Zaldunborda Berri eta Higertoki sozietateek hasitako prozedura judizialaren defentsarako, eta interes publikoa babesteko, Hondarribiko Udalak zerga eta merkataritza-auditoretza indenpendiente baten azterketa enkargatu du. Joan den azaroaren jakitera eman zen, Zaldunbordako The Village Outlet mega-proiektuaren sustatzaile ziren Zaldunborda Berri eta Higertoki enpresek 13,7 milioi euroko kalte-ordainak eskatzeko demanda aurkeztu duela Irungo epaitegian. Eta Igor Enparan alkateak aditzera eman duenez, Zaldunborda proiektuaren testuinguruan bi sozietate hauek aurkeztutako erreklamazioaren aurrean, udalaren helburua da «irizpide tekniko eta dokumentalen bidez, demandan argudiatutako kontzeptu ekonomikoen errealitatea eta trazabilitatea egiaztatzea, bai eta udal-interesen defentsa judizialerako analisi sendoa izatea».
Oroitarazi behar da, garaiko alkatea Txomin Sagarzazu (EAJ) presidente zuen Hondarribia Lantzenek esleitu zizkiola 2016an Zaldunbordako lurrak Higertoki enpresari, EAJren aldeko botoekin baino ez. Eta 2017an HAPOan egindako akatsen ondorioz bideraezina bilakatu zela. Igor Enparanek berak demanda «larritzat» jo zuen honen berri jaso bezain pronto, «berriro ere modu bidegabean gure kontura milioiak eta milioiak irabazi nahi dituztelako».
Orain argitu duenez, auditoretza fakturazioaren kontrastean, kontabilitate eta banku eragiketen koherentzia aztertzean, eta lotutako balizko eragiketen eta interes-gatazkako edo autokontratazioko egoeren analisian oinarrituko da, betiere ikuspegi tekniko hutsetik. «Hain eragin garrantzitsua izan dezakeen gai batean, gure betebeharra da ahalik eta arreta handienarekin jardutea», argitu du alkateak. Hortaz, datuak egiaztatzea, trazabilitatea eskatzea eta ebidentzietan oinarritutako erabakiak hartu nahi dituzte. Eta horretarako, auditoretza hau beharrezko tresna dela uste dute udal agintariek, «diru publikoa babesteko eta herritarrei bermeak eskaintzeko».
Udalak gogorarazi du prozedura abian dela, eta babes judiziala eta alde guztien eskubideak errespetatzeko, ez dela ondoriorik aurreratuko azterketa teknikoa egin arte. Behin auditoretzaren txosten teknikoa izanda, Hondarribiko Udalak gardentasun osoz jokatuko duela hitzeman du alkateak, eta jasotako ondorioak herritarrei jakinaraziko zaizkiela.