Joan den udaberrian Polborinak ateak zabaldu zituenean zinemagintzari lotutako dinamika azkartzeko helburua azpimarratu zuen Ortzi Alonso Kultura zinegotziak. Maiatzean bertan, Zinegoak zikloaren proiekzioak jaso zituen. Haatik, 30 lagunentzako lekua besterik ez duen kulturgunea, zinema proposamen alternatiboentzako egokia bada, herriko zinemazale talde batek eratutako Papillon Zine Klubak onartu du eskaintza hori edukiz betetzeko erronka.
Udan proiekzio egun egokienak finkatzeko bozketa prozesu bat egin zuten. Eta estreinekoan, Amelie, La chica del puente, Güeros eta Mystery Train filmak programatu zituzten.
Eta dagoeneko martxa hartua duten honetan, 2026 urtea abiatzeko famili-eredu alternatiboez hausnartzeko Ondo ikusita, nire familia ez dago hain gaizki izeneko ziklo berria aurkeztu dute. Mikel Sagarzazu, zine klubeko kideak argitzen duenez, «zinemaz harago joan eta gogoetarako espazio bat» sortu nahi dute zinema klubaren baitan. Horretarako, filma bakoitzaren proiekzioaren aurretik aurkeztu egiten dute, eta ondoren gaiak eztabaidarako aukera ematen badu komentatzen dute. «Polborina behar bada ez da lekurik egokiena zinemarako, baina txikia da, kripta modukoa, eta jende gutxi elkartzen garenez giro goxo eta hurbilean aritzeko aukera ematen du», dio Papillon Zine Klubeko partaideak.
Familia harremanetaz gogoeta
Oraingo honetan, familia-eredu ezberdinen inguruko hausnarketa sustatzeko lau pelikula proposatuko dituzte urtarrila eta otsailean. «Ohikoak ez diren, hauskorrak edo disfuntzionalak diren familien istorioak biltzen dituzten filmak hautatu ditugu, familia irudi tradizional eta idealizatuetatik urrunduz», argitu du. Aitortu duenez, gabonetan familian denbora gehiago pasa dugun garai hau pasa eta gero, «familia harremanei buruz hausnartu eta pixkat xirikatu» nahi izan dute. Horrela, egungo familia errealitateei buruzko ikuspegi anitza irudikatu, eta ondoren eztabaidatzeko lau proiekzio programatu dituzte Polborinean.
Aurrenekoa urtarrilaren 11n (18:30) izango da, eta gonbidapenak hemen eskura daitezke. "Tokyo Godfathers" filma proposatuko dute jatorrizko bertsioan, japonieraz, baina gaztelaniazko azpitituluekin. 2003an ekoitzitako filma honetan, etxerik gabeko hiru pertsonak osatutako ustekabeko familia hautatu batek abandonatutako haur bat aurkitzen du Tokioko kaleetan. Eta afektu, elkartasun eta zaintza loturak aztertzen ditu. Antolatzaileek aurreratu dutenez, anime marrazkietako filma da honakoa, eta hitzordu honetarako Judas Arrieta artista hondarribiarra gonbidatu dute hasierako aurkezpenera, zale eta aditua baita.
Urtarrilaren 25ean, "Soshite chichi ni naru (Like Father, Like Son)" filmaren txanda izango da. Hau ere japoniarra da, baina euskarazko azpitituluekin emango dute. Kasu honetan, eztabaida etikoaren erdigunean dagoen familia baten istorioa kontatzen du.
Otsailaren 8an, 1998ko "Celebration (Festen)" Thomas Vinterberg zuzendari danimarkarraren filmak, sekretuek eta traumek zeharkatutako familia baten istorioa ekarriko digu. Eta azkenik, otsailaren 22an itxiko dute zikloa, familia disfuntzionalen irudiko, 2006 urtean arrakasta bildu zuen "Little Miss Sunshine" filma ezagunarekin. Ingelesez proiektatuko dute euskarazko azpitituluekin ere.