Abotsanitzek osasun zerbitzuak hondatzen uztea onartezina dela salatu du

Antxeta Irratia 2026ko urtarrilaren 21a

Egungo egoera Osakidetzaren zein Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren «erabaki politiko okerren eta  kudeaketa eskas baten emaitza» direlakoan dago Abotsanitz. Osasun Bidasoa plataformaren salaketarekin bat egin du, maiatzeko manifestazioen ondotik agintariek egindako promesak ez direlako bete. «Engainatu egin gaituzte eta kudeaketa txar baten ondorioak ordaintzen ari gara», diote.

Osasun Bidasoa plataformak Osakidetzak egindako promesak ez betetze sistematikoari buruz egindako salaketa berea egin du Abotsanitzek. Joan den apirilean Bidasoko ospitaleko Larrialdi Pediatrikoen itxieraren ondoren, atentzio pediatrikoa hobetu, itxaron-zerrendak laburtu eta azpiegituretan inbertsioak egingo zituela gogoratzen du Abotsanitzek, baina egungo «errealitatea onartezina» dela salatu du. Izan ere, «osasun-arreta hondatzen doa» haien ustetan, eta egoera honek erantzun sozial indartsu bat ekarri zuela gogoratzen dute, maiatzean Irunen 12.000 lagun inguru bildu baitziren Osasun Bidasoa plataformak deitutako manifestazioan. 

Baina mobilizazio horri erantzunez, Osakidetzak publikoki hitzeman zituen hobekuntzak ez ditu aurrera eraman. Tamalez, dio Abotsanitzek «gaurko egunez, egoerak hobera egin baino, okerrera doa: pediatren gabezia, lehen arreta atentzio urria, haurren osasun mentalean gabezia nabarmenak, itxaron-zerrenda onartezinak eta iragarritako obren ez-betetzea». 

Abotsanitzetik oroitarazi dute, 2024ko urrian «jarrera aldaketa eta baikortasun printzak ikusten» hasi zirela. Osakidetzak konpromisoa batzuk hartu zituelako, edo «hala sinetsarazi nahi izan ziguten». Hondarribiko udal gobernuan den heinean, Abotsanitz erantzukizunetik eta lankidetza borondatez aurrera egin zutela diote, baina urte eta erdi beranduago pediatriako larrialdi zerbitzuak itxita jarraitzen dutela salatzen dute, eta haien haserrea adierazi besterik ezin dutela egin argitzen dute. «Engainatu egin gaituzte. Promesak ez dira bete eta Hondarribiko herritarrak, bai eta eskualdekoak ere, kudeaketa txar baten ondorioak ordaintzen ari gara», diote. 

Alde horretatik, profesionalen gabezia ezin dela aitzakia gisa erabiltzen jarraitu uste du Abotsanitzek. Gaur egun dugun egoera, erabaki politiko okerren eta Osakidetzaren zein Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren kudeaketa eskas baten emaitza direlakoan baitago. Hortaz, egoera salatzeaz harago, «benetako konponbideak, epe zehatzak eta benetan gauzatuko diren promesak eskatzen ditugu», azpimarratu du Abotsanitzek.