Hondarribiko Udalak urte luzetan azpikontratatutako Montai enpresako langile ohi bati, udal langile izateko eskubidea aitortu dio justiziak. Behargin ohiak aurkeztutako lan-epaiketaren prozesuan, M.J.A. langileak aurkeztutako idatzian arrazoitutako argudioetan aditzera eman zuen, Gipuzkoako EAJko kide Aitor Elorzaren hainbat enpresatan alta emanda lan egin izan zuela urte luzetan, baina «funtsean ez zela ezer aldatu bere lanpostuen funtzioetan», eta epaileak aitortutzat eman du, horren arabera hau «kontabilitate trikimailu bat besterik ez zela, legeari iskin egiteko helburuarekin, enpresa bati zuzenean eta lehiaketarik gabe esleipenak egiteko legezko mugak saihesteko».
Fakturazio irregularrak
Kontratazio muga hori 15.000 eurokoa da urteko (BEZa barne), eta justiziak agerian utzi duenez, Elorzaren enpresa-taldeko Montai Produkzioak, Estali La Karpa, Kultur Kirol Zerbitzuak eta Denok Zuzeneko Komunikazioa enpresek dirutza fakturatu zioten Hondarribiko Udalari urte luzeetan, bertako kultur eta kirol ekitaldietako antolakuntzaren monopolioa eskuratuz. 2010 eta 2020 urteen artean, gutxienez 2,5 milioi euroko fakturatu baitzituzten bide honetatik.
Bistan denez, zerbitzuen kontratuak 15.000 euroko muga gainditzen zutenean, zerbitzua eskaintzen jarraitu ahal izateko beste enpresa baten CIFa aktibatzen zuten hau fakturatzeko, langileak bere horretan mantentzen baziren ere. 2025eko urtarrilean izandako lan-epaiketaren bistan Elorzak berak epailearen aurrean egindako deklarazioan aitortu zuen egin molde hau, enpresa eta udalaren ardura azpimarratuz. «Fakturazio-mugara iritsitakoan eskatzen zitzaigun beste enpresa batek fakturatu zezala» adierazi zion epaileari. Eta onartu zuen taldeko enpresa baten kasuan, Estali La Karpa, langilea behin-behinean izena emateko baino ez zuela beste inongo egiturarik.
Langilearen eskubideak eztabaidan
Aipatutako langile ohiaren kasuan, M.J.A. izenekoa, garaiko Kultura arloko zinegotziaren senidea izanik, Itsas Etxea eta Kultur Etxeko kudeaketari lotutako langilea zen. Hain justu, prozedura judizial honetan argia ekartzeko, Hondarribiko EAJko Juan Luis "Kalixa" Silanes bera funtsezkoa izan da. Kultura zinegotzi ohiak, orain oposizioan, udal agiriak aurkeztu baititu langilearen udal langile bilakatzeko eskaera babestuz, udalarentzat lanean egindako ibilbidea baieztatzen dituzten agiri hauek, aldiz, kontratazioetan emandako irregulartasunak berresten dituzte aldi berean.
Horren harira, prozedura judizialak aklarazio-auto bat behartu zuen, eta M.J.A. beharginak udal langile taldearen parte izateko eskubidea zuela interpretatu zuen epaileak «azpikontratatutako zerbitzuak modu jarraituan eskaintzen eramateagatik». Hala ere, 2023ko udal hauteskundeen ondoren Abotsanitz udal gobernuan sartu zenean, Igor Enparan alkatea buru duen taldeak Donostiako epaitegiak lehen instantzian onartutako ebazpenari errekurtsoa aurkeztu zion, Montai enpresako langile ohia ezin zela de facto udal langile gisa kontuan hartu defendatuz.
Zentzu honetan, gogoratu beharra dago, Abotsanitzek oposizioan emandako bi agintaldietan hainbatetan salatu izan dituela irregulartasunak Hondarribiko Udalaren kontratazio publikoetan. 2022an Igor Enparanek berak argitu zuen ekitaldien montaketa lanetatik haratago zihoala kontratazio molde hau, eta «sistematikoki lan egiteko modu bat» zela salatu zuen. Urte hartan Lehiaren Euskal Agentziak egindako txostenak adierazi zuen, kontratazio txikien onuradun nagusia Montai taldeko enpresak izan direla Hondarribiko Udalean. Txostenak 2018 eta 2020 urteen artekoa aztertzen zuen, eta epe hartan 293 kontratu txiki identifikatu zituen 250.000 euro inguruko balioagatik, eta gehiengo bat Montai taldeko enpresei lotutakoak, Kultur Kirol Zerbitzuak (105 kontratu) eta Montai Produkzioak (81). Gainerakoak Events Onddar2 (42) eta beste 32 kontratu Montajes Mendibil enpresaren izenean izan ziren.
Hala eta guztiz ere, argitu beharra dago 2021ean fiskaltzak Montai enpresa taldearekin udalak dekretuz luzatutako kontratuak irregularrak direla iritzi bazuen ere, ez zuen delitu zantzu aski ikusi. Gerora jakin izan dira EAJren agindupean ziren beste erakunde publiko batzuetan ere, Montai enpresarekin kontratazioak egiteko antzeko jokabidea izan dutela agintari jeltzaleek. Beasaingo Udalean, adibidez, lehiaketa publikoan zeroko puntuazioa lortu ondoren, 483.443,49 euroko kontratu bat esleitu zion 2025 honetan bertan Beasaingo Udalak Montai enpresari ekitaldietarako karpak, aulkiak, mahaiak eta eszenatokien montaketarako.
Auzitegi Gorenaren ebazpena
Orain, hain justu, Euskadiko Auzitegi Gorenaren errekurtsoari ebazpena gobernuan den Abotsanitz taldeari zuzentzen zaio, eta Donostiako epaitegiak lehen instantzian onartutakoa ez dute goreneko hiru epaileek aldatu. Pablo Sesma de Luis, Ana Isabel Molina Castiella eta Juan Carlos Benito-Butrón Ochoa magistratuek ebazpenean egiaztatutzat eman dute «salatzaileak kontatzen dituen gertakariak udal teknikarien zuzendaritza, antolaketa eta planifikazioaren agindupean eman zirela».
Langile honek Itsas Etxeko auditoriumean eta Kultur Etxean betetzen zituen funtzioak zerrendatzen ditu ebazpenak: salatzailea udalak kontratatutako ekitaldi kulturalen aurreko antolaketa eta publizitatean parte hartzen zuela diote, baita sarrerak saltzeko kontrola eta kudeaketa eraman ere. Eta publikoari arreta emateaz gain, instalazioko sarbideak kontrolatzen zituela, itxiera eta sarrerarekin lotutako ardurarekin. «Ondorioz, udalak baliabide materialak eskaintzen zituen eta salatzailearen jarduera zuzentzen zuen, inongo enpresak ez zuen esku hartzerik edo ekarpenik egiten. Kasua, argi eta garbi, lan lagapen ilegal gisa sailkagarria dela», adierazi dute.