartarazten du. Hortaz, gabonetan naturaltasunez elikatzeko, eta denetarako egunak daudela modu kontziente batean barneratzea garrantzitsua dela pentsatzen du. Eli Gallegok dioenez, «gabonetako otorduak festa bat izan daitezke, baina zigor bat ere bilaka daiteke askorentzat, bereziki elikadurarekin harreman osasuntsu bat ez duenarentzat, gehienak garela».
Urte berriko dietak
Bestalde, urtero, urtarriletik aurrera bizimodu osasuntsuago bat egiteko erronka markatzen dute askok. Bereziki gabonetako gehiegikeria horiek sortutako errudun sentimendua garbitu nahian. «Ondo dago eta beti da proposamen edo ideia ona gure burua zaintzea, baina errealismo batekin egin behar da, pentsatu behar dugu nolakoa den gure bizitza eta egingarria den», dio Gallegok. Ohitura aldaketa batean oinarritutako elikadura osasuntsu baten alde egiten du berak, ohiko dietaren kontzeptuak ez dakarrelako ezer onik.
Zentzu horretan, «dieta madarikatua» egin nahi duen orori honako gomendioa ematen dio: «Egin dezatela hala nahi badute, baina sekula ez arrazoi estetikoengatik». Hau da, «zertarako galdetu behar diogu gure buruari, helburu estetikoa baldin bada ez du iraungo, eta normalean porrot egingo du, osasuntsuago egoteko baldin bada, arinago egoteko, eskailerak ito gabe igotzeko edo hobeto sentitzeko bai».
Argitzen duenez, aspaldi jakina da IMC gorputz masa-indizeak eta pisuak ez duela determinatzen gure osasuna. Eta beraz, kapitalismoaren aginduarekin apurtzeko beharra dagoela dio, eta elikadura nahasmenduetan ez erortzeko argi eduki beharra dago bere ustez, «ez dela inorren gorputzari buruz iritzirik eman behar». «Ez gara ohartzen dietaren kulturak noraino baldintzatzen eta kaltetzen gaituen, gabonetan opariekin eta elikadurarekin ere», salatzen du, «eta egia da, gabonetako otorduak mahai baten bueltan eskaparate bat direla familia askorentzat».