Iparraldeko laborarien mobilizazioek ez dute etenik. Gau honetan traktoreekin hartu dute berriro A63 autobidea Baionan, 5. eta 6. irteeren artean, hainbat kamioi blokeatuz eta autolerroak sortuz. Hego Euskal Herrian, aldiz, Gipuzkoan dermatosi nodularrari aurre egiteko 44.000 behi txertatzeko kanpaina urtarrilaren 7an hasi dute. Eta otsailaren 26a arte, animaliekin egiten diren azoka eta ekitaldiak debekatu ditu Eusko Jaurlaritzak Euskadin, kutsatzeak minimizatzeko asmoz.
Anartean, ENBAk, EHNEk eta Nafarroako Abeltzain Elkarteak mobilizatzera deitu dute urtarrilaren 15ean, Irungo Behobian (Zaisan). Txertaketa kanpaina Hego Euskal Herri osora orokortu dezatela, dirulaguntza eta kalte ordainak ez ezik, kontrol zorrotzagoak egiteko eskatzen dute, baita aldi baterako Frantziako abereen sartzea debekatzea ere. Manifestaziora deitzeko bigarren arrazoi nagusia Europar Batasunak eta Mercosurrek sinatuko duten ituna da.
Abeltzainen aldarrikapenak
Abeltzainen iritzia jaso nahi izan dugu Antxeta Irratian, eta horretarako, Hondarribian 120 bat abelburu dauzkan Mugarrieta ganadutegiko Ion Areitiorekin hitz egin dugu. Gipuzkoan txertaketa kanpaina masiboa hasi bada ere, berak ez du oraindik deirik jaso, baina kezkatua dago ustiapen osoa jokoan duelako. Alde horretatik, gainerako abeltzainekin bat egiten du. Bera arduraz jokatzen ari da, baina agintariei ere berdin egiteko eskatzen die, «kontrol zorrotzagoak eta txertaketa Hego Euskal Herri osora orokortzeko beharra» ikusten baitu. «Nik ere hala pentsatzen dut, Gipuzkoan bakarrik txertatuz gero beste lurraldeak airean geratzen dira, eta txertaketa orokortzeak lasaitasuna ekarriko luke», dio Areitiok.

Abeltzainek garai zailak bizi dituztela aitortzen du. Eritasun honen ondorioz, «hezurretarainoko beldurra sartzen zaigu hutsaldi sanitario hori ikusita, urduri gaude, ezjakintasun handia dago eta adi ibili beharra dugu egunero», kexu da Mugarrieta ganadutegiko nagusiak, bere aldetik «behintzat hanka sartzerik egiten ez dugula bermatzen saiatzen gara, baina beti erne».
Dena jokoan dagoenean
Bestalde, dirulaguntzak garrantzitsuak direla uste du Areitiok, baina ustiapen motaren arabera, behi bat kutsatuz gero denak akabatu behar izatearen arazoa ez da diruz konpontzen bere ustetan. Hondarribiko Mugarrieta familia ganadutegia da, adibidez, 1948. urtetik ari dira lanean bertan eta familia bereko lau belaunaldien lanaren emaitza da gaur egun ekoizten duten Euskolabel sor-marka duen haragia.
2016 arte kanpotik ere ekarritako behiekin lan egiten zuten, baina gaur egun etxean jaiotako txahalak gizentzen dituzte bereziki, eta behi zaharrekin eta idiekin lan egiten dute. Beraz, behi talde osoa akatu behar izanez gero, nekez neurtu daiteke eragindako galera. «Esplotazio guztia akatzera behartzen bagaituzte... ni laugarren belaunaldia naiz, eta genetika aldetik egindako lan guztia galdu egingo litzateke, eta hori da abeltzain guztiek dugun beldurrik handiena, dirulaguntzek ez lukete lan hori balioan jarriko», azpimarratzen du Ion Areitiok.
Mugarrieta ganadutegiaren kasuan, haragi ekoizpenetik harago doa ustiakuntza. Mantala proiektuan murgildu zenetik, jatetxeekin harreman zuzena du ganadutegiak, eta bere abreak «zirkulu oso baten parte» direla pentsatzen du Areitiok. Izan ere, udaberritik urrira bitartean Jaizkibelgo larretan izan ohi ditu behiak bazkan, eta ximaurrak larreetan erabiltzen dituzte ongarri moduan, aldi berean, larreetako belarrek behien elikaduraren parte izanik. «Ahalik eta elikagai gehien bertatik bertara sortzea da gure helburua», dio.