Hondarribiko Udalak Emeki emakume elkartearekin batera, martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunarekin batera antolatuko dute asteko programazioa iragarriko duen kartel lehiaketa antolatu du.
Lehiaketa honetan 18 urtetik gorako edozein pertsonak parte har dezake, banaka edo taldean, epaimahaikoek eta Hondarribiko Udaleko langileek izan ezik.
Kartelaren baldintza nagusiak
Egile bakoitzak lan bakarra aurkez dezake, eta jatorrizkoa eta argitaratu gabea izan beharko da. Kartelak "2026ko Martxoaren 8a Emakumeen Nazioarteko Eguna" leloa adierazi beharko du modu argian ikusteko moduan, eta udalak argitu duenez, teknika librea izango bada ere, argazkia, margoa, marrazkia, collage, eta abar, kartela bertikala izango da eta bere luze zabalera 47 x 32 zentimetrotakoa. Neurri hauek betetzen ez dituzten lanak ez baitira onartuak izango. Era berean, adimen artifiziala erabiliaz egindako lanak ez dituzte onartuko.
Iaz Yoana Mintegui irundarra izan zen irabazlea.
Kartel irabazlearen egileak 450€ko saria eskuratuko du, eta Emeki elkarteak eta Hondarribiko Udalak antolatuko duten Martxoak 8aren bueltako programazioa iragartzeko erabiliko dute herriko leku publikoetan eta sareetan.
Antolatzaileek zehaztu dutenez, lanak BAZ bulegoan entregatu daitezke urtarrilaren 12tik 30era bitartean, baita posta elektronikoz ere (TIFF, PNG, JPG edo PDF formatuan bidaliko dira, kalitate handian) hondarribiaberdintasuna@gmail.com helbidean.
Aurrez aurre aurkezteko, gutunazalean "2025eko Martxoaren 8a - Emakumeen Nazioarteko Eguna" adierazi beharko da. Eta lanak egilearen sinadurarik gabe aurkeztu beharko dira, atzealdean lema bat idatzita daramatelarik. Honekin batera, gutun-azal itxi bat egongo da eta honen kanpoaldean, aurkeztutako lanaren lema bera idatzi behar da. Gutun-azalaren barruan egilearen izen-abizenak, helbidea, N.A.N fotokopia, mezu elektronikoa eta telefonoa idatziko dira, berekin harremanetan jarri ahal izateko.
Modu berean, emailez bidaltzen diren artxiboek postaren gai gisa eramango dute lanerako aukeratutako leloa, eta lelo bera duen karpeta bat erantsi beharko da. Bertan, egilearen izen-abizenak, telefono-zenbakia, helbide elektronikoa eta NANaren fotokopia sartuko dira.